"Taldean parte hartzeko baldintza bakarra irakurtzea gustuko izatea da"

Erredakzioa 2014ko eka. 27a, 09:35

IRATI MARAÑON (Amurrio, 1982) irakurle amorratua da eta "Harri, orri, ar" ekimenean parte hartzen du. Irakurle klubak lehen saioa egin zuen duela astebete eta horren inguruan mintzatu da.

Nola bururatu zaizue "Harri, orri, ar" ekimena, zeintzuk dira beteko dituen gabeziak? Erreferenteren bat izan duzue?

IRATI MARAÑON (Amurrio, 1982) irakurle amorratua da eta "Harri, orri, ar" ekimenean parte hartzen du. Irakurle klubak lehen saioa egin zuen duela astebete eta horren inguruan mintzatu da.

Nola bururatu zaizue "Harri, orri, ar" ekimena, zeintzuk dira beteko dituen gabeziak? Erreferenteren bat izan duzue?

Prozesu sinplea izan da. Irakurtzea eta hitz egitea maite dugu, eta bi pasio horiek elkartzea bururatu zitzaigun. Irakurtzeak ez du zertan beti bakarkako lan bat izan. Zergatik ez gara irakurleak elkartuko irakurritakoaren gainean hausnartzeko? Irakurketaren esperientzia aberastu egiten da horrela. Irakurle taldeak martxan dauden Euskal Herriko hamaika herritan badakite hori, eta orain guk izango dugu probatzeko aukera. Amurrion , esaterako, badago literatur-talde moduko bat, baina gaztelaniaz aritzen dira. Guk, ordea, hasiera-hasieratik izan genuen oso argi proiektuak euskaraz funtzionatu behar zuela.

Zertan datza, zeintzuk dira proiektuaren oinarriak?

Hiru dira proiektuaren oinarriak: buru barrutik aterako ditugun harrikadak, liburuetako orriak eta zintzurra bustitzeko ardoa. Hau da, proposatutako liburuak irakurri eta irakurritakoaren gainean gure iritzia emateko elkartuko gara, ardo eta mokadutxo baten laguntzarekin. Hortaz, esan beharrik ere ez dago, proiektu honen zutabe nagusia irakurleak dira.

Proiektua aurkeztu duzue jada. Zelan joan da lehen saioa?

Taldea aurreko ostiralean aurkeztu genuen, ekainaren 20an, eta badirudi proiektuak jakinmina piztu duela. Pozik gaude, beraz. Dena den, aurkezpenera etorri ziren guztiak emakumezkoak izan ziren. Egia izango al da, hortaz, emakumeek gizonek baino gehiago irakurtzen dutela dioen topiko hori?

Noiz izango da hurrengoa eta zein izango da erabiliko duzuen dinamika?

Hurrengo saioa irailaren 19an izango da, 19:00etan, Laudioko Basalarrina elkartearen egoitzan. Hizpide izango dugun liburua Danele Sarriugarteren Erraiak izango da. Obra horrekin Igartza literatur saria irabazi zuen Sarriugartek eta, egia esan, zeresan handia ematen ari den liburua da. Gure literatur saioekin hasteko obra erakargarria da, beraz.

Dinamika erraz-erraza da. Taldeko kide bakoitzak (bost gara) liburu bana aukeratu du, eta hiru hilean behin-edo elkartuko gara hari buruz hitz egiteko. Gutako bakoitza arduratuko da aukeratu duen liburuari buruzko eztabaida bideratzeaz. Gainera, egun horretan berak eraman beharko ditu jana eta edana. Gainerako parte-hartzaileek liburua irakurri beharko dute, noski, eta erabateko askatasuna izango dute nahi dutena esateko. Saioak ostiraletan izango dira, Basalarrinan. Liburuen zerrenda ekainaren 20ko aurkezpen-saioan eman genuen, eta hauxe da: irailean, esan bezala, Erraiak; azaroan, Ciudades rebeldes. Del derecho de la ciudad a la revolución urbana; urtarrilean Ilargi-harria; martxoan, Hau gizon bat bada; eta, azkenik, maiatzean, Arimak eta balioak.

Beharrezkoa da irakurle amorratua izatea parte hartzeko? Bufanda, betaurrekoak eta intelektuala izatea beharrezkoa da "Harri, orri, ar" ekimenera hurbiltzeko?

Ez, ez. Hain zuzen profil askotako parte-hartzaileak bilatzen ari gara, literatur-gustu heterogeneoak dituztenak, horrek taldea aberastu egingo du-eta. Taldean parte hartzeko baldintza bakarra irakurtzea gustuko izatea da, besterik ez. Gainera ez da ezinbestean saio guztietara joan behar, noski.

Zergatik da irakurle kluba erakargarria irakurtzen duen pertsona batentzat, zeintzuk dira ematen dituen aukerak?

Batetik, atsegin duzun gauza bati buruz hitz egiteko aukera ematen dizulako, eta, bestetik, ezagutzen ez zenituen autoreen obretara hurbiltzeko balio duelako. Literatur-taldeak, nire ustez, ikuspegia apur bat zabaltzeko bidea dira. Gainera, gure taldearen kasuan ez da pertsona bakarra arduratu irakurgaiak aukeratzeaz. Bost lagun aritu gara horretan, eta horrek nabarmen aberastu du proiektua.

Zein da zuk gomendatutako liburua eta zeintzuk izango lirateke aipatutako zenituzke 10 liburu?

Ilargi-harria aukeratu dut nik; ingelesez, The moonstone. XIX. mendean idatzitako nobelatzar klasikoa da, Wilkie Collinsena. Asko irakurtzen duen lankide ohi batek gomendatu zidalako aukeratu dut. Kontua da, Ingeles literaturako lehen detektibe-eleberritzat jotzen dutela adituek, misterio-eleberri modernoaren aitzindari, eta horregatik egiten zaidala erakargarri. Ea ba gustura irakurtzen dugun!

10 liburu aukeratu... ze zaila!!!. Gainera uste dut ez naizela batere originala izango: El conde de Montecristo, Memorias de Adriano, La sonrisa etrusca, Narrazioak, Obabakoak, El proceso, Crimen y castigo, La conjura de los necios...eta Jon Alonsoren eta Xabier Montoiaren oso zalea naizenez, Alonsoren lehenengo eleberria gomendatuko nuke, Katebegi galdua, oso dibertigarria da-eta, eta Montoiaren Gasteizko hondartzak.

Eta udan, hondartzan, nobela beltza irakurri behar da: Henning Mankell, Petros Márkaris, Ian Rankin, Camilleri, Arnaldur Indridason... Edo, bestela, Estatu Batuetako detektibe-nobela klasikoak: Hammetten Maltako belatza edo Chandlerren Betiko loa eta Ez adiorik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide