2013ko urriaren hirugarren egunean argitaratu zen Aiaraldea Egunkariaren lehenengo alea. Urtebete honetan, Aiaraldea Komunikazio Leihoak euskarazko herri komunikazioaren alde abiarazitako paperezko tresna berriak 19 zenbakiko uzta oparoa utzi digu. 12 hilabete hauetan euskaraz idatzitako 190.000 egunkari banatu ditu doan eskualdean, 3 milioi orrialde inprimatuz gertuko informazioa herritarrei hurbiltzeko, zer eta euskaraz egin ere.
Eskualdean gero eta ezagunagoa den Aiaraldea Egunkariak gainera, paperean inprimatutako bestelako euskarriak ere argitaratu ditu urtebeteko ibilbide honetan, 2013 urteari zegokion urtekaria, Batxilergo eta Lanbide Heziketa eskaintzari buruzko gehigarria, eta azkena abuztutik irailera jaietan zeuden herri eta auzoetako jai egitarauak eta informazioa bildu duen “Aiaraldea Jaietan” aldizkari berezia.
Aiaraldea Komunikazio Leihoa elkarteko kideok balorazio ezin positiboa egiten dugu egindako ibilbideaz, duela urte batzuk ezinezkoa zirudien proiektuak forma hartu eta errealitate ukaezinean gauzatu baita egun. Euskarak bete du eskualdean zegoen hutsuneenetako bat, zer eta gure hizkuntza gutxitua eta baztertua dagoen eremu geografikoan egin ere.
Elkarteak paperezko euskarriaren aldeko apustua egitea erabaki zuenean, egunkaria ekonomikoki bideragarria izango ote zenaren zalantza izan zuen; errotatibako kostu ekonomiko handia, langile baten soldata, banaketa eraginkor bat egiteko zailtasunak.... Baina zalantza hori kolpetik uxatu dute hilabeteotan egunkariaren proiektuak jaso duen babesak, laguntzak eta aupadak. Zentzu horretan, gaur da eguna euskarazkoa dela eskualdean irisgarritasun handiena duen komunikabidea, 45.000 biztanle dituen eremu geografikoan ia 30.000 irakurle baititu egunkariak, populazioaren % 73aren eskuetara heltzen da Aiaraldea Egunkaria.
Edonola ere, Aiaraldea Egunkaria kalean eta hamabostero zuen eskuetan egotearen meritu handiena Aiaraldea Komunikazio Lehioko kide eta kolaboratzaile sare indartsuarena da, erredakzioan, argazkiak egiten, bideoak editatzen, zutabe eta kolaborazioak idazten zein egunkariaren banaketan parte hartzen duten 180 lagunena. Oinarri horrek bermatzen dio komunikazio proiektu herritar honi hauspoa eta geroa.
Eskualdeko merkatari eta saltokiek ere, harrera ezin hobea egin diote egitasmoari, egunkariak duen irisgarritasuna eta eragin sozialaz jakitun, publizitatea euskaraz egiteko hautua egin dute hamaika saltokik, eskerrik asko guzti guztiei. Esker bereziak eman behar dizkiegu ere, egunkariari babes ekonomikoa ematea erabaki duten 4 enpresari; JEZ Sistemas Ferroviarios, CuadraBus, Graf!k Sarea eta Auzolagun-i hain zuzen ere, urtebete honetan egindako ekarpena ezinbestekoa izan baita euskarazko tokiko prentsa errealitate sendo bilakatzeko eta bere etorkizuna ere bermatzeko.
6.000 familia eta 1.000 banaketa-puntu baino gehiago
Nabarmentzekoa da hamabost egunero dozenaka lagunek Egunkaria eskualdeko azken bazterreraino iristeko euren alea jartzen duten dozenaka boluntarioren lana. Gurdia, poltsa edo kutxa hartu, eta euskarazko prentsa Aiaraldea eskualdeko 1.000 puntu ezberdinetan banatzen duten pertsonen inurri lan erraldoia. Eurei eskerrak topatzen du irakurleak egunkaria saltokietan, tabernetan, espazio publikoetan, garraiobideetan, kioskoetan, okindegietan... eta eskoletan. Eskolak baitira Aiaraldea Egunkariaren arrakastaren beste gakoetako bat. Eskualdean dauden 26 ikastetxe publiko eta pribatuetatik 23-k, eskura banatzen baitiote hamabostean behin egunkari ale bat familia bakoitzari. Modu honetan, Egunkaria eta euskara bera ere, 6.000 familien etxeetan sartzen da. Urteurren honetan Aiaraldea Komunikazio Leihoak eskerrik beroenak eman nahi dizkie egunkariaren banaketan parte hartzen duten eskoletako zuzendaritza taldeei eta langileei, euskararen normalizazioan egiten duten ekarpena ezinbestekoa baita.