Tubacex-ek “asmoen akordioa” sinatu du IBF enpresa italiarra erosteko, helburua da operazioa 2014ko azken hiruhilekoan gauzatzea. Laudion egoitzan duen enpresak akzioen erosketaren bitartez egin nahi du.
Enpresa italiarra liderra da soldadurarik gabeko altzairu herdoilgaitzaz egindako hodien ekoizpenean. Horretarako aleazio altuak erabiltzen ditu eta egiten dituen hodiak Tubacex-ek ekoizten dituenak baino handiagoak eta lodiagoak dira.
Ekimenaren atzean hodien ekoizpenaren gama ixtea dago, balizko bezero guztiak asetzeko.
IBF “mundu mailako ekoizle erreferentziala da eta neurrira egindako konponbideak eskaintzen die petrolio eta gasa ustiatzen, elektrizitatea -arrunta eta nuklearra- sortzen eta industria petrokimikoaren eta gas likidoa ekoizten duten konpainia liderrentzat”.
Tubacexek Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari azaldu dio lantegi italiarrak bi faktoria dituela Italian, 300 langile inguru eta 140 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtero.
Operazioa hazteko estrategiaren barruan dago eta Plan Estrategikoak jasotzen du. “Arrakastaz bukatuko balitz konpainiari erraztuko dio bere produktu sorta osatzea eta petrolio, gas eta energiaren esparrutan areagotuko du bere presentzia.”
Mundu mailan lehiakortasuna gero eta handiagoa da eta hodi ekoizleak gero eta gehiago bereizten ari dira.
Kontseilari delegatua Juan Esmorisek azaldu zuen duela aste batzuk akziodunen batzordean “plan estrategikoa oinarrituta dago gama altuko produktuen espezializazioan eta operazioen bikaintasunean”. Testuinguru horretan Italiako erosketak sortu nahi du bikaintasun aro berria, hazkunde errentagarria eragiteko.