ASASAM, 25 urte lanean buruko gaixotasunen estigmaren aurka

Txabi Alvarado Bañares 2014ko eka. 28a, 10:23

Mende laurden bete du Aiaraldea mailan jarduten duen ASASAM elkarteak. Duela 25 urte sortu zuten buruko gaixotasuna zuten eskualdeko hainbat herritarren familiek, euren senideen integrazio osoa lortzea xede harturik. Bere ibilbidean zehar hainbat aurrerapauso ematea lortu du elkarteak, baina helburua berdina da oraindik.

Mende laurden bete du Aiaraldea mailan jarduten duen ASASAM elkarteak. Duela 25 urte sortu zuten buruko gaixotasuna zuten eskualdeko hainbat herritarren familiek, euren senideen integrazio osoa lortzea xede harturik. Bere ibilbidean zehar hainbat aurrerapauso ematea lortu du elkarteak, baina helburua berdina da oraindik.

Buruko gaixotasuna zuten Aiaraldearren familientzako topagune bat izatea. Hori izan zen ASASAM elkartearen hasierako xedea. Duela 25 urte sortu zen ASASAM, estatu mailan buruko gaixotasunaren “desinstitunalizazioa” eman zen garaian, elkarteko lehendakaria den Maria Angeles Arbaizagoitiaren hitzetan.

Ordura arte buruko gaixotasunen bat diagnostikatzen zitzaionari “zoroetxe batera bizi osorako” bidaltzen zutela azaldu du Arbaizagoitiak, eta salatu du desinstitunalizazioa eman zenean zoroetxeak albo batera utzi zirela, baina estatua ez zela gaixoen zaintzaz arduratu, “lan-karga guztia familien esku geratu zelarik”.

Ugariak dira buruko gaixotasun bezala sailkatzen diren gaitzak, baina ezkizofrenia da ohikoena, Arbaizagoitiaren arabera. Hala ere, lehendakariak azpimarratu du halako gaixotasunak dituzten pertsonak ez direla batere arriskutsuak; “aitzitik, oso sentiberak dira”.
Gaur egun, gaixoen integrazioa lortzea da ASASAM elkartearen helburu nagusienetako bat. Horretarako ugariak dira elkarteak dituen egitasmo eta programak, gaixoek beraiek kudeatzen duten ortu ekologikoa tartean. “Gaixoen autonomia hobetzera bideratutako programak daude, baita familiei zein jendarteari zuzendutakoak ere”, azaldu du elkartean gizarte langile moduan dabilen Gurutze Villanuevak. Halako programek “putzutik irteten” laguntzen diote gaixoari, Naiara Aldama erabiltzailearen hitzetan. “Zure egoera berean dagoen jendea ezagutzeko balio dizu, eta baita buruko gaixotasunik ez duen jendea ezagutzeko ere”.

Estigmari aurre eginez
ASASAMen beste helburuetako bat buruko gaixotasunen gaineko estigmari aurre egitea da. Aurrerapausoak eman diren arren, egin beharreko ibilbidea “erdizka” eginda dagoela dio Aldamak, eta gaineratu du estigmak bere horretan jarraitzen duela baieztatzen duten egoerak bizi izan dituela, “atzo bertan halako bat bizi izan nuen”.

Aldamaren aitak, Patrik, bat egiten du iritzi horrekin. “Familia asko ez dira elkartera etortzera ausartzen ingurukoek esan dezaketenaren beldur direlako”. ASASAMeko lehendakariak datuak jarri ditu mahai gainean: estatistiken arabera Aiaraldean 800 gaixo inguru daude, baina elkartean 120 baino ez dabiltza, “atera kontuak”. Hala ere, apurka-apurka estigma gainditzen doazela uste du Patri Aldamak, “errotik kentzeko zaila den arren”.
Helburua, baina, hori dela azpimarratu du Arbaizagoitiak, “buruko gaixotasunak normalizatzea eta harresiak eraistea”. Horren harira, lehendakariak gogorarazi du badaudela bizitza osorako diren beste gaixotasun batzuk guztiz onartuak daudenak. “Buru gaixotasuna duena intsulina hartu behar duen diabetiko bat bezain normalizatuagoa egotea da asmoa”

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide