BEÑAT SARATXAGA (Laudio, 1975) eta GENTZANE GOIKURIA (Portugalete, 1976) arkitektoek Egurtek saria jaso dute Orozkon egurrez egindako etxeari esker. Urte luzez arkitektura estudio handietan lan egin ostean, zeinetan Carlos Ferrater (hiru aldiz arkitektura sari nazionala) bezalako arkitekto ezagunekin lan egiteko aukera izan duten, Beñat Saratxagak eta Gentzane Goikuria orain lau urte inguru hasi ziren elkarlanean behark/sf 38 kooperazioak lan plataformaren bitartez.
Urriaren 3an, Egurtek zurezko arkitekturaren eta eraikuntzaren 5. nazioarteko foroan sarituak izan dira Gorbeialdeko baserria deituriko lanagatik. Epaimahaia tokiko zuraren erabilera originala baloratu du, era libre eta garaikidean, baina arkitektura tradizionalari lotuta, eta haren esanetan oso jasangarria den obra bat da, karbono aztarnak nabarmen murrizten dituena.
Duela gutxi Egurtek Saria irabazi duzue. Zer suposatzen du horrek zuentzat, profesional gisa?
Edozeinentzat sariek aitorpen polita suposatzen dute, zure lana eta helburuak ulertu egin direnaren seinale da, nahiz eta proiektatzerakoan inoiz ez dugun pentsatzen sarietan, baizik eta gure proiektuen erabiltzaileen behar eta nahiak era egokian asetzean.
Arkitektura mundutik kanpo mugitzen den jendearentzat ere sari bat lortu dugula jakiteak gure lana aintzat hartzeko estimulu bat suposa dezake.
Hau oso garrantzitsua da, izan ere, kezka handiz bizi dugu arkitektoen eta gizartearen artean nabaritzen dugun nolabaiteko haustura komunikatiboa, zeinagatik oso zaila egiten zaigu askotan jendeari gure planteamenduen onurak azaltzea, izan estetikoak, funtzionalak edota sozialak.
Izenak adierazten duen moduan, egurrari dago lotuta lehiaketa, zergatik egurra eta ez beste material mota batzuk?
Guretzako egurra oso material berezia da, alde batetik dituen ezaugarri estetiko eta materialengatik eta bestetik benetan eraikuntza material jasangarria delako.
Gainera tratamendu berriei esker, gaur egungo behar teknikoei oso ondo egokitzen da, eta aldi berean gure herri arkitekturan betidanik erabili denez, nolabait zubi moduan erabili dezakegu arkitektura tradizionala eta garaikidea lotzeko.
Ideia oso baliagarria izan zaigu zenbait proiektuetan gure bezeroak zura erabiltzearen onurei buruz konbentzitzeko. Izan ere hemen oso normala da baserri baten itxurako etxe bat nahi izatea baina baserriek dituzten berezitasun konstruktibo edo estrukturalak oso gutxitan aintzat hartzen dira, gehienetan zentzu gabeko imitazio estetiko kaxkarrak egiten direlarik.
Guzti hau esanda, gure lanean betidanik material ezberdinak erabiltzera ohituta gaude, (hormigoia, altzairua…). Proiektu eta testuinguru bakoitzak agintzen du hartu beharreko erabakietan, izan hauek formalak edo funtzionalak, eta materialak aukeratzeko momentuan berdin gertatzen da.
Orozkon dago kokatuta etxea, zer balio edo ideia aintzat hartu dituzue eta nola egokitu duzue proiektua?
Lehen esaten genuenaren harira testuinguruak garrantzi handia dauka gure arkitekturan eta kasu honetan guztiz baldintzatu du proiektua.
Aparteko kokaleku bat, klimatologia gogorra, eta oso berezia den programa bat, landa eremuko arautegi zorrotzari eta jabeen aldetik gure artean oso ohikoa den eskaera bati lotuta zetorren: Baserri bat nahi dugu.
Horiek izan ziren abeltzaintza ustiakuntza ekologiko bat gobernatzen duten albaitari bikote batentzako eta beren seme-alabentzako etxebizitza proiektatzeko hasierako baldintzak.
Etxea gainera termikoki erabat efizientea eta oso argitsua izan behar zen eta jabeek eraikuntza lanetan lagundu ahal izatea beharrezkoa zen, baita ere.
Proiektuak bertako eraikuntza tradizioari loturiko landa etxe bat ikuspegi garaikide batetik berrirudikatzeko balio du. Honen ondorioz egungo bizi moduei eta konfort beharrei moldaturik egon behar zen, eta kasu honetan gainera bere eraikuntzan eta ondorengo erabileran ahalik eta jasangarriena izatea bilatzen zen.
Azken hau eraginkortasun energetikoari lotuta dago noski, eta horretarako etxearen orientazioak aprobetxatzeaz gain, iparraldean fatxada itxia eta hegoaldean fatxada irekiagoa planteatuz, edota eguzki babeserako elementuak proiektatuz; energia geotermikoa erabiltzen da etxea berotu eta freskatzeko, lur azpiko energi jasotze sistema bati esker.
Zuen diseinuak inguruko paisaian txertatzen saiatu zarete, nola egin duzue hori eta zer ikerketa mota egin dituzue?
Kasu honetan kokalekua harrigarria da, Gorbeialdeko mendi hegal batean hegoaldera, Itxina mendilerro harritsuari begira.
Klima aldetik oso kokaleku zorrotza izan arren, eremuaren goiko partean kokatu genuen etxea, behean zeuden pinu izugarri batzuk bailarako bistak oztopatzen baitzituzten.
Tamalez etxea eraikitzen geundelarik ondoko lurren jabeek etxearen mendebaldeko partea babesten zuten pinu eder horiek bota egin zituzten.
Kanpoko itxura inguruko eraikinen antzekoa da bai bolumetrikoki zein erabili ditugun materialengatik, izan ere tokiko eraikuntza tradizioa errespetatzen duen eraikin bat proiektatzeko asmoz, inguruko baserri eta biltegi tipologiak aztertu genituen.
Hau oso nabarmena da azken emaitzan, mendi hegalaren aldapari moldatzen den bere estalki handiarekin, eraikina oso ondo txertatzen da paisaian.
Hainbat proiektu prestatu dituzue, antzeko irizpideak erabiltzen dituzue beti?
Proiektu bakoitzak bere ezaugarri berezi eta propioak ditu, sustatzailearen beharren araberakoak, kokatzen den testuinguruaren araberakoak…
Hala ere gure jarrera proiektu guztien aurrean beti antzekoa izaten da, txikia izan, zein handia izan, ahalik eta gehien lortzen saiatzen gara proiektu bakoitzetik, arkitekto moduan ditugun ardurak eta sustatzaileen behar eta nahiak modu egokienean elkartzen saiatuz. Nahiz eta gehienetan honek lan askoz handiagoa suposatu.
Aiaraldean zer proiektu garatu dituzue Gorbeialdekoaz gain?
Egun zenbait etxebizitza proiektuetan murgilduta gaude bereziki Orozko aldetik, baina garai latzak dira, bereziki ezegonkorrak eta askotan zaila izaten da proiektuak azken muturreraino eramatea.
Laudio aldean ere proiektu txiki bat egin dugu orain gutxi, laudioar gehienentzat guztiz ezezaguna izango dena, baina guretzako oso eredugarria izan dena hiri birgaitze prozesuetan espazio publikoa izan behar duen garrantziaz jarduteko eta horren inguruan ditugun ideiak era praktikoan egiaztatzeko.
Arraño auzoko ur biltegian kokatutako kirol pistak hobetzeko egindako lanak dira, Laudioko harana ia bere osotasunean hautemateko aukera ematen duen behatokian.
Kontsulta herrikoi baten bitartez auzokideek aukeratutako proiektua da, eta Arrañoko txoko hura birgaitzeko benetako aukera bezala planteatu genuen, eta ez soilik konponketa lan bat bezala, nahiz eta aurrekontua oso murritza izan.
Bi fasetan planteatu genuen lana eta egin diren joko egiturez eta pistez gain, behatoki batzuk ere proiektatu genituen. Tamalez proiektu txikia da eta oihartzun gutxi eman zaio udalaren partetik.
Ez dirudi Laudion lan egiteko era horri jarraipena emango zaionik epe motzean. Hala ere, oinarri berdinekin baina eskala handiagoan lan egiten ari gara, Sopelan, herri erdigunea hobetuz, pertsonei bideraturiko hiri espazioak diseinatuz eta hiri partaidetza prozesuak sustatuz, Sopela pertsonen gunea bilakatzeko asmotan.
Gure iritziz espazio publikoan egiten diren ekimenak, interbentzio estrategikoak bezala ikusi behar dira, nahiz eta aurrekontu handiei loturik ez egon, etorkizunerako aldaketen haziak landa ditzaketelako.
Espazioen kudeaketan eta gozamenean erabiltzaileak inplikatzeko eta emozioak transmititzeko gaitasuna duten proiektu txikiek, gure hiri paisaia aberastu eta haien birgaitze aukerak ahalbidetzen dituzte.
Kostu baxuko ekimen estrategia hau oso egokia da egungo krisi egoeran, eta esperimentazioa sustatzen du, soluzioak planteatu eta errealitatearekin aurrez aurre jartzeko aukera emanez, horretarako aurrekontu handiak arriskatu gabe. Uste dugu hau Sopelan oso ondo ulertu dela.
Zein uste duzu dela zuen ezaugarri garrantzitsua arkitekto talde gisa?
Lehen esandakoekin galdera hau erantzun dugu nolabait. Baina zerbait gehiago esatekotan aipatuko genuke alde batetik behaketatik sortzen den arkitektura bat egiten dugula, beharretan oinarritzen dena, eta behar dena soilik planteatzen saiatzen dena, hortik dator behark izena.Arkitektura isil bat planteatzen dugu, ez harroa baizik eta umila, hortik h hizkiak gure logoan duen garrantzia.