Amurrioko Gazte Alaiak aisialdi zentroak Adimen-ezintasuna duten Pertsonen Aldeko Arabako Elkartearen festa antolatu du ekainaren 7rako. Azken urteotako ohiturari helduz Aresketa Ikastolan burutuko dute jaialdia, eta Laudio, Gasteiz eta arabar Errioxako gainerako aisialdi zentroetako kideak eta Menagarai eta Ibarrako ikastetxeetakoak bilduko dira berton. 400 pertsona inguru espero dituzte antolatzaileek aurtengo edizioan.
Jaia 11:30ean hasiko da. Gesaltzako musika banda lagun, kalejira eta poteoa burutuko dute partaideek Amurrioko kaleetatik. 12:45 aldera Aresketa Ikastolarako bidea hartuko dute. Berton, meza, herri bazkaria eta dantzaldia prestatu dituzte. Arratsalde partean, 17:00etan, mugendo erakustaldia burutuko dute eta ondoren, odoloste jana eskainiko da.
Janire Garciak, APDEMA elkarteko landa-eremurako aisialdi teknikaria, jaiaren helburua azpimarratu du www.apdema.org web guenan: “elkartearekin harremana duten edo partaide diren gazte eta helduen arteko topagune eta elkarbizitzarako esparrua lortu nahi dugu”.