Hiru Haundiak-en erronka, gaindituta

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2014ko eka. 17a, 18:22

Aiaraldetik Hiru Haundiak lasterketara joandako 50 lagunetatik gehienek amaitu ahal izan zuten proba. Gaizka Barañano zortzigarren izan zen helmugan, 2012ko denbora nabarmen hobetuta. Jabi Olabarriak ezin izan zuen proba amaitu.

Aiaraldetik Hiru Haundiak lasterketara joandako 50 lagunetatik gehienek amaitu ahal izan zuten proba. Gaizka Barañano zortzigarren izan zen helmugan, 2012ko denbora nabarmen hobetuta. Jabi Olabarriak ezin izan zuen proba amaitu.

Aurreko astean iragarri genuen bezala, gure eskualdeko mendizale askok erronka berezia zuten Asteburu honetan Hiru Haundiak iraupen luzeko mendi-zeharkaldian. Hain zuzen ere 50 aiaraldear baino gehiago batu ziren zapatu gauerdian Gopegiko irteera-puntuan, probaren ehun kilometroei ekiteko eta Gorbeia, Anboto eta Aizkorri igotzeko prest. Gehienek lortu dute erronka gainditzea, eta haien artean azkarrena, espero zitekeen bezala, zortzigarren postuan sailkatu den Gaizka Barañano  amurrioarra izan da.

Barañanok aiaraldea.com-i adierazi dionez, lasterketa “oso arin” abiatu zen, eta orokorrean “probaren erritmoa oso altua izan zen”. Txapelek “lasaitasunez” hartu zuen lehenengo zatia, ondoren, 60. kilometrotik aurrera erritmoa bizkortzeko. Aizkorriko igoeran Imanol Aleson eta Jon Azpirozekin taldetxoa osatu eta hirurak batera heldu ziren Araiako helmugara, 11 ordu eta 35 minuturen ondoren. Txapelek 12 ordutik jaistea zuen helburu. Gainera 2012an baino 42 minutu gutxiago behar izan zituen. Haren ustez, hortaz, zaila izango da aurtengo marka hobetzea.

Sailkapen orokorrari dagokionez, Javi Domínguez gasteiztarrak ez zuen ustekaberako tarterik utzi eta haren nagusitasuna erakutsi zuen hasieratik. 11 ordu behar izan zituen 100 km betetzeko, eta Pedro Etxeberria eta Iokin Garai izan zituen podiumean lagun. Emakumezkoetan Silvia Triguerosek argi utzi zuen sasoi-puntu ikaragarrian dagoela eta garaipena eskuratu zuen Elena Calvillo eta Jone Urkizuren aurretik.

Aiaraldearrak 100 sailkatuen artean 

Oso nabarmentzeko da, era berean, Txarlazo mendi taldeko Iñaki Sanchoyerto urduñarrak burututako lasterketa. Iñaki 25. postuan sailkatu zen, duela bi urteko denbora ordu eta erdian hobetuta. Ez da marka makala. Lehenengo 100 sailkatuen artean sailkatu ziren baita ere Orozkoko Itxinape taldeko Alfonso Manterola eta Gorka Marañon amurrioarra.

Jabi Olabarria, berriz, faboritoen kinieletan zegoen, eta hasi ere oso indartsu hasi zuen lasterketa eta aurreko postuetan ibili zen 50. km-ra bitartean. Haraino iritsita, Landako kontrol-puntuan erretiratu egin zen. Kontuan hartu behar da, dena dela, Orozkokoak aurten ekin diela distantzia luzeko probei.

Amurrio Trail Taldekoak, pozarren

Hamarretik hamar. Hori izan da Amurrio Trail taldekoen egindako “plenoa”: hamar kide abiatu ziren Gopegitik eta hamarrak helmugaratu ziren 24 ordu bete aurretik. Esan bezala,  Gaizka Barañano izan zen lehena, baina aipatzekoa da besteek ere egindako lasterketa. Gorka Marañon, Luciano, López, Vicente Contreras, Ivan García... Gainera, lasterketa egin behar zuten hamar taldekideei laguntza emateko “dispositiboa” antolatu zuen eta asko izan ziren proba egin barik parte hartu zuten pertsonak.  

Nesketan, Maria Menoyo eta Aizaro Marañon izan ziren Amurrioko ordezkariak. Aizarok esan digu “esperientzia gogorra, ahaztezina, baina era berean oso positiboa” izan dela. Nabarmendu du “aurrera egiteko borroka psikologikoa ” oso garrantzitsua dela hain distantzia luzea betetzeko. Berriz egiteko aukeraz galdetuta, Aizarok dio amaitu zuenean ezetz esaten zuen arren, orain “gauza positiboekin” geratzen dela, hala nola “ekipokoekin entrenatzea, familia eta lagunak helmugan ikustea, iristea… hori zoragarria da”.

Aaron Garmendia, Korsikako raidean bigarren

Hiru Haundiak ez da izan gure eskualdeko kirolariek asteburuan izan duten erronka bakarra, hala ere; Euskal Herritik kilometro batzuetara, Korsikan hain zuzen, Aaron Garmendia izan dugu Euskal Raid taldeko kideekin bertako raidean parte hartzen. Bero handiari aurre eginez, 2. postua eskuratu dute.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide