“Antzerkiarekiko maitasuna konpartitzera datozenen ametsen bila gabiltza”

Erredakzioa 2014ko urr. 10a, 08:25

ZUTOIA ALARCIAk (Laudio 1959) ibilbide luzea egin du aktore moduan. Duela hiru urte Adam Dram egitasmoa jarri zuen martxan, Aiaraldean arte eszenikoak sustatzeko. Proiektu berriekin hasiko du Adam Dram-ek udazkena.

Duela hiru urte hasi zineten Adam Dram proiektuarekin. Nola sortu zen?

ZUTOIA ALARCIAk (Laudio 1959) ibilbide luzea egin du aktore moduan. Duela hiru urte Adam Dram egitasmoa jarri zuen martxan, Aiaraldean arte eszenikoak sustatzeko. Proiektu berriekin hasiko du Adam Dram-ek udazkena.

Duela hiru urte hasi zineten Adam Dram proiektuarekin. Nola sortu zen?
Bizi naizen lekuan antzerki eskola bat jartzeko neukan nahitik sortu zen. Eskaintza kultural eskaseko nekazalgune bat izatea, proiektua albo batera uzteko arrazoi bat izan ordez, egitasmoari ekiteko pizgarri nagusiena bilakatu zen, bai niretzat eta baita proiektuan lagundu zidatenentzat (nire mutil laguna den Xabi Puertarentzat batez ere).

Proiektua beste ideia eta proposamen batzuekin aberastu zen... horietako batzuk aurrera eraman ahal izan ditugu. Beste batzuk, berriz, ez.

Bideragarria da halako egitasmo bat Aiaraldean?
Bideragarritasun ekonomikoa ez da inoiz gure lehentasuna izan. Lehentasuntzat hartu izan bagenu ez genukeen inoiz Adam Dram irekiko. Gure ametsen eta gurekin antzerkiarekiko maitasuna elkarbanatzera datorren ororen ametsen atzetik gabiltza Adam Dram-en.

Kurtsoa hastear zaudete. Zer eskainiko duzue aurten?
Printzipioz gure eskaintza profesional eta amateurrak diren helduei zuzendua egongo da. Urrian hasiko gara, nik zuzenduko dudan interpretazio eta eszenaratze ikastaro batekin. Irakasle profesional gonbidatuek ere hartuko dute parte eta uda partean antzezleku komertzial batean ikuskizun bat estreinatzea izango da xedea. Iaz David Mameten Edmond antzezlana estreinatu genuen Amurrioko Antzokian, eta aretoa bete egin zen.

Ikastaro horren ostean, hilabeteak aurrera joan ahala eskaintza gehiago egongo dira, dena ondo baldin badoa.

“Bideragarritasun ekonomikoa ez da inoiz gure lehentasuna izan. Lehentasuntzat hartu izan bagenu ez genukeen inoiz Adam Dram irekiko”

Aktore moduan ibilbide luzea egina duzu. Noiz ekin zenion bide horri?
Aktore moduan eman nituen lehen pausoak, ziurgabetasun handiz emanak izan ziren arren, goiztiarrak izan ziren. Txikitatik sentitu izan dut besteen aurrean dantzatzeko, abesteko eta antzezteko beharra. Nire lagunen begiradak bereganatu nahi nituen, eta haientzako antzezten nuen.

Pozoi hori ia-ia sehaskatik neramala esango nuke. Hollywood-eko musikalak ikusten eta nire klase-kideentzako claque emanaldiak eskaintzen koskortu nintzen. Baina garai hartako familia zein jendarte egoerek ez zuten gaitasun eta desio horiek bideratzen laguntzen.

Nola lortu zenuen, orduan, gaitasun eta desio horiek ogibide bihurtzea?
Amesten eta ametsak egi bihur zitezen tematzen. Aktore moduan garatzeko aukera eskaini ahal zidaten leku eta pertsonak bilatu nituen beti. Nire ibilbide profesionala Geroa konpainian hasi zen. Garai hartan euskal antzerki talderik garrantzitsuena zen, eta sei urte eman nituen bertan, bost ikuskizun egiten. Eolo Teatro-n ere egon nintzen (zeinekin bi Ercilla sari lortu genituen) eta baita Ur Teatro-n ere. Antzerki talde horrek Antzerki Sari Nazionala eskuratu zuen.

Lehen mailako antzerki talde horiekin hainbat jaialditan hartu nuen parte, nazio zein nazioarte mailako birak egin nituen eta ehunka antzezpen egiteko aukera izan nuen, zeintzuekin eskoletan ikasten ez dena ikasi eta aktore moduan indartzeko aukera izan nuen. ETBn ere aritu nintzen, Señorio de Larrea telesailean eta Hay que ver talk-show-an... eta Madrilera egin nuen salto!

Eta Madrilen nondik ibili zinen?
Ezin naiz kexatu, egia esan. Telesail onetan egin nuen lan, nahiz eta jendeak pertsonai batengatik ezagutzen nauen batez ere: Tele 5-ko El comisario telesaileko polizia zientifikoko Elena Serrano inspektorearen pertsonaiagatik. Kalitatezko antzerkia egiteko aukera ere izan nuen, Antzerki Zentro Nazionaleko zuzendari izandako eta Teatro Españoleko zuzendari den Juan Carlos Perez de la Fuenteren konpainian.

Ez dut inoiz ahaztuko bere zuzendaritzapean egindako Alfono Sastreren ¿Donde estas, Ulalume, donde estas? obra. Sastreren obrarik esanguratsuenetariko bat da, eta bera da nik gehien maite dudan egilea, ez soilik antzerkigile moduan, pertsona moduan batez ere.


“Nik neuk idatzi dudan musika eta antzerki ikuskizun bat martxan jartzeko asmoa daukat, Madrilen”

Eta orain non zabiltza, Madrilen ala Euskal Herrian?
Bietan nabil, egia esan. Adam Dram da gaur egun Euskal Herrian egiten ari naizen proiektua. Egitasmo hori diseinatu, abiarazi eta finkatzen igaro ditudan hiru urteetan zehar ikus-entzunezkoen edota antzerkigintzaren industriako lana alboratu behar izan dut, bestean oso murgildua nengoelako.

Baina udazken honi begira nik neuk idatzi dudan eta antzeztea espero dudan antzerki eta musika ikuskizun bat martxan jartzeko asmoa dut, Madrilen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide