Aiaraldeko ia 3000 ikaslek jango dute aurten ikastetxeetako jantokietan

Txabi Alvarado Bañares 2014ko urr. 10a, 09:26

2965 ikaslek erabiliko dute aurten jantoki zerbitzua Aiaraldeko 17 ikastetxetan. Ikastetxe publikoetan Ausolan-Magui enpresa da otorduen kudeaketaz arduratzen dena. Gainontzekoetan, berriz, beste enpresa batzuk edo bertako sukaldariak arduratzen dira bazkariez. 

2965 ikaslek erabiliko dute aurten jantoki zerbitzua Aiaraldeko 17 ikastetxetan. Ikastetxe publikoetan Ausolan-Magui enpresa da otorduen kudeaketaz arduratzen dena. Gainontzekoetan, berriz, beste enpresa batzuk edo bertako sukaldariak arduratzen dira bazkariez. 

Hasi da ikasturtea, eta kurtsoa hasi bezain pronto bi aukera dituzte eskualdeko milaka ikasleek: bazkaltzera etxera joatea edo ikastetxeko jantokian geratzea. Aurten ugariak dira bigarren aukera hautatu dutenak: ia 3000 erabiltzaile, eskualdeko 17 ikastetxetan banatuak.
Eskola publikoek Eusko Jaurlaritzak kontratatutako Ausolan-Magui enpresaren jantoki zerbitzua baliatzen dute. Hala, 1630 ikasleren bazkaria kudeatzen du enpresa horrek (jantokien erabiltzaileen gehiengoa).

Ausolan-Maguik, baina, ez du kudeaketa berbera egiten Aiaraldeko jantoki guztietan. Bi motatako zerbitzua eskaintzen du enpresak: “sukalde in situ”a eta “garraiatua”. Lehenengo kasuan enpresak lehengaiak ematen dizkie ikastetxeei, eta zentroko sukaldariek prestatzen dute gero bazkaria. Bigarren kasuan, janaria Ausolan-Maguiren sukalde zentralean prestatzen da eta gero janari beroa kamioi berezietan garraiatzen da ikastetxeetara.
Eskualdeko 5 ikastetxek “in-situ” zerbitzua daukate (1040 ikasle guztira). Beste 7 eskolek, berriz, sistema “garraiatua” erabiltzen dute (590 erabiltzaile guztira).

Ausolan-Maguiren zerbitzua erabiltzen ez duten ikastetxeetan kudeaketa sistema anitz topatu daitezke. Kasu batzuetan beste enpresa batzuk dira jantoki zerbitzua eskaintzen dutenak. Gaska enpresak eskualdeko bi zentrotan eskaintzen du zerbitzua, cathering formatuan. Gure Etxea-k, berriz, Aiaraldeko ikastetxe bakarrean dabil otorduak kudeatzen.

Gainontzeko tokietan, berriz, sukaldari propioak dituzte. Aresketa Ikastolarena da kasu berezia: eskolako haur batzuen amek sortutako enpresa txiki batek prestatzen baititu bazkariak.

Alergikoentzako, zeliakoentzako zein behar dietetiko bereziak dituztenentzako menu bereziak eskaintzen dituzte ikastetxe guztiek, eta gehienek barazkijaleentzako otorduak zein txerrikirik gabekoak ere.

Dietak, denetarikoak
Eskualdeko ikastetxe guztietan eskaintzen dira alergiadunentzako, zeliakoentzako edo behar dietetiko bereziak dituztenentzako dietak. Barazkijaleentzako dieta ere ikastetxe gehienetan eskaintzen da, eta baita txerrikirik gabekoa ere.
Horretaz gain, Magui enpresatik azaldu dute “elikadura politika” izaten dutela oinarri menua diseinatzeko garaian, “kaloriak, karbohidratoak, gantzak eta proteinak izaten dira kontuan”. Ildo berean, Maguitik adierazi dute euren web-gunean (www.ausolan.com) eskola bakoitzean eskaintzen den menua zehatz-mehatz ikusteko aukera dagoela.

Tokiko produktuen erabileran, aurrerapausoak
Alboko zelaietako baratzetan ekoizten diren produktuak jatea. Horretan datza “O km” filosofia. Kilometro horretara iristeko, baina, oraindik pauso asko daude emateke Aiaraldean.

Hala eta guztiz ere, lehen pausoa emana dago, Urduñan. Tokiko ekoizleei deialdia luzatu die Udalak, produktuen loteak aurkezteko. Lote horiek baliatuta Nagusien Etxeko jantokiko menuak osatzea da asmoa. Udazken honetan ekingo diote asmo horri, eta etorkizunean tokiko produktuen erabilera beste hainbat lekutara zabaltzeko asmoa dute (hiriko ikastetxera barne).

“O kilometro” filosofia jadanik erabiltzen duen leku bat topatzeko, baina, eskualdetik kanpora zuzendu behar da begirada. Larrabetzuko Ikastetxean, adibidez, inguruko larreetan ekoiztutako barazkiak prestatzen dituzte; eta, ikastetxetik adierazi dutenaren arabera, menua ez da beste kudeaketa eredu batzuen aldean garestitzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide