OLGA KYTSYURA (Ukrainia, 1983) Txernobil elkartearen bidez Aiaraldera etorri zen lehenengo haurretako bat izan zen. 12 urte daramatza Laudion bizitzen.
13 urte zenituela etorri zinen lehenbiziko aldiz. Zer oroitzen duzu garai horretatik?
Ume guztiak hegazkin handi batean etorri ginen, eta bakoitzari familia batean hartu gintuzten, 2 hilabetetan zehar, udan.
Ez zen gogorra izan, baina apur bat arraroa bai, ez nekielako ez hemenego kultura, ez hemengo hizkuntza, ez ezer. Zerotik hasi behar zinen, hizkuntza ikasi, asko entzun eta gutxi edo ia ezer ez hitz egin.
Bigarren urtea hobeagoa izan zen zentsu horretan?
Askoz hobeagoa izan zen. Askoz askeago sentitzen nintzen, jendea ezagutzen nuen jada, hizkuntza ere gehiago menperatzen nuen (jendeak esaten zuena ulertzen nuen eta erantzuteko gai nintzen). Kultura ere ulertzen hasi nintzen... lagunak ere eginak nituen.
Eta noiz pasa zinen udak soilik etortzetik jarraikortasunez hemen bizitzera?
Hemen hartzen ninduen familia galdetzen hasi zitzaidan ea hona etorri nahi nuen ikastera. Eta nik esan nuen: noski!. Eta orduan etortzen hasi nintzen baina jada ez umeak ekartzen zituen elkartearen bidez, familiaren bidez baizik. Eta horrela geratu nintzen hemen.
Telekomunikazio ikasketak egin nituen, oso gogorra izan zen. Menperatzen ez duzun hizkuntza batean ikasi, eta teknologia gainera. Baina lortu nuen. Ikasketak bukatu nituenean krisia hasi zen, eta apur bat zaila bilakatu zen lana topatzea. Baina aurrera jarraitu nuen, eta orduz geroztik beti topatu dut lanen bat, nire ikasketekin zer ikusirik ez izan arren.
Zutaz gain, badago hemen geratu den beste ukrainarrik?
Badaude beste ukrainar batzuk hemen geratu direla ikastera eta bizitzera, ni bezala. Eta egia esan orain ez dut ia kontakturik beraiekin. Imajinatzen dut bakoitzak bere bizitza egin duela eta jada ez dutela interesetik iraganeko jendearekin kontaktatzean, normala da.
Harrera elkarteek diote hemen egonaldi bat egiteak osasun onura handiak dituela Txernobilgo istripu nuklearragatik eragindako eremu batean bizi den haur batentzat. Zuek ere onura horiek nabaritzen zenituzten?
Bai, nabaritzen genituen. Janaria hobeagoa zen, hondartzara joateko aukera zenuen baita... ez dakit nola azaldu. Askatasun gehiago zeneukan, jende desberdina zegoen...
Hizkuntzarekin azkenean moldatzen zarela ikusten da.
Jendeak ni ulertzeko moduan behintzat bai, kar kar.
Bukatzeko, zer esango zenieke udan haur bat hartzeko asmotan dabiltzan familiei?
Merezi duela umeei laguntzea, eurek eskertu egiten dutelako. Merezi du, bai umearentzako eta baita umea hartu egiten duen familiarentzako ere. Lehenek laguntza jasotzen dutelako eta bigarrenek laguntzen ari direla sentitzen dutelako..