Piztia arraroak

Erredakzioa 2014ko eka. 1a, 09:33

Naturayala blogak eskualdean dagoen zomorro bitxi baten inguruko testua eta argazkiak argitaratu ditu:

"Zein ez da sekula piztia arraro baten antzera sentitu? Inguratzen gaituztenetatik azalduezinezko distantzia batez arrotz, komunikazio ezinak eta konpartitu ezinak?

Naturayala blogak eskualdean dagoen zomorro bitxi baten inguruko testua eta argazkiak argitaratu ditu:

"Zein ez da sekula pizti arraro baten antzera sentitu? Inguratzen gaituztenetatik azalduezinezko distantzia batez arrotz, komunikazio ezinak eta konpartitu ezinak?

Neu bai behintzat, belazean etzanda nagoelarik zuri begira, akaso ibiltari bat inguruan suertatzen zaidanean, agurtzearekin batera haren begirada erdi harritua, edo agian kezkatua nabaritzerakoan.

Eta agian horregatik, Panorpa, zure piura traketsaz belazean aurkitzen zaitudanean, arrotza baino hurbila sentitzen zaitut, laguna nolabait. Nahiz eta agian norbaiti zure gorputza pizti ezberdinen elkarketa zorizkoa iruditu, niretzat zure izaera ederra bezain misteriotsua da. Holakoa zara, Panorpa, Esfinge eta Kimeraren leinu berekoa, izaki mitologikoen maiestateaz jantzia!

Gure belardietako udaberri oparoan aurkitzen du Panorpa communis-ek bizileku. Piztitxo hegalaria izan arren, nahiko lasai eta geldoa da, eta arreta apur bat jarriz gero, erraz aurkituko dugu oraindik segatu gabeko zelaietan.

Euli eskorpioia deitzen omen zaio Mekopteroen ordeneko zomorro honi. Hala ere bere tankera beldurgarria mozorroa baino ez da. Bere moko zorrotzak ez du ziztadarik ematen, ezta bere eskorpioi itxurako buztanak ere. Egia esan, maitasunen garaian arrak erabiltzen duen luzakina baino ez da.

Ondo erreparatuz gero, baliteke buztanik gabeko aleak aurkitzea inguruan, emeak hain zuzen. Arrak nahiz emeak bizitza lasaia daramate, batez ere hildako beste piztitxoez elikatuz. Amaraunetara ere hurbiltzen omen dira armiarmen despentsan lapurtzeko!

Ezparen mutur zorrotza, eskorpioiaren buztana harroa, beirate bizantziar diruditen hego dotoreak… arraro xamarra zarela ezin uka, baina bai ederra, ordea. Zu bezalako zenbat mirari ez ditu ba ezkutatzen belarrezko itsaso zabalak!"

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide