Asteartean Jez Sistema Ferroviarios eta Amurrio Ferrocarriles enpresek Lehiaren Defentsako Batzorde Nazionalaren teknikarien bisita izan dute eta ez poliziarena. Teknirakiek ohikoa den ikuskapena egin dute.
Aiaraldean dauden enpresa horietan agertu ez ezik, Asturiasen dauden bi enpresetan ere egon dira. Batzordeak ikerketa abiatu eta dokumentazio ugari eraman du. Ikerketaren helburua da erabakitzea lau enpresen artean sortutako aldi-baterako enpresa elkartea legea betez egin den. Lau enpresek aldi-baterako enpresa elkartea egin dute zenbait lan gauzatzeko eta hilabete batzuen buruan, dokumentazioa analizatu eta gero, teknikariek iragarriko dute espedientea irekiko duten edo bertan behera geratuko den ikerketa.
Langileak lasaitzeko asmoz Jez enpresako zuzendaritzak jakinarazi die ikuskapena errutinazko jarduera dela.
Horrekin enpresak gezurtatu nahi du hedabide batek jasotako informazioa, egunkari batek argitaratu baitu Aiaraldeko enpresetan polizia egon dela eta ADIF-en egondako ustezko ustelkeria kasuekin lotu dute.