Naturayala blogak eskualdeko txorien inguruko testua argitaratu du. Bertan txorien populazioaren inguruan egin duten ikerketa azaldu du Xabi Iturratek:
"2006n Aiarako Landa Eremuko Hegazti Arrunten Jarraipen Sarea jarri genuen martxan (RESACCA). Aiarako landa eremuko hegazti arrunten jarraipena egiteko ekimena dugu hau, epe luzera hegazti arrunten jarraipenaren inguruan aritzen diren beste sare batzuk bezalakoa da, “Sociedad Española de Ornitologiak” aurrera daraman SACRE proiektua bezala.
Aiarako landetan 50 puntu ezarri ditugu, non 5 minututan ikusten eta entzuten ditugun hegazti guztiak kontutan hartzen ditugun. Udaberri bakoitzeko bi pasada egiten ditugu.
Hegaztien populazioetan ematen diren aldaketak ezagutzeko, egonkor dirauten ala ugaritzen nahiz urritzen ari diren, epe luzerako jarraipenak egin behar dira, datuak urteetan zehar jasoz nahiko datu izan arte bilakaera fidagarriak ezartzeko.
“RESACCA”ren lanak Aiarako landa eremuetan zentratzen dira, paisai hau agian gure eskualdeko bereizgarriena izanik, naturaren eta nekazal jardueraren arteko elkarreraginak sortua, abelazkuntza estentsiboak bereziki.
Paisai naturala izateaz gain kulturala da beraz, balio estetiko nahiz naturalistiko handikoa. Eta Aiarako landazabaletako hegazti populazioetako joerek, RESACCAri esker ezagutzen ditugunak, paisai honen osasunari buruzko informazioa eskaini dezakete.
Zortzi urtez datuak jasotzen egon ondoren, 2013. urtean Salvagoro elkartean datuen lehen trataera matematikoa egin dugu, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren laguntza bati esker.
Emaitzek orokorrean Europa osoan antzematen ari den fenomenoa baieztatzen dute: nekazal inguruei eta landa eremuei loturiko hegazti populazioen beherakada, eta baso inguruei loturiko hegaztien gorakada, beste jarraipen sareen emaitzekin bat eginik. (Link honetan baieztatu dezakezue nola arazo hau ere Europako beste lurraldetan ematen ari den).
Enararen kasuan adibidez, bere populazioen beherakada indartsua antzeman dugu, %70 ingurukoa. Beste espezie batzuetan, txorru arrunta kasu, neurrizko jaitsiera egon da. Eta ordea landa eremuko beste espezie bereizgarri batzuk, pitxartxar kaskabeltza bezalaxe, igoera apala edo populazioen mantentzea jasan dute.
Azterketaren beste ondorioa honako hau da: zortzi urteko datuak oraindik ez direla nahiko espezie askoren populazioen joera argitasunez zehazteko, bakarrik 9 espeziengan aurkitu baitugu aldaketa estatistikoki esanguratsua. Ordea, bai sumatzen dela, esan dugun bezala, joera negatiboa nekazal eta landa eremuekin zuzenki lotuago dauden espeziengan.
Gainbehera honen arrazoiak zehaztea zaila izan arren, eragile ezberdinek sortutako ondorioen pilaketa izango dela sumatu daiteke: nekazaritzaren intensiboaren areagotzea, landa eremuen degradazioa, ingurunearen artifizializazioak sorturiko azalera murrizketa, lehia interespezifikoa…
Urte hauetako kanpo-lanetan eta datuen trataera estatistikoan nahiz azterketan Gustavo Abascal, Enrique Arberas, Mario Corral, Patxi Urruela, Javier López de Luzuriaga, Azaitz Unanue, Pedro Cruzado eta Xabier Iturrate aritu gara. Lana osoa ezagutu nahi baduzu lotura honetan lortu dezakezu."