Zuriñe Frutos eta Pello Moreno, Mendi Lasterketen Euskal Herriko Kopako podiumean

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2014ko urr. 24a, 11:24

Gorbeia Suzien Euskal Kopako azken proba Zeanurin izan zen zapatuan. Pellok junior kategoriako lasterketa irabazi eta kopako txapelduna izan da, eta Zuriñek hirugarren postua eskuratu du emakumezkoen sailkapen orokorrean.

Gorbeia Suzien Euskal Kopako azken proba Zeanurin izan zen zapatuan. Pellok junior kategoriako lasterketa irabazi eta kopako txapelduna izan da, eta Zuriñek hirugarren postua eskuratu du emakumezkoen sailkapen orokorrean.

Hilaren 18an Gorbeia Suzien lasterketa jokatu zen Zeanurin, Mendi Lasterketen Euskal Koparako azken proba puntuagarria. Herriko plazatik abiatu ziren 500 lasterkarien artean, tropeleko onenekin batera, Aiaraldeko bi kirolari abiatu ziren Mendi Lasterketen Euskal Herriko Kopako podiumerako aukerak zituztela: Zuriñe Frutos artziniegarra eta Pello Moreno laudioarra. Eta biek ere lortu zuten helburua.

Zuriñe pozik azaldu da, nahiz eta azken lasterketa honetan sentsazio txarrak izan dituen. Zeanurin zeukan asmoa zen “entrenamendu modura eta disfrutatzen” egitea, zapatuan zegoen maila ikusita, jakin bazekielako “podiumaren 3. koskak ez ziola ihes egingo”, baina hasieratik gaizki ibili zen. Hala ere, esan bezala, aurreko probetan pilatutako puntuei esker Artziniegakoak hirugarren postuari eutsi ahal izan zion Euskal Kopan lehiatu den lehen urtean, eta balantze positiboa egin du: “oso lasterketa ederrak izan dira, eta leku berriak ezagutzeko aukera izan dut”, adierazi du. Emakumezkoetan Sandra Sevillano izan da irabazle eta Alizia Olazabal bigarren.

Pello Moreno, bere aldetik, denboraldi luzea izan du, Aiaraldea.com-i adierazi dionez: “hamaika izan dira egindako probak: Espainiako txapelketa, National Skyrun Series, Euskal Kilometro bertikalen txapelketa… … baina guztietan garrantzi gehien Euskal kopari eman diot”. Laudioarrak erronka gogorra zeukan Zeanurin Kopako txapela eskuratzeko, baina, bere hitzetan “zortea alde” izan zuen eta lasterketa irabazita Euskal Kopa Aiaraldera ekarri ahal izan du. Pello oso erregularra izan da kopa osoan zehar, Urnietan eta Zeanurin irabazita eta Beasainen eta Olatzagutian bigarren sailkatuz, eta horrek eman dio saria, Ander Ibargurenen aurretik.

Gainerako sailkapenei dagokienez, gizonezkoen kategorian Aritz Egea urretxuarra izan da jaun eta jabe bere denboraldi onena izan den honetan. Beteranoen kategorian Alizia Olazabal eta Carlos García izan dira nagusi, eta promesetan  Joanes Goitisolo. Lasterketan, berriz, Ionut Zinca errumaniarra eta Maite Maiora munduko txapelduna izan ziren azkarrenak. Gure eskualdeko korrikalari batzuk ere aurrea ibili ziren: Okondoko Felipe Larrazabal eta Arrankudiagako Mikel Idirin 30. eta 43. postuan sailkatu ziren, hurrenez hurren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide