Mendi taldeak: 50 urteko martxa aldapatsuaren eskualdeko kronika

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2014ko urr. 23a, 08:44

Ibilbide gorabeheratsua izan da Aiaraldeko mendizaletasunak bizi izan duena, aldapaz beteriko martxa. Duela mende erdi baino gehiago sortu ziren eskualdeko lehen mendi taldeak, eta azken hamarkadan bigarren loraldi bat egon da. 

Euskal Herriko mendizaletasun modernoa, alpinismo britainiarraren eraginez, XX.

Ibilbide gorabeheratsua izan da Aiaraldeko mendizaletasunak bizi izan duena, aldapaz beteriko martxa. Duela mende erdi baino gehiago sortu ziren eskualdeko lehen mendi taldeak, eta azken hamarkadan bigarren loraldi bat egon da. 

Euskal Herriko mendizaletasun modernoa, alpinismo britainiarraren eraginez, XX. mendearen lehen urteetan errotu zen bertoko hiri nagusietan. Orduan kirol-klubak sortu ziren eta, beste jarduera askoren artean, mendiarekin lotutako jarduerak egiten hasi ziren. Hain zuzen ere, Euskal Herrian egindako lehen eskalada, Aiaraldean egin zen, 1924an Ángel Sopeñak Tertangako Fraileburu igo zuenean.

Afizio horren ondorioz Euskal herriko federazioa sortu zen urte horretan bertan, 1924an, lurralde osoan abian jartzen ari ziren klubak batzeko asmoz. Ia 3.000 lagun elkartu ziren federazio horretan, sasoi horretarako oso jende-kopuru handia.

Baina gerra zibila etorri zen 1936an eta eten izugarria ekarri zuen gizartera eta, jakina, euskal mendizaletasunera. Gerraostea ere aro beltza izan zen, eta 60. hamarkadara arte itxaron behar izan zen euskal mendizaletasuna berpiztu zedin.

Hala, urte latz horiek atzean uzten hasi zirenean, eta mugimendu sozial eta politikoen biziberritzearekin batera, mendizaletasun “soziala” ere azaleratzen hasi zen, eta asko izan ziren Euskal Herrian antolatzen hasi ziren taldeak. Sasoi horretako loraldi horrek gure eskualdean ere isla izan zuen, non hiru talde sortu ziren 60. hamarkada aldera: Laudioko Goikogane 1959an, Amurrioko Mendiko Lagunak 1962an eta Urduñako Txarlazo Mendi Taldea 1964an. Esan bezala, elkarte horien sorrera ulertzeko orduko giro politiko eta soziala kontuan hartu beharra dago, izan ere, taldeok, eta gerra aurretik gertatu zen lez, lotura handia izan zuten mugimendu euskaltzalearekin eta abertzaletasunarekin, eta mendiak eskaintzen zuen nolabaiteko askatasuna baliatu zuten horrekin lotutako ekintzak egiteko. Goikoganeren lokalean, adibidez, Jon Gallastegi klubeko kideak adierazi duenez, “Laudioko euskal dantzen taldea sortu zen”, eta Amurrion, Mendiko Lagunak taldearen egoitzan jarri zen abian lehenengo ikastola.

Lehen urte horietan bai Mendiko Lagunakek bai Goikoganek gaur egun ere erabilgarri dauden aterpeak abian jarri zituzten; Goizale aterpea amurriarrek, Gorobelen; eta Austegiarminen Laudiokoek.

Hiru talde horiek kide asko dituzte (Goikoganek eta Mendiko 1000tik gora eta Txarlazok 450), haietako asko federatu-lizentziadunak. Garrantzi handiko elkarteak dira, hortaz, eskualdeko ehun sozialean.

Geroago sortutako beste elkarteak

Aiaraldeko herri nagusietan duela 50 bat urte eta testuinguru sozial eta politiko jakin batean sortu baziren bertako mendi-taldeak, beste herrietako elkarteen kasua ezberdina da, eta haien sorrera egoera normalago batean gertatu zen, 80. hamarkadatik aurrera.

Orozkoko Itxinape taldea, esaterako, 1988an sortu zen, mendira joateko zaletasuna zuen jendearen ekimenez, “batera joateko, lehen ez zegoelako bakoitza bere kontura mugitzeko gaur egun dagoen erraztasuna”, Mikel Olabarria Itxinapeko kidearen hitzetan. Aiarako Garobel Mendi Taldea ere urte horietan sortutakoa da.

XXI. mendea heltzearekin batera mendi-talderik ez zuten udalerrietan ere elkarteak sortu ziren; hala, Artziniegako Ganzorrotz Mendi Kirol Elkartea 2003. urtean sortu zuen 20 urte inguruko gazte talde batek, besteak beste eskalatzeko boulderra muntatzeko asmoz. Baina Andoni Ramírez presidentearen arabera 2010ean “inflexio- puntua” gertatu zen “taldetik kanpo aritzen ziren beste mendizale batzuk martxoaren lehen domekako mendi martxa antolatzeko elkartu zirenean”. Handik aurrera mendi taldeak bultzada izan zuen eta “asko handitu zen” taldea, orain dituen 130 bazkideetara heldu arte. Duela gutxi, gainera, udalak lokala laga die.

Hortaz, mende hasieran Okondo zen mendi-elkarterik ez zuen herri bakarra, harik eta Okondoko Ganekogorta Mendi Taldea sortu zen arte. Justino Arto presidenteak dioenez, bera Okondora bizitzera joan zenean, 2010ean, bilera bat egin zuten herriko mendizale batzuek udalak sustatuta, eta azkenean 2012an elkartea eratzea lortu zuten, “herrian mendiarekin zerikusia duten jarduera guztiak bultzatzeko”. Horretarako sekzioak dituzte eta haien asmoa da kirol-jarduera eta jarduera soziala eta kulturala bultzatzea Okondon. Gaur egun 40 bazkide dira.

Ohiko elkarte mendizale hauetaz aparte, duela bi urte Amurrio Trail Taldea ere sortu zen, mendi-lasterketen diziplinan aritzen diren kirolariak batzeko asmoz.

Nahi beste jarduera

Orokorrean, pentsatzekoa denez, Aiaraldeko mendi-taldeen jarduera nagusia asteburuetako mendi-txangoak dira. Talde batzuek (Artziniegakoak eta Okondokoak kasurako) hilean behin egiten dituzte irteerak, eta beste batzuek, bazkide gehien dituztenek, birritan edo hirutan. Irteera gehienak egun pasa egiteko izaten dira, eta horietan talde txiki edo ertainak batzen dira. Baina badira asteburuko txangoak ere (Pirinioetara, Europako Mendietara eta abar), baita luzeagoak ere, hala nola Mendiko Lagunak-ek antolatzen duen aste Santuko bidaia. Talde gehienek, gainera, mendi-materiala alokatzeko zerbitzua daukate.

Aipamen berezia behar dute taldeek antolatzen dituzten mendi-martxek. Euskal Herrian mota horretako ibilaldi asko daude, eta Aiaraldea ez da salbuespena; talde guztiek antolatzen dute urtean martxa bat. Batzuk duela urte asko egiten dira, Orozkokoa adibidez, baina gehienak azken hamarkadan abiatutako ekimenak dira. Berriena Okondokoa da. Izan ere, aurten 3. edizioa antolatzen ari dira azarorako. Antolakuntza aldetik lan handia ematen dute mendi-ibilaldi neurtuek, eta “kide eta laguntzaileen lanari esker ateratzen dira aurrera”, Mikel Olabarriaren esanetan. Orozkon, gainera, iazko urtera arte Euskal Kopako mendi-lasterketa antolatzen zuten. Aurten bertan behera geratu da, “parke naturalarekin izandako arazo batzuengatik”.

Osterantzean, leku handia izaten dute azkenaldian gorakada itzela bizi duten neguko mendi-jarduerek: Itxinapek edo Ganzorrotzek, adibidez, eskiatzera joateko irteerak egiten dituzte, eta Mendiko Lagunak taldeak mendi-eskiko eta alpinismoko ikastaroak antolatzen ditu. Artziniegakoak ere horrelako ikastaro bat egin nahian dabiltza aurtengo neguari begira.

Mendiko Lagunak taldeko presidentea den Iñaki Unzagak beste ekimen bat aipatu du: mendi-eskola. Amurrioko eskola-umeen artean mendizaletasuna sustatzeko jarri dute abian eta 6-7 irteera dituen egutegi bat atondu dute. Aiarako Garobel mendi-taldekoak ere umeen artean kirol-praktika hau sustatu nahian dabiltza Luiaondoko guraso eta umeen talde batekin.

Azkenik, mendiko kirolen praktikarekin zuzenean lotutako jarduerez gain, ezin dira aipatu barik utzi taldeek antolatzen dituzten hitzaldi eta jardunaldiak, edo jaietan eta bestelako data berezietan egiten dituzten ekitaldiak. Ikusten denez, Aiaraldeko mendi-taldeak osasuntsu daude eta zeregin nabarmena dute eskualdeko jarduera sozialetan.

Mendira joateko moduen aldaketa

Agerikoa da 50 urte luze hauetan aldatu egin direla mendira joateko eta mendiaz disfrutatzeko moduak, hainbat alderditan gainera, hasi elkartzen zen jende-kopuruan eta modalitateetan gertatu den jarduera-dibertsifikazioan amaitu, mugitzeko ohituretan egon den aldaketatik pasatuz.

Txarlazo mendi-taldeko Kepa Kormenzanak ondo gogoratzen du antzina ez zegoela “garraio askorik” eta gainera “astea larunbatean amaitzen zela” eta, ondorioz, igandeetan joaten zirela inguruko mendietara. Oporretan joaten ziren soilik urrunagoko mendietara. Gaur egun, berriz, “edozein asteburutan joan daiteke Pirinioetara”.

Mendi-taldeetako arduradunek nabarmentzen duten beste fenomeno bat da gaur egun, mendian gero eta jende gehiago dabilen arren, mugitzeko erraztasunak talde handiak egiteko traba dela. Okondoko Justino Arto eta Itxinapeko Mikel Olabarria bat datoz horretan. Olabarriaren esanetan, irteera berezietan izan ezik (Pirinioak, sagardotegia…) “normalean bi kotxetan” joan daitezke. “Hamar pertsona badatoz pozik. Jende gehiago joaten da mendira, baina bakoitza bere kontura mugitzeko joera dago”.

Kontuan hartu beharreko beste fenomeno garrantzitsu bat da mendian egiten diren jarduerak izugarri dibertsifikatu direla azken urteotan. Ohiko mendizaletasunaz gainera bada mendiko ziklismoa, badira neguko mendi-kirolak (mendiko eskia adibidez indar handia hartzen ari da azkenaldian), bada espeleologia, bada eslakada, badira mendiko lasterketak… aniztasun hori erronka bat da gure mendi-taldeentzat, eta aurre egin beharko diote. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide