2013ko martxoaren eta 2014ko urtarrilaren artean garatutako proiektuan, 21 esku-hartze egin dira eskualdeko 11 udalerrietako 11 tokitan, eta, bertan, kalte handiak zituzten ibaiertz-tarteak leheneratu dira, eta erribera horiek korridore ekologiko gisa duten funtzioa indartu da.
Ekintzak izan dira, batez ere: eskuz erauzi dira landare exotiko inbaditzaileen zenbait espezie; isurialde kantauriarreko ibai-erriberetako zuhaitz eta zuhaixka espezie autoktonoak landatu dira; erribera eta ubideetako hondakinak garbitu dira; herritarren eta parte-hartzaileen ingurumen sentsibilizaziorako materialak prestatu dira, eskualdeko ibai eta erriberei dagokienez eta toki horiek kontserbatzearen eta ingurumen aldetik hobetzearen garrantziari dagokionez; eta, azkenik, boluntario eta ikasle taldeak dinamizatu eta gainbegiratu dira ekintza guztietan.
Guztira, espezie exotiko inbaditzaileen 973 ale erauzi dira, denak ere landare exotiko inbaditzaileen bederatzi motatakoak.
Guztira, 5.269 kiloko pisua izan dute. Horien ordez, ibaiertzetako espezie autoktonoen 1.798 ale landatu dira, bertako landaretza leheneratzeko eta ibaietako fauna eta flora espezieei habitat egokia eskaintzeko.
Garbitutako inguruei dagokienez, 2.026 kilogramo hondakin jaso dira, hainbat motatakoak. Hondakin horiek, kasu bakoitzaren arabera, edukiontzietara edo Garbiguneetara eraman dira ibaiertzetatik.
Ikastetxe hauek aritu dira programan parte hartzen eskualdean: Urduña LHI eta Orozkoko Harana Herri Ikastetxea. Ekintza horiek eskola-orduen barruan egin dira.
Gainerako ekintzak asteburuetan egin dira, herritar partikularren parte-hartzearekin eta eskualdeko zein Bizkaiko Lurralde Historikoko gainerako tokietako elkarteen lankidetzarekin.
Proiektuaren alderdi dibulgatzailea osatzeko, hitzaldiak egin dira ekintzetan bertan; 11 kartel iraunkor jarri dira inguru horietan, kontserbatu beharreko ezaugarriak eta balioak zeintzuk diren adierazteko; egindako ekintzei buruzko 1.500 informazio-liburuxka banatu zaizkie parte-hartzaileei, udal arduradunei eta ikastetxeetako ordezkariei; kartelak editatu dira eta kontaktu-multzo handi bati helarazi zaio informazioa (43 prentsa-ohar).
Landare autoktonoak
Azkenik, ekintzei buruz ondorengo hilabeteetan egindako jarraipenaren arabera, berretsita geratu da landatutako landare autoktonoen biziraupen-indizea oso altua dela, eta ale exotikoak erauztearen eraginkortasuna ere oso handia dela (%80). Era berean, inguru horien leheneratze ekologikoari dagokionez, ekintzek eragin positiboa izan dute.
Proiektuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntza jaso du.