"Azken 8 urte hauetan hainbat eliza, baserri, baseliza, dorretxe, kobazulo... ireki ditugu"

Erredakzioa 2014ko urr. 15a, 10:18

JUANJO HIDALGO (Laudio, 1961) arkeologoa Aunia elkarteko kidea da eta urrian hainbat hitzaldia eman ditu. Orozkon Europar Ondarearen Jardunaldietan egon da eta igandean azkenengo ibilbibidea egingo du. Bestalde, gaur Amurrion San Antonen inguruko mintzaldia eskainiko du.

Europar ondarearen inguruko jardunaldietan parte hartu duzue berriro, nola hasi zineten proiektu horretan?

JUANJO HIDALGO (Laudio, 1961) arkeologoa Aunia elkarteko kidea da eta urrian hainbat hitzaldia eman ditu. Orozkon Europar Ondarearen Jardunaldietan egon da eta igandean azkenengo ibilbibidea egingo du. Bestalde, gaur Amurrion San Antonen inguruko mintzaldia eskainiko du.

Europar ondarearen inguruko jardunaldietan parte hartu duzue berriro, nola hasi zineten proiektu horretan?

Duela urte pila hasi ginen. Agian 8 urte. Duela 10 urte hasi zen Bizkaian eta Europako ekimena da baina gure erkidegoan Bizkaiak bakarrik egiten du. Araba eta Gipuzkoak ez dute ezer antolatzen.

Egia esanda, nire ustez, urtean egiten den kultura aldetik gauzarik inportanteena da. Baina oso kontzentratuta dago eta hilabete bakarrean da, urrian hain zuzen.

Guk beti egin ditugu Orozkon gure jarduerak.

 

8 urte horietan Orozkoko hainbat leku erakutsi dituzue, ezta?

Aldundiak guztioi proposatzen digu gai bat eta aurten “etxea” izan da. Horren inguruan antolatu behar da dena. Beste urte batzuetan gaiak izan dira gotorlekuak edo gazteluak, dorretxeak, landa eremuko ogibideak, bideak... Baina beti hartu behar da ardatz gisa gai zehatz bat.

Modu horretan jendea erakartzea errazagoa da. Jendea gai horretan murgiltzen baita eta horrela erabakitzen du nora joan nahi duen.

Jardunaldi horietan irekitzen dira oso toki ederrak eta inoiz irekitzen ez direnak. Ez dago beste aukerarik gehienak ikusteko. Oso aukera polita da.

Azken 8 urte hauetan hainbat eliza, baserri, baseliza, dorretxe, kobazulo... ireki ditugu, haietako asko oso leku ezkutuak direlarik.

 

Aurten zein izan dira aukeratutako lekuak?

Supelegor bisitatu genuen duela bi aste Mariren etxea zelako eta Itxinan artzain eta ikazkinen etxeak ikusi genituen pasa den igandean. Horretarako joan ginen Ugulukortako Sarobera bertan dauden etxolen aztarnak ikustera eta igandean Jentilzulora joango gara. Jentilen etxera. Horren inguruan zenbait kondaira daude.

Aurtengo gaia, “etxea”, oso zabala da. Ezkutatuko baserriak hautatzeko aukera zegoen, Orozkon hainbat baserri baitaude: neoklasikoak, lehenengo belaunaldikoak... baina hori askotan egin dugu eta aukeratu ditugu bestelako proposamenak historia, kondairak eta mendi ibilbideak uztartzeko.

Gainera mendi ibilbideak udazkenean ezin politagoak dira.

 

Jendearen erantzuna oso positiboa da, ezta?

Bai, gurekin bai. Eskertzekoa da eta pasa den igandean esate baterako 80 pertsona hurbildu ziren. Eta ez bakarrik Orozkoko jendea, Bilbokoa, Zornotzakoa, Gernikakoa... ere hurbildu zen.

Europar Ondarearen Jardunaldietan parte hartzen dutenak oso interesatuak daude eta entzuteko eta ikasteko prest datoz. Nahiz eta 80 pertsona agertu azalpenak ematen ditugun bitartean guztiak isiltzen dira. Harrigarria da.

 

Bestalde, San Anton Armururi buruz ere hitzaldia eskainiko duzu?

Bai, udalak proiektua onartu du obrak egiteko bertan dagoen estalkia kentzeko eta horren harira deitu zidaten inguru horren historia kontatzeko.

San Anton de Armururi garrantzi historikoa emateko da eta horretarako oinarri pila ditugu.

 

Zeintzuk dira bere ezaugarri historikoak?

Bertan biltzen dira gauza asko. Esate baterako antzinako bost kontzejuen batzarrak hor ziren. Mendien inguruan hitz egiten zuten; mendiak txukuntzeko eta zaintzeko, hain zuzen.

Batzarrak Amurrio, Larrinbe, Lerendano -egun Saratxo dena-, Etxegoien eta Olabezar ziren. Elkarlanean inguruko mendiak babesten zituzten. Ordenantzak egin zituzten. Bilera horien inguruko data zaharrena da XVI. Mendekoa.

Horretaz gain, San Antonekoa ez dakigu baseliza edo antzinako eliza zen. Hori zalantzan dago ez baita ezer aurkitu. Arkeologia azterketa ez da egin baina badaude hipotesi batzuk eta agian berretsiko dira.

Bestalde, barruan badaude horma irudiak. Duela 20 edo 25 urte topatu ziren. Pintzelkada nahiko politak dira. Arruntak ziren eta hemengo eliza guztietan zeuden baina denboraz desagertu dira eta gutxi batzuk geratu dira. Horien artean San Antonen daudenak.

Badakigu nork margotu zituen, Aiarako herritar batek egin zuen hain zuzen. Urduñan zuen tailerra eta horri buruz hitz egingo dut.

Bestalde, San Anton ondoan bazegoen ospitale bat. Erromesentzako ospitalea, baina ez bakarrik Done Jakue bidea egiten zutenentzat, baizik eta ibiltari guztientzat; txiroentzat besteak beste. Gaixotuz gero bertan zuten leku bat atseden hartzeko.

Baserri horren liburua badugu eta bertan dago jasota maiordomoek idatzitako gastu guztiak eta oso izen deigarriak eta gauza bitxi batzuk agertzen dira. Horri buruz ere hitz egingo dut.

Ospitalea desagertu zen urbanizazioa egin zutenean baina XVI. mendekoa da ospitalearen liburua. Horrek esan nahi du oso baserri zaharra zela. Lehenengo belaunaldiko baserria da.

Eta kontu gehiago daude aipatzeko. San Anton muino baten gainean dago kokaturik -egun ez da ikusten inguruetan eraiki delako- eta Santa Maria eliza beste muino baten gainean ere badago. Amurrion bi muino horiek zeuden eta erditik erreka txiki bat igarotzen zen: Armuru deituriko ibaia. Gaur ez dena ikusten.

Denbora izanez gero aukera polita izango da hitzaldia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide