Euskadi Fundazioaren talde kontinentala desagertu eta, ondorioz, bertako txirrindulariak talde barik geratu ostean, euren kirol-etorkizuna bermatu nahian ibili dira eta badabiltza, goi mailako euskal txirrindularitza orokorrean kinka larrian dagoen honetan. Jon Larrinaga lezamarraren kasuan, aste honetan jakin dugu Frantzia aldean izango duela txirrindularitzan segitzeko aukera, hain zuzen ere amateur-elite mailako GSC Blagnac taldean.
GSC Blagnac Vélo Sport 31 Toulousekoa da eta esan daiteke Frantziako talderik indartsuenetako bat dela. Azken urtean, esaterako, Naturgas Energia taldean ibilitako Loic Chetout bertan aritu da, eta profesionaletarako jauzia emateko balio izan zaio, Cofidis taldeak fitxatu du eta.
Toulouseko taldean, Larrinagak aukera izango du duen kalitatea erakusten jarraitzeko eta oso egutegi interesgarria egiteko, bai Frantziako Kopako lasterketak bai eta Europako lehen mailako probak ere.