Erreportajea: Igel arrantza, bonbona lasterketak... ekintza originalak eskualdeko jaietan

Erredakzioa 2014ko uzt. 16a, 08:30

Jaiak omen dira inhibizio guztiak baztertzeko eta gauza bereziak egiteko unea, baina orokorrean jai guztiek eskaintzen dituzte ekintza berdinak: kontzertuak, bazkariak, erromeriak... Baina horrela da beti? Jarduera bitxiak maite dituenak badauka eskaintza oparoa Aiaraldeko Jaietan.

Igel arrantza

Jaiak omen dira inhibizio guztiak baztertzeko eta gauza bereziak egiteko unea, baina orokorrean jai guztiek eskaintzen dituzte ekintza berdinak: kontzertuak, bazkariak, erromeriak... Baina horrela da beti? Jarduera bitxiak maite dituenak badauka eskaintza oparoa Aiaraldeko Jaietan.

Igel arrantza

Nahiz eta urtero ez duten egiten, Aginagan igelaren arrantza modu xelebrean asmatu dute. Ehiza mota hori duela urte batzuk sortu zuten. Aginagako plazan dagoen iturrian igel bat zegoen eta herritar batzuei bururatu zitzaien -gaueko ordu txikitan, jakina- apustu egitea ea nork aterako zuen lehenago.

Igela gizakiak baino hobeto mugitzen zenez uretan, baldeak erabiliz hustu zuten iturria eta orduan bai, igela harrapatu zuten, geroago errekan askatzeko. Kirol mota hori praktikatzeko aukera egongo da uztailaren 24an, osteguna, gaueko 04:00etan.

Animali gehiago, gizakiak ez ezik

Okondon animaliek froga harrigarrietan ere parte hartzen dute, barraskiloen lasterketa antolatzen baitute. Antolatzaileek bi borobil margotzen dituzte zoruan; bat txikia eta hurrengoa handiagoa. Lehiakideek bere barraskiloak lehen borobil txikian sartzen dituzte eta horietako batek bigarren borobilera heltzea lortzen duenean bukatzen da lasterketa.

Polemikoagoa da Aretan egiten den lasterketa; kasu honetan, astoena. Pasa den urtean Equo alderdiak gogor kritikatu zuen Aretan ohitura bilakatu den lasterketa hori. Ekintza horrek herritar ugari erakarri ez ezik, kanpoko lehiakideak ekartzen ditu. Krudelkeria arrastorik egon ez dadin lasterkariek egunkari biribildurik bakarrik erabili ditzakete astoak xaxatzeko.

Muturreko kirolak: Bonbona lasterketa

Herri kirol berriak asmatu dira eskualdean zehar. Adibide deigarriena Artziniegakoa izan daiteke. 1992. urtean Goma Bi koadrilak jaien antolakuntza hartu zuen bere esku. Jendearen partaidetza sustatzeko gauza berriak asmatzea erabaki zuten eta horrela bonbona lasterketa aurkeztu zuten.

Horretarako Alde Zaharreko Goienkale kalea hautatu zuten, harrizko zorua mantentzen baitu. Lasterketa bikoteka egiten da: pertsona bakoitzak eskuleku bat hartzen du. Bikoteak kalea igo eta jaitsi behar du. Marka onena, momentuz 38 segundokoa da.

Hasieran neskek parte hartzen ez bazuten ere, orain euren kategoria daukate. Gas bonbona inoiz ez dago guztiz beterik, baina erorketak ugariak izan ohi dira.

Joseba Vivancok -asmatzaileetako batek- azaldu du umeen artean "harrobia lantzeko" garrafa lasterketa ere egiten dutela. Umeek bikoteka garrafa bat eraman behar dute eta adinen arabera maila ezberdinak daude. Vivancoren ustez, "giro bikaina sortzen da, gurasoak elkartzen baitira animatzeko".

Herri kirolak

Herri kirolak moldatu ez ezik, ahaztutako zenbait froga berreskuratzen saiatzen dira Okondon. Aiaraldeko herri horretan ikus daiteke bakarrik makila jaurtiketaren erakustaldia. Aspaldi ezaguna zen kirol mota horrek presentzia galdu du eta okondoarrek bere garrantzia goraipatzen saiatzen dira San Romango jaietan.

Diziplina honen teknika erabiliz Miguel de la Cuadra Salcedok 1960. urteko joko olinpikoetan xabalina jaurtiketa esparruan zeuden marka guztiak hautsi zituen, hala ere, federazioak ez zuen bere teknika aitortu eta marka ezer ezean geratu zen.

 

Koadrilen arteko txapelketak

Koadrilen arteko lehia sustatzeko hainbat herri kirol moldaturik egiten dira eskualdean. Artziniegan bonbona lasterketa ez ezik beste froga batzuk ere egiten dituzte. Amurrion parkean elkartzen dira hainbat gazte Koadrila Egunean antolatzen diren froga anitzetan: ski taula, twister...

Laudion hiru hitzordu dituzte koadrilek lehiatzeko. Lehen erronka txupin egunean da. Ski-Taula lasterketa egiten baitu urtero Ñorrala koadrilak. Horretarako egurrezko bi taula gainean igo behar dira koadrilaren lau lagun eta aurkariei irabazi. Frogan garaitzeko ezinbestekoa da taldekideen arteko koordinazioa eta, txupina izanda, alkoholak psikomotrizitatearengan duen eraginak barre ugari sortzen ditu ikusleen artean.

Laudion koadrilek dituzten beste bi hitzorduak dira Zoroak-ek antolatzen duen Herri Kirolak Extreme eta Patrizioak eta Zamaltzainak koadrilek -aurten elkarrekin lehenengoz- prestatzen duten gymkana. Bi kasuetan alkoholarekiko erresistentzia izatea komeni da.

Orozkon egiten duten Joko Poteoan ere ezaugarri horiek izatea garrantzitsua da.

Koadrilei begira ez bada ere, Konkisoxo lehiaketak herri kirolak eta froga basatiak uztartzen ditu -gauza izugarri pikanteak jatea, adibidez-.

Askoz serioagoak dira Baranbio eta Lezamako jaietan bertako herrietako koadrilek egiten dituzten herri kirol txapelketak.

Parapentea

Igande honetan, eguraldiak lagunduko balu, parapentea egiteko aukera emango dute Orozkoko Santa Marina jaietan.

Tiragoma

San Romango jaietan, anbizio handiarekin agian, Munduko Tiragoma Txapelketa egiten dute.

Praka eta gona barik edo mozorroturik

Ohiko janzkera alde batean uzteko hainbat proposamen daude Aiaraldean. Gantzontzilo eta kulero lasterketa antolatzen baitute gaueko ordu txikitan Laudion -Odoloste Egunean- eta Artziniegan.

Mozorrotzea nahiago duenak hainbat aukera ditu hamaika herritan: Arrankudiaga-Zollon jaien bezperan, Orozkon, Okondon, Salmantoneko jaietan... Artziniegan antolatzen duten kronoeskaladan ere mozorrotzeko parada dute txirrindulariek. Amurrioko Jaietan Iguarrako agurtzeko asmoarekin jendea mozorro dadin eskatu du Udalak.

Egin ezazu nahi duzuna

Bakoitzak bere abilezia ezkutuak erakutsi ditzan, Okondoko Jaietan “Egin ezazu nahi duzuna” ekimena antolatzen dute, asmoa da nahi duenak nahiago duena egitea; txiste bat kontatzea, dantzatzea, abestea... Arima askeentzako ekintza.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide