Nerbioiko Parke Lineala, pausoz pauso aurrera doan ibilbidea

Txabi Alvarado Bañares 2014ko urr. 9a, 09:13

Laudiotik Salbiora doa Nerbioiko Parke Linealean orain arte eraikitako zatia. 7.700 metro. Ez dira gutxi ibilbide hori oinez edo bizikletaz igarotzen duten herritarrak: 12.850 bataz beste hilean. Eta ez da gutxi ezta ere ibilbidean zehar topatu daitekeen ondare natural zein historikoa.

Bizikletaz edo oinez Laudiotik Salbiora joatea. Hori da Nerbioiko Parke Linealaren lehen faseko ibilbideak ahalbidetzen duena.

Laudiotik Salbiora doa Nerbioiko Parke Linealean orain arte eraikitako zatia. 7.700 metro. Ez dira gutxi ibilbide hori oinez edo bizikletaz igarotzen duten herritarrak: 12.850 bataz beste hilean. Eta ez da gutxi ezta ere ibilbidean zehar topatu daitekeen ondare natural zein historikoa.

Bizikletaz edo oinez Laudiotik Salbiora joatea. Hori da Nerbioiko Parke Linealaren lehen faseko ibilbideak ahalbidetzen duena. Eta ez da edonolako bidea: Nerbioi ibaian gora doa, ertzetik doazen bideak edota ibaia alde batetik bestera zeharkatzen duten zubi eta pasabideak baliatuta.

Laudioko Gardea auzoan hasi daiteke ibilbidea, Gurutze Santuaren parrokiatik. Alboan dagoen zubia zeharkatuta bizikleta bidea hartu daiteke. Kilometro bat aurrerago Parke Linealeko lehen zubia dago. Burua atera eta uretara begiratzeko une egokia izan daiteke hori. Zorte apur batekin, ibaian aski ugariak diren karramarro amerikarrak ikusi ahal izango ditu ibiltariak.

Bisoi eta karramarro amerikarrak, lertxunak, txio arruntak, martin arrantzaleak... ez dira gutxi Parke Linealean barrena topatu daitezkeen animaliak.  

Zubi hori ez da ibilbidea egiterako orduan zeharkatu beharreko bakarra. Handik kilometro pasatxora beste bat topatuko du bisitariak. Zubia zeharkatu baino lehen urertzeko belar-guneei begiradatxo bat bota ahalko lioke paseatzaileak. Ikusteko zailak diren arren, hor nonbait dabiltza bisoi amerikarrak. Hala adierazi du Mario Corral naturazale amurrioarrak. Bere hitzetan, bisoi amerikarra espezie inbaditzailea da: “lehen bazegoen bisoi europarra, baina jada ez dago”. Bisoi europarrak mutur zuria du, amerikarrak beltza duen bitartean. Baina azken  hori “handiagoa eta indartsuagoa” dela adierazi du Corralek.
Behin bigarren zubia zeharkatuta, bisitariak eskuinera egin beharko du bira, ibaian gora jarraitzen duen asfaltozko bide batetik joateko. Bertatik jarraitzen du ibilbideak, harik eta ia lau kilometro egin ostean Luiaondon sartu arte.

Atseden bat hartzeko unea izan daiteke. Eta geldiune horretan ideia ona izan daiteke zerura begiratzea, hegazti espezie ugari topatu baitaitezke ibaiaren gainean hegaka: lertxuna, martin arrantzaleak, txio arrunta, ahateak...

Ondare historikoa
Animaliak soilik ez, Parke Lineala ondare historiko eta etnografikoan ere bada aberatsa. Luiaondora iritsita harrizko gurutze batekin egingo du topo bisitariak. Bertan omen zegoen bere muga militarra markatzeko Bizkaiko lehen jaunak landatu omen zuen Malato zuhaitz ospetsua. Ibilbidean aurrera jarraituz gero Zubibarri zubia gurutzatuko du ibiltariak. Hura zeharkatu eta eskumarantz biratu behar da, eta zuzen jarraitu gero, harik eta seigarren kilometrora iristean metalezko zubi gorri luze bat topatu arte.

7.700 pauso eman behar dira Laudioko Gardea auzotik abiatu, Luiaondo zeharkatu eta Salbion bukatzen den bidea egiteko.  

Ibaiaren beste ertzera iritsita hortik jarraitu behar da ibaian gora, harik eta trenbidearen azpitik pasa eta 400 metrora beste zubi batekin topo egin arte. Zubi hori igaro eta beste aldera pasata, kilometro bat aurrera egin eta beste pasabide bat topatuko du ibiltariak. Beste aldetik metro batzuk ibilita iritsiko da Salbioko tren geltokira, ibilbidearen amaierara.

Ez dira gutxi arestian aipatutako ibilbidea egitera animatzen diren aiaraldearrak: hilabetero, bataz beste ,12850 bisitari inguru ditu Parke Linealak; esaera zaharrak dioen bezala, bidea ibiltzen egiten delako.

 

Aurten bukatuko dituzte Salbio eta Amurrio lotzeko obrak

Oinezkoentzako zein bizikletan doazenentzako 900 metroko bidea eraikiko dute. 200.000 euro baliatu ziren lursailen erosketan, eta 173.000 euro gehiago inbertituko ditu Arabako Foru Aldundiak obra egiteko.

Parke Linealaren proiektuarekin jarraitzeko pausoak ematen ari da Foru Aldundia udazken honetan, Salbiotik Amurriora bitarteko zatia eraikitzeari ekin baitiote.

900 metroko luzera izango du ibilbideak, eta Sagrada Familia ikastetxearen pareraino iritsiko da, Josune Irabien Amurrioko alkatearen hitzetan. Obrak 373.000 euroko kostua izango du guztira. Horietatik, 200.000 iaz erabili ziren, bideak zeharkatuko zituen lursailak erosteko. Beste 173.00 euroak, berriz, Campezo izeneko enpresari esleitu zaizkio, obrak egin ditzan.

Uda amaieran hasi dira obrak eta oro har hiru hilabete irautea dago aurreikusia. Hala, urtea bukatu baino lehen amaitua egon beharko luke bide zati berria. Zati berri horrek ibaia zeharkatuko luke. Hala, zubi bat jartzea aurreikusia dago. Zati berriak Amurrioko herritarrei Parke Linealaz gozatzeko aukera emango lieke.

8.6 kilometro guztira
Salbiotik Amurriora joango den bidea eraikitzen denean 8.6 kilometroko luzera hartuko du orain arte eraikitako Parke Linealaren zatiak. Lehen zatia 2010ean eraiki zen; 3.400 metro ditu eta Laudioko Gardea auzoa Luiaondorekin lotzen du.

Luiaondotik Salbiora bitarteko zatia, berriz, 2012an bukatu zen. 4300 metrokoa da eta hiru zubi ditu. Zubirik ikusgarriena Markijana inguruan kokatua dagoena da, 182 metro baititu.

Gauzak hala, orain egiten ari diren obra bukatzean aukera egongo da Laudiotik Amurriora oinez edota bizikletaz ingurune natural batetik joateko, inolako arriskurik gabe. 

 

Proiektuari jarraipena emateko hurrengo pausoak, zehazteke

Ez dago zehaztuta noiz ekingo zaion proiektuaren gainontzeko zatiak gauzatzeari. Gaur egun 33 km-tatik 7,7 baino ez dira atondu.

Behin bukatuta, 33 kilometroko ibilbidea izango luke Nerbioiko Parke Linealak. Urtea bukatu baino lehen eraikiko da Salbiotik Amurriorainoko zatia. Zati hori eginda, baina, oraindik 24.4 kilometroko ibilbidea osatu beharko litzateke proiektua bukatzeko.

Alde batetik, Laudio eta Arakaldo bitarteko zatia dago. Bide horren planteamendua eta planoak 2005ean aurkeztu ziren. Laudiotik Atxetara bidegorria jada eraikia dago. Behin Atxetara iritsita aurrera jarraitu eta errepidea eta ibaia zeharkatu lituzke, ondoren bitan banatzeko. Bideetako bat Arakaldoko geltoki pareraino joango litzateke. Beste zatia, berriz, Orozkoko lurretan zehar ibiliko litzateke (ez herria), Anuntzibai jauregiraino. Hala, ibilbideak “T” forma hartuko luke. Ibaia zeharkatzeko zubia eraikitzea da falta dena eta, planoak egin zirenetik hamar urte betetzera doazen arren, oraindik ez dago zehaztua ez aurrekontua ez eta obrak noiz hasiko liratekeen ere.

Lursail erosketa, martxan
Salbiotik Amurriora bitarteko zatiari dagokionez, Josune Irabien Amurrioko alkateak adierazi du “horraino dagoela dirua eta horraino ari dela Arabako Foru Aldundia egiten”. Amurriotik  Delikara bitarteko zatiari begira, baina, udaletik zenbait aurrerapauso emango dituztela aurreratu du alkateak, “Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntza batekin zenbait lursail erosteko asmoa dugu, proiektuari jarraipena emateko”. Lursailen jabeekin hitz egiten ari direla azaldu du Irabienek, baina gaineratu du oraindik zehaztu behar dutela hurrengo ibilbide-zatia noraino egingo duten. Hala ere, Irabienek azaldu du “Reforretik Saratxora doan ibai ondoko ibilbidea” jarraitzeko asmoa dutela.

Dena dela, obrak egiteko dirua Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak erdibana jarri behar dutenez, Irabienek adierazi du Aldundiaren 2015eko aurrekontuetan horretarako dirua egotea espero duela. Javier de Andres Arabako Ahaldun Nagusiak, bere aldetik, Parke Linealaren proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa duela adierazi zuen Aiaraldea Egunkariaren aurreko alean egindako elkarrizketan.

Delikarainoko ibilbide osoa egitearen erantzukizuna, baina, ez da Arabako Foru Aldundiarena, Urduñari dagokion zatia finantzatzea Bizkaiko Foru Aldundiaren esku baitago.

Arrankudiaga-Zollotik Bilbora
Arrankudiaga-Zolloraino ez litzateke Nerbioiko Parke Linealaren ibilbidea iritsiko, baina existitzen da bizikletentzako eta oinezkoentzako beste bide baten proiektua, herritik Bilboraino joango litzatekeena.

Proiektu hori Bilboko Plan Metropolitar Partzialean sartua dago,  baina fase teknikoan dago oraindik. Bizkaiko Foru Aldunditik zehaztutakoaren arabera, bizikletentzako bideen araudia berriki onartu da. Arautegi hori baliatua jada existitzen diren azpiegiturak bidegorriekin nola uztartu aztertzea da asmoa, hala etorkizun batean ibilbidea diseinatu ahal izateko.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide