"Ramadana guretzat hilabete gozoa eta gure burua hobeto ezagutzeko aukera da"

Erredakzioa 2014ko uzt. 27a, 16:48

OTHMAN ALFREDO GOMEZ-CAMBRONERO (Bilbo, 1969) euskalduna ez ezik musulmana ere bada. Pasa den astean hitzaldia eman zuen Laudion Ramadana zer den azaltzeko.

Noiz egiten da Ramadana?

Berez Ramadana da egutegi islamikoaren 9. hilabetea. Egutegi hau ilargiaren araberakoa da beraz, urtetik urtera, eguzkiaren araberakoa baina 11 egun gutxiago ditu. Uztailaren 1ean beraz hasi zen eta bihar edo etzi bukatuko da, ilargiaren arabera.

Igandean ez da Ramadana egiten baina bai jai bat, Aid Al Fitr deiturikoa. Ramadanaren bukaeraren jaia da.

OTHMAN ALFREDO GOMEZ-CAMBRONERO (Bilbo, XXXX) euskalduna ez ezik musulmana ere bada. Pasa den astean hitzaldia eman zuen Laudion Ramadana zer den azaltzeko.

Noiz egiten da Ramadana?

Berez Ramadana da egutegi islamikoaren 9. hilabetea. Egutegi hau ilargiaren araberakoa da beraz, urtetik urtera, eguzkiaren araberakoa baina 11 egun gutxiago ditu. Uztailaren 1ean beraz hasi zen eta bihar edo etzi bukatuko da, ilargiaren arabera.

Igandean ez da Ramadana egiten baina bai jai bat, Aid Al Fitr deiturikoa. Ramadanaren bukaeraren jaia da.

Zertan datza Ramadana?

Berez Ramadana izan zen Koranaren lehenengo txatalak heldutako hilabetea. Musulman bezala horretara heltzeko Mohamed profetaren eta gizadian egondako 1000 profeten eredua jarraitzen dugu. Izan daiteke Mohamed, Jesus edo Moises edo Abraham.

Normalean haiek Ahalguztidunaren hitza jasotzen zutenean aingeru baten bidez egoera berezi batean aurkitzen ziren eta Mohamed profetaren garaian baraualdia egiten zebilen, aparteko leku baten kobazuloan... eta guk musulmanok bilatzen dugu aparteko egoera bat. Anai-arreben artean egiten dugu eta azkenengo 10 egunetan batzuk erretiratzen gara meskitara otoitz gehiago eta ekintza gehiago egin daitekeen leku batera.

Goizean hasten da baraualdia eguzkiaren lehenengo izpiarekin, gau iluna oraindik denean eta luzatzen da gaua hasi arte.

Asteazkenean adibidez 05:15ean hasi genuen, gosari berezi batekin -likido ugariz osaturik eguna hobeto igarotzeko, indarrak ematen baitigu- eta bukatu genuen 21:45ean. Une horretan esnea eta datilak hartzen ditugu, energia handia ematen duelako. Beste batzuk zukuak hartzen dituzte, gero otoitz egiten dugu eta jarraian afari normala. Afarian hala ere likidoak hartzen ditugu gehienbat.

Zeintzuk dira Ramadanaren helburuak?

Alde batetik gure sortzailearen barkamena bilatzea. Horretarako barkamena bilatu behar dugu eta gurekin zorretan daudenak barkatu.

Horretaz gain Sortzailearen bihozberatasun osoa bilatzen dugu. Azken hamar egunetan badago gau bat Laylat al-Qadr deitzen dena eta erabakiaren gaua da.

Egun horretan Sortzaileak erabakitzen du bekatu guztiak garbitzea eta gure etorkizuna. Guk egun horretan nahi duguna bidezko ekintzen bidez barkamena irabaztea.

Berez Ramadanak baditu alderdi ezberdinak ere. Espiritualak, psikikoak, fisikoak, kulturalak, ekonomikoak... eta oso positiboa da. Zentzu horretan nabarmendu nahi dut gure gizarte kristau-katolikoaren ikuspegiarekin alderatuta hau ez dela zigor bat edo penitentzia.

Guretzat hilabete gozoa da eta gure burua hobeto ezagutzeko aukera ematen digu. Badakigu Satan preso dagoela eta gure arimarekin egiten dugu topo; gure egolatria, adibidez.

Horregatik esaten dugu ikuspegi psikologikotik oso interesgarria dela gure buruaren ezagutzan sakontzeko eta gure jokabidearen akatsak zuzentzeko.

Alde sozialetik musulmanen arteko harremanak estutzen dira. Otoitz gehiago egiten saiatzen gara, elkartzen... Derrigorrezko otoitzez aparte badago beste bat borondatekoa dena eta horretan barkamena eskatzen zaio sortzaileari gure portaera dela eta.

Honek guztiak ondorioak dauzka eta elkartasun proiektuak sustatzen dira. Proiektu sozio-espiritualak. Duela 3 urte lurrikara izan zenean Haitin adostu genuen horretara bideratzea dirua eta orain Palestinako gatazkara edo inguruko jendea laguntzera. Jatekorik ez duenari ere baraualdia eteten laguntzen dugu etxean, edo meskitetan baraualdia bukatzen denean elikagaiak izateko bideratzen dugu dirua... Nolabait horrek ere mugitzen du dirua. Horregatik esaten dugu helburu ekonomikoa ere betetzen dela.

Era berean meskita zaharrak sortzeko edo zaharberritzeko aukera dago.

Gizon eta emakumeentzako baraualdia da?

Bai, pertsona guztientzat. Salbuespen batzuk daude baina egoera fisikoarekin dute lotura. Islamean derrigorrezko baraualdia da Ramadana baina badago borondatezkoa. Hori egun zehatz batzuetan egiten da.

Hala ere ez da abusatu behar. Bilatzen duguna da oreka bat bizitzaren atal guztien artean. Baraua bezain garrantzitsua da lana edo familia zaintzea. Ezin da muturreko egoera batera jo. Pertsona batek urte erdia barauan ematea ez dago Islamaren barruan. Bai, ordea, baraualdi sistemikoa, psikikoki -arimaren aldetik- eta fisikoki -gorputza garbitzen- hobetzeko.

Salbuespenen aldetik, haurdunaldian edo edoskitzaroan dauden emakumeak ez dute egin behar. Umeek hasieran ordu batzuk egin dezakete edo egun zehatzen bat, ikasteko, adinaren arabera, 10 urtetik aurrera. Adineko jendeak ere ezin du, egiteko moduan ez badago behintzat. Ondorio fisiko larriak sortuz gero ezin dute egin. Bilatzen dena hobekuntza orokorra da eta ez egoera fisikoa okertzea.

Badaude salbuespen gehiago: gaixoak, desgaituak direnak... Euren buruen jabe ez direnek ez dute egin behar, ezin dutelako jakin zertarako egiten den baraualdia.

Gizarte kristau-katoliko batean zer nolako oztopo dituzue Ramadan egiteko?

Hemen bizi garen musulman guztion artean aipatzen dugu -batez ere euskal jatorria dugunok- gizartean gure lekua egin behar dugula. Jendeak ez daki orokorrean Ramadana egiten gabiltzala edo lotzen du atzerriko kontu batekin.
Normalena izan ohi da hori lantokitan. Ikusten dute agian ez dugula ematen une jakinetan ahal dugun beste. Hori bakoitzak duen lanaren arabera.

Herrialde musulmanetan saiatzen dira normalean lanaldia murrizten. Lanaldi erdia eginez edo aurretik ateraz. Eta nolabaiteko elkartasuna badago. Ikusten badute pertsona bat ez dela heltzen, edo Ramadanaren hasieran edo bukaeran dagoela eta kostatzen zaiola elkar laguntzen saiatzen dira.

Baina gure gizartean, batik-bat ugazabek eta enpresariek, ez dute onartzen. Agian onartzen dute eguberrian jendea mozkortuta heltzea edo erdi oporretan ibiltzea lanean baina ez gure kasuan gertatzen dena. Agian goizean oso goiz altxatu gara eta eguerdian apur bat nekatuago gaude eta leku batzuetan oztopoak aurkitzen ditugu.

Hala ere gure esku dago lankideei eta jendeari azaltzea zer den Ramadana eta sindikatuen babesa eta elkartasuna bilatzea.

Guk eskertzen dugu igandean ez irekitzeko eskatzen den moduan -ohitura kristau-katolikoa jarraituz- islamen dauden jaiegunak gauzatu ahal izatea. Bide bat egin da, ostiralean otoitz nagusia denean jendea agiri bat aurkeztuz joan daiteke lehenago. Horrelako kontuak apurka lantzen goaz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide