"Mahats ekoizleen kolektiboa gaztea izan arren, oso azkar trebatu da"

Erredakzioa 2014ko urr. 13a, 12:24

EGOITZ MENDIA (Laudio, 1976) nekazal ingeniaria da eta mahastiak landatu ditu senideen lursail batean. Zaletasun gisa eta ohiturari lotutako ekimena bezala hartu du. Hala ere, mahastien uztaren nondik norakoak oso ondo ezagutzen ditu eta horren inguruan hitz egin du.

Noiz da txakolinari dagokion uzta?

EGOITZ MENDIA (Laudio, 1976) nekazal ingeniaria da eta mahastiak landatu ditu senideen lursail batean. Zaletasun gisa eta ohiturari lotutako ekimena bezala hartu du. Hala ere, mahastien uztaren nondik norakoak oso ondo ezagutzen ditu eta horren inguruan hitz egin du.

Noiz da txakolinari dagokion uzta?

Uzta normalean urriaren lehen hamabostaldian jasotzen da, aurten ordez, irailean zehar egin duen eguraldi onaren eta tenperatura altuen ondorioz nabarmen aurreratu egin da eta mahasti batzuk irailaren bigarren hamabostaldian batu ziren. Oro har, hamar egun inguruko aurrerapenarekin etorri dela esan daiteke.

Uzta noiz jaso behar den jakiteko faktore batzuk kontutan hartu behar dira, batik-bat mahatsa bere heldutasun onenean egotea eta horretarako parametro batzuk neurtzen dira (esperotako gradu alkoholikoa, azidotasuna…) eta bestalde mordoak usteldura gabe mantentzea eta hortan eguraldiak eragin handia dauka.

Zerk, suposatzen du uztak, lanaren aldetik, adibidez?

Uzta garaian urduritasuna azaltzen da beti eta egunero eguraldiaren iragarpena zein izango den begiratzen egon beharra dago.

Lana berari dagokionez aurreko hiru-lau asteetatik aurrera eta lehen esan bezala uztaren data definitzen joan ahal izateko graduaren neurketak egin behar dira 12º ingurura noiz heltzen den jakiteko. Eta mahats-mordoen osasun egoera ere baloratu behar da.

Ondoren mordoak jasotzeko kutxak eta uzta upategira eramateko azpiegitura prestatu behar da. Txakolinaren uzta tamaina txikiko kutxetan egiten da normalean, horrela mordoak osasun egoera onenean eta zapaldu barik heltzen dira upategira.

Uzta jasotzea berari dagokionez garrantzitsuena koadrila ona biltzea da lana ahalik eta erosoen egiteko, lan gogorra baita.

Orokorrean jendeak zergatik ditu mahastiak? Zuen kasuan nola erabaki zenuten landatzea?

Denetarik dago, nik uste hainbat arrazoi eta bakoitzaren arabera ezberdinak egon daitezkeela. Azken urteetan esan daiteke txakolin sektoreak indarra hartu duela edo nolabait suspertu dela, baina horretarako jende askok lan gogorra egin izan du urte askotan zehar. Dena dan, orokorrean nik uste zaletasuna eta gogoa behar dela horrelako gauzetan sartzeko, azkenean lan handia exijitzen baitu.

Bestalde, kontutan hartu behar da ere nekazal arloko beste azpisektore batzuek beharbada bestelako dedikazio mota bat exigitzen dutela.

Horrela izanda, baserrien inguruetako lursail batzuek bestelako onura eman dezaten eta etekina ateratzeko jende batzuen artean mahastiak landatzeko alternatiba ontzat ikusi da.

Horretaz gain, nik uste, ohitura eta lurrarekiko loturaren faktoreak ere aintzat hartu behar dela eta modu batean aspaldi baserrietan egiten ziren ekimenei ere jarraipena emateko ardura eta konpromisoak bere eragina izan duela mahastiak berreskurtazeko orduan. Gainera, nekazal jarduerekin jarraitzea guztiz garrantzitsua da ingurua eta paisaia mantentzeko.

Gure kasuan ere horrela izan zen, aurretik probetxu gutxi zuen familiako lursail batean. Bestalde, ni izatez, nekazal ingenieritza ikasketak gauzatu nituen eta lanpostuaz gain beti izan dut nekazal munduarekin lotutako zerbait egiteko zirrara edo ilusioa, landa eremuan aritzeko, nolabait ere lurrari atxikituta egoteko, zaletasuna…

Etxean ere arbasoek, beste egitura eta modu batean txakolina egiteko ohitura ere bazeukaten eta horrek ere bultzatu egiten gaitu familia proiektu txikia bezala.

Uztari dagokionez etxean txakolina egiteko dauzkagun bitartekoekin gure kontsumorako litro batzuk egiten ditugu eta beste zatia saldu egiten da Arabako Txakolinaren barruan dagoen upategi bati.

Trebakuntza beharrezkoa da mahastiak izateko, txakolina eta uzta egiteko?

Guztiz beharrezkoa da. Dena den, gaur egungo mahasti ekoizleen kolektiboa nahiz eta nahiko gaztea eta berria izan, oso azkar ohitu eta formatu da mahastiak zaintzeko lan zailetara.

Lanak anitzak dira eta hauetako batzuek gaitasun eta jakinduria maila exijitzen dute. Hauen artean adibidez neguan zehar egiten den inauzketa lana oso garrantzitsua da landareen oreka mantentzeko. Bestalde mahastien gaixotasunak ekiditeko erabili behar diren estrategiak eta tresnak ondo ezagutzea eta jakitea ere guztiz beharrezkoa da.

Horretarako oso inportantea da bakoitzaren mahastia ondo ezagutzea eta zer nolako ingurutan dagoen jakitea gaixotasunen kontrako lan prebentiboak ondo eta bere garaian egiteko.

Arreta handia jarri behar da mahastien landatzea ere egiten eta bestalde ezinbestekoak diren tratamenduak momentu eta produktu egokiekin egitea.

Eskualdeko baldintza meteorologikoen ondorioz, urtero-urtero azaltzen dan gaixotasun endemikoa gorrina edo mildiua izaten da eta horren kontra egiteko oso zuhur ibili behar da lanak bere garaian eta modu egokian eginez.

Etekingarria da uzta edo oro har jendeak ez du egiten arrazoi ekonomikoak direla medio?

Lehen esan dudan moduan denetarik dago, autokontsumorako mahasti txikiak, tamaina erdiko landaketa ertainak non konbinatu daitekeen mahatsaren salmenta kopuru txikietan eta etxerako txakolina egitea, uzta saltzeko landaketak eta upategiek beraiek dituzten landaketak.

Horrela izanda eta bakoitzak bere mailan etekin minino bat lortzen saiatzen da nahiz eta batzuetan asko kostatzen den helburua lortzea. Beraz, lehen aipatutako beste motatako arrazoiek ere garrantzi handia daukate urtero-urtero lanari eusteko eta motibazioa mantentzeko.

Orokorrean mahatsa saldu eta produktua transformatzen ez dituzten eskualdeko ustiapenek, hau da upategia ez dituztenak, neurri txikia daukate eta beste nekazal azpisektoreetako osagarri bezala edota kanpoko lanaren osagai bezala edukitzen dute jarduera.

Bestalde, txakolina egiteko mahatsa ekoizteak ordu asko sartzea exijitzen ditu inauzketatik hasita negutik aurrera eta mordoak mozten diren arte.

Erabili beharrezko baliabide eta produktuek ere kostu handia supostazen dute. Guztia ondo baloratu egin behar da. Kontuan hartu behar da nekazaritza sektorea eguraldiaren menpe dagoela beti eta edozein momentutan txingorrak edota bestelako ezustekoren batek urte osoko lana bertan behera bota dezakeela.

Beraz, uzta motela izaten diren urteetan etekingarritasuna kolokan jartzen da askotan.

Eskualdean ekoizpena handia da? Nola ikusten duzu eskualdeko txakolinaren eta uztaren osasuna?

Aiara eskualdeko 5 udalerritan dauden mahastiek osatzen dute Arabako Txakolinaren Jatorrizko izendapena. Datu bezala esan daiteke Arabako Txakolinak espainiar estatuko jatorrizko izendapenekin konparatuz adibidez txikiena dela mahastien azalerari dagokionez, 100 hektarea inguru dituelarik.

Aintzat hartu behar da bai inguruko Bizkaiko herriak Bizkaiko txakolinaren jatorrizko izendapenean sartzen direla. Horrela Euskadiko hiru denominazioen artean, Getariako txakolina barne, gutxigatik baina 1.000 hektareara ez da heltzen mahastien azalera.

Datu hau Errioxako Jatorrizko Izendapenarekin alderatuz adibidez, non 63.000 hektarea inguruz osotuta dagoen, esan daiteke ekoizpena nahiko txikia dela, kopuru absolutuetan behintzat oinarritzen bagara bakarrik.

Baina azken denboraldiko bilakaerari erreparatzen badiogu irizpide erlatiboetan, esan daiteke nabarmen egin duela gora txakolinaren ekoizpena nahiz eta azken urteetan egonkortu egin den.

Ekoizpenari dagokionez jatorrizko izendapenaren arautegiak mugatuta dauka hektareako batu ahal den uzta 13.000 kilogramotan, dena dan zaila da kopuru hoietara heltzea mahasti gehienetan ekoizpenak baxuagoak izaten direlako orokorrean urte arruntetan.

Uztaren osasunari dagokionez aurtengoa oso ona izatea espero da. Kopuru aldetik iazkoarekin alderatuz nabarmen igoko da, iaz loraketa sasoiko eguraldi txarragatik oso murriztuta geratu baitzen uzta. Bestalde, kalitate aldetik ere oso ona izatea espero da eguraldia azken hilabetean guztiz aproposa izan delako eta mordoak osasuntsu eta heltze sasoi egokian sartu direlako upategietara.

Zein mahats mota erabiltzen dira txakolina egiteko gure eskualdean?

Nahiz eta aspaldiko txakolinetan barietate beltzek garrantzi handiagoa zuten egun ekoizten den mahats gehiena zuria da. Horrela Hondarrabi Zuri deituriko inguruko barietatea da garrantzitsuena eta gaur egungo txakolinen oinarria.

Bestalde jatorrizko izendapenak bere babesean egiten diren txakolinak bestelako barietate batzuk erabiltzea baimentzen du: Hondarrabi Beltza, Hondarrabi Zuri Zerratua (Petit Courbu), Izkiriota (Gros Manseng), Izkiriot ttipia (Petit Manseng) eta kanpokoak edo munduan zehar beste leku askotan erabiltzen diren barietate batzuk: Chardonnay, Riesling eta Sauvignon Blanc.

Horrela izanda, kanpoko barietate hauek eta barietate printzipalak ez direnak arautegiaren arabera mugatuta daude eta beraien azalera ezin da %20a baino handiagokoa izan.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide