Organikoa birziklatzera bidean lehen pausoak emango ditu Aiarako Kuadrilak

Txabi Alvarado Bañares 2014ko ira. 24a, 10:01

Organikoa jasotzeko 31 edukiontzi jarriko ditu Aiarako Kuadrilak Laudio, Amurrio, Okondo eta Aiaran. Herri txikiagoetan, berriz, konpostajea egiten ikasteko tailerrak egingo dituzte. Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntza baten bidez jarri dute martxan egitasmoa, eta “lehen pausoa” baino ez dela aurreratu dute.

Organikoa jasotzeko 31 edukiontzi jarriko ditu Aiarako Kuadrilak Laudio, Amurrio, Okondo eta Aiaran. Herri txikiagoetan, berriz, konpostajea egiten ikasteko tailerrak egingo dituzte. Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntza baten bidez jarri dute martxan egitasmoa, eta “lehen pausoa” baino ez dela aurreratu dute.

Edukiontzi berdera bota ohi den zaborra, “organikoa” deitzen zaion arren, ez da organikoa. Organikoa animali edo landereetatik eratorritako hondakinek osatzen dute. Edukiontzi berdera beste hainbat hondakin ere sartzen dira, errefusa sortuaz. Errefusa ez da birziklagarria: zabor organiko hutsa, berriz, bai, konposta sortu baitaiteke animali eta landareen hondakinekin. Horregatik, organiko hutsaren bilketan lehen pausoak ematen hasteko kanpaina jarri du martxan Aiarako Kuadrilak, Organikoa, falta den zatia lelopean.

Kanpaina horren baitan, orain arte zaborra biltzeko egon diren edukiontziei (beirarena, plastikoena, errefusarena eta paper eta kartoiarena) organikoarena gehituko zaie. Guztira 31 jarriko dira: 13 Laudion, 11 Amurrion, 5 Aiaran eta 2 Okondon. Edukiontzi horiek, baina, ezingo dira edonola erabili. Giltzaz itxita egongo dira, organikoa ez beste zaborrik sartu ez dadin. Edukiontzientzako giltzak datozen egunetan herriz herri jarriko diren informazio puntuetan eskuratu ahal izango dira doan, zaborra jasotzeko ontzi zulodunarekin eta poltsa konposagarriekin batera. Guztira halako 500 “kit” banatzea dute aurreikusia Aiarako Kuadrilatik: 280 Laudion, 165 Amurrion, 50 Aiaran eta 30 Okondon.

Edukiontzien bidez jasotzen den zabor organikoa Gazteizko Udalaren biomekanizazio fabrikara eramango da, eta konposta egingo da bertan. Konposta egitea da, hain zuzen, Kuadrilako herri txikietan sustatu nahi dena.

Arespalditzan konpostaje ikastaroa eskainiko da urriaren 4ean, 11:00etan, udaletxeko erabilera anitzeko aretoan. Luiaondon 18an egongo da ikastaroa, Sozialean, 12:30etan. Okondoarrek ere egun berean izango dute konpostajea nola egin ikasteko aukera, 10:00etan Kultura etxean. Ikastaroetan parte hartzeko aurretik eman behar da izena, 900866963 telefonoaren edo aiarakoposta@gmail.com helbidearen bidez. Artziniegan, berriz, konpostajearen inguruko jardunaldi batzuk egingo dira, eta edukiontzien zerbitzua jardunaldiek izaten duten harreraren arabera eskainiko da.

ZENBAKITAN:

500 Organikoa jasotzeko bostehun kit banatuko dira

 31 edukiontzi egongo dira eskualdean

 %40 Familiek ekoizten duten zaborraren ia erdia organikoa da, eta birziklatu daiteke.

Zerbitzua, “anekdotikoa”
Aiarako Kuadrilako Ingurumen arlotik azaldu dute eskainiko den zerbitzua, hein batean, “anekdotikoa” izango dela. Izan ere, banatuko diren giltza eta “kit”-ekin koadrilako 500 familiek baino ezingo dute organikoa birziklatu. Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntza bati esker atera da egitasmoa aurrera. Baina halako diru-laguntza gehiago egongo ez direla adierazi dute Aiarako Kuadrilatik. Gauzak hala, ingurumen arlotik adierazi dute etorkizun batean zerbitzua handitu nahiko balitz udalek ekonomikoki lagundu beharko luketela.

Bizkaian ere, konpostajea
Aiarako Kuadrilan soilik ez, Aiaraldeko herri bizkaitarretan ere pausoak emango dituzte zabor organikoa birziklatzeari begira. Udaltalde 21 Jasangarritasun bulegoak konpostajearen inguruko informazio banatuko du urrian herri horietan. Gainera, Urduñan zabor organikoa konpostaje bilakatzeko ekimen bat jarri du martxan herritar talde batek.

Hamar familia ari dira ekimenean parte hartzen. Udaletxearen atzealdeko landan dagoen etxola batean egiten dute konposta. Sendi bakoitzak etxolaren giltza bana dauka, sortutako zabor organikoa bertan sartzeko. Ekimenak arrakasta badu hiriko beste auzoetan hedatzeko asmoa dutela adierazi dute antolatzaileek. Hortaz gain, larunbatean (irailak 27) konpostaje tailer bat egingo dute Foru Plazan, 12:00etan.

INFORMAZIO PUNTUAK

Data eta toki hauetan  banatuko da organikoa jasotzeko materiala.

LAUDION

IRAILAK 25
10:00-14:00, Lamuza Plazan
16:00-20:00, Latiorro
auzoan, Untzueta Plazan

IRAILAK 26
10:00-14:00, Ugarteko plazan

URRIAK 1
16:00-20:00, Aretan, estanko
inguruan

AMURRION

URRIAK 1
10:00-11:30, San Jose auzoa
12:30-14:00, Landako auzoa

URRIAK 2
16:00-20:00, Bañueta
Udal Kiroldegia

URRIAK 3
10:00-14:00, San Anton-
Dionisio Aldama plaza

AIARA

URRIAK 2
10:00-14:00, Arespalditza,
anbulategi ingurua

URRIAK 3
16:00-20:00 Luiaondon,
Padura kalean.

OKONDO

IRAILAK 26
16:00-20:00, Garaikoetxea
etorbidean

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide