"Inguru oparoa eta anitza da Itzina eta lainoak beldurgarria egiten du"

Erredakzioa 2014ko urr. 1a, 07:55

JOSE SANTOS (Gasteiz, 1951) ez da Orozkokoa baina harreman berezia dauka Itzinarekin. Hori dela eta liburua idatzi zuen bertako jendearen laguntzari esker. Aztarnak antolatutako toponimia jardunaldietan arituko da, larunbatean 12:45ean hain zuzen ere.

Zer eskainiko diozu zure hitzaldira joango denari?

JOSE SANTOS (Gasteiz, 1951) ez da Orozkokoa baina harreman berezia dauka Itzinarekin. Hori dela eta liburua idatzi zuen bertako jendearen laguntzari esker. Aztarnak antolatutako toponimia jardunaldietan arituko da.

Zer eskainiko diozu zure hitzaldira joango denari?

Nirea ez da ikerketa aditua, ez da azalpen letradunak, hizkuntza metodologiarik egongo. Nik egin nahi dudana izenburuarekin -”Itzina, lainoaren izenak”- adierazi dut; leku magiko horretan ibilbidea egin nahi dut izenen bitartez.

Izen horien bidea jarraituz azalduko dut leku horretan egin den bizitza eta esparru misteriotsu horrek eragin dezakeen emozioa.

Kontakizun horretan toponimoen garrantzia handia izango da.

Gasteizkoa izanik nola egin duzu Itzinaren inguruko ikerketa?

Itzina leku benetan berezia da euskal mendien esparruan. Itzinak daukan paisai karstikoa ez da errepikatzen euskal mendien artean. Karst liluragarriena da.

Nik mendiak oso gogoko ditut eta duela hainbat urte Itzinara lehenengo aldiz joan nintzen mendizaleak hurbiltzen zirelako.

Inguru oparoa eta anitza da eta lainoak beldurgarria egiten du, karezko gotorleku zabala baita. Baina hala ere inork ez zuen egin mendiaren inguruko lan toponimiko mardula egin.

Mapa ezberdinak egin ziren eta toponimia bertan agertzen zen baina nire ustez oso azalekoa zen egindakoa.

Nik eduki guztiak batu nituen eta ondorioztatu nuen egindako lanak ez zuela adierazten gizakiaren ibilbidea Itzinan. Nire ustez gizakiaren ibilbidea eta jarduera modu anitzean adierazi behar zen.

Eta zorionez aberastasun hori guztia gordetzen zuen pertsona batekin topo egin nuen: Jose Maria Olabarria hain zuzen. Bera Urigoitikoa da eta Itzinako artzaina da, azkenengoa. Bere laguntzari esker hamaika izen jaso nituen.

Baloratu nituen, beste pertsona batzuekin alderatu nituen eta azkenean mapa bat eta liburu bat egin nuen. Horiek 212 toponimo ditu Itzinaren inguruan, bai barruan zein kanpoan. Aurreko mapak 82 besterik ez zituen jasotzen.

Bide ugari ere jaso nituen, batzuk ia desagertuta daudenak. Guztira 63 bide dira, artzainek eta ikazkinek erabilitakoak. Horiek sare bat osatzen dute eta Itzina osoa artikulatzen dute.

Itzinako toponimo gehiago daude jasotzeke?

Egongo dira betirako desagertu diren toponimoak. Baina nekazal-eremuari dagokionez amildegiaren ertzean gaude toponimoak jasotzeko. Informazio hori gordetzen duten belaunaldiak bukatzear daude eta. Haietako asko hil dira dagoeneko.

Lana ez dago itxita. Ni pozik egongo nintzateke gauza gehiago topatuko balira, baina ez da askoz gehiago egongo egiteke. Nik animatuko nuke jendea.

Liburua bukatu ostean gehiago ikertu dut baina ez dut ezer aurkitu.

Liburuak akats batzuk ere jorratzen ditu. Aurreko mapen kokapenak eta izenak ez baitzituzten ondo jaso. Adibidez, Lekanda deitzen dioten mendia ez da horrela deitzen.

Mendizaleek borondate onez mendiei izenak aldatu dizkiete. Baina Lekanda "Arrabako Nagusie" izan zen artzainentzat eta horrela kontatu dute.

Atxulaurko begiari ere izena aldatu diote, iturri bati... Atxulaur, berez, begiaren aurrean dagoen mendi-mazela da. Eta Edariturri deitzen zaionari, berez, Egarriturri deitzen zioten, ur asko ez zuelako ematen.

Gauza horiek zuzendu nituen. Eta Itzinan emandako azken izena ere jaso nuen. 1936ko gerran lehergailu bat bota zuten Itzinan eta bertako pertsona batek eragindako zuloari "bonbeajausikolekue" deitu zion. Oso izen polita, adierazgarria eta euskalduna.

Bestalde, Orozkon erabiltzen dituzten hitz batzuen berezitasunak ere aurkeztuko ditut. Adibidez, Orozkon ez da gauza bera "entradea" eta "sarrera".

Nik, bukatzeko, Jose Maria Olabarriari eman nahi dizkiot eskerrak izen horiek guztiak gordetzeagatik. Bere senideen oinordea baitira. Beste batzuk ez dituzte izenak mantendu eta nik egindako lanak aurrera egin zuen bere ekarpenei esker.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide