Ekainaren 21an San Joan bezpera gaua ospatuko da Aiaraldeko hainbat herri eta auzoetan. Urteko egunik luzeena izan ohi da egun hori, eta oso errotua dago gauean sua piztearen ohitura. Udako solstizioari lotutako festa eta ospakizunak, baina, kristautasuna ezarri baino lehenagokoak dira.
Urtero, ekainaren bukaerarekin batera, udako jaien maratoiari hasiera ematen dion gaua ospatzen da Aiaraldea osoan; San Joan gaua. Ospakizun honek baditu hainbat ezaugarri berezi egiten dutenak; Gaua, sugarren inguruko dantzak… Baina, non dago jai hauen jatorria? Zerk egiten du horren berezi ospakizun hau Euskal Herri osoan?
Gaur egun, Munduko hainbat lekutan antzeko ospakizunak topa ditzakegu data horien barruan, kokapen geografikoaren arabera izen ezberdina jasotzen dutelarik. Besteak beste, Suedia, edo Ameriketako Andeetako biztanleek, Midsommar eta Inti Rayni izeneko ospakizunak dituzte, udako solstizioaren eta eguzkiaren omenez. Euskal Herrian ere, egun horietan ospatzen diren jaien jatorria, Gabonen kasuan gertatzen den bezala, udako zein neguko solstizioak ospatzeko egiten ziren errituetan dago.
Izan ere, ekaina eta abenduko 20 eta 23. egunen artean izaten ditugu urteko egunik luze eta laburrenak, eta data horietatik aurrera, joera aldatuz doa. Bi data horien garrantzia, aspaldiko garaietatik nekazaritzak ekonomian zuen garrantzia, eta naturarekin harreman zuzenean zegoen gizarte tradizional baten testuinguruan ulertu behar da.
Faktore horiek eragin handia izango zuten ospakizun honek milaka urtetatik gaur egunera arte mantentzean. Honela, Kristautasunaren hedapenarekin batera, ohitura hauek gure lurraldeetan mantendu egin ziren.
Eliza, jai egun hauek beren tradizioarekin batzen saiatu zen, erabat paganoak ziren ospakizun hauei nortasun erlijioso bat emanez; San Joan Batailatzailearen egunaren bezpera, eta Jesusen jaiotzaren bezpera.
Sinismen eta ohiturak
Gau honi loturik dauden hainbat ohitura eta sinismen mantendu dira Euskal Herrian. Landareak, adibidez, garrantzi handia izan dute Udako Solstizioaren ospakizunean, Juan Manuel Etxebarria Ayesta irakaslearen hitzetan. Baserri zein etxeetako sarrera zein balkoietan, Lizar edo Haritza adarrak ipini egiten ziren, etxea babestuta mantentzeko helburuarekin.
Babes-funtzio honekin ere, Euskal Herriko hainbat bazterretan, San Joan egunean moztutako eguzkilorea etxeetako ateetan ipintzen zen. Data hauetan ere, osasunerako belarrak jasotzeko ohitura zegoen. Baratzetan, berriz, berakatzak landatzen ziren. Izan ere, egun horretan landatutako berakatzek txakur amorratuen gaitzaren kontra onak zirenaren sinismena oso hedatuta zegoen.
Landareez gain, bazen ere data hauetan garrantzi berezia hartzen zuen elementu bat: ura. Izan ere, data horietan, iturrietara hurbildu eta bainuak hartzeko ohitura zegoen, bai gorputza garbitzeko, zein osasuna lortzeko asmoarekin.
Gaur egun, eta San Joanetaz ari garenean, ezin dugu inoiz ahaztu ekaineko gau horietako ardatz nagusiena: sua. Suak badu bere zergatia, izan ere garbitu egiten duenaren ideia oso hedatuta egon da beti. Nekazal eremuetan, sasi eta belar txarrak ere data hauetan erre egiten ziren.
Suaren garbitze ahalmen horretan ere topatu behar da gaur egun, suaren gainetik saltatzeko usadioa, adin guztietako jendearen artean oso erroturik dagoena. Izan ere, eta beti ere tradizioen arabera, suaren gainetik salto egiteak, gorputza eta arima garbitzeko balio zuen.