Maiatzaren 17an homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurkako eguna izango da. Normalizazioan aurrerapenak egon dira, baina hainbat pauso emateke daude oraindik. Urteetan zehar mantendu da bizitza soziala hirian egiteko joera sexu bereko kideekin harremanak mantentzen dituzten aiaraldearren artean.
Maiatzaren 17a homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna izango da. Azken hamarkadetan sexu bereko pertsonen arteko harremanen normalizazioan aurrerapenak egon diren arren, oraindik pauso gehiago eman behar direla diote datuek: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteen %12ak gaixotasuntzat ditu sexu berekoen arteko harremanak, eta beste %12 batek ez du ukatzen hori pentsatzen duenik, Arartekoak 2009an ateratako txosten baten arabera.
Aiaraldean ere aurrerapausoak eman dira. Hala uste dut Aitor Fernandez de Pinedok. Sexu bereko kideen arteko harremanak eskualdean “atzora arte” ezkutuan bizi izan direla azaldu du berak. “Gaur egun gay edo lesbiana batek ez du jendarte osoaren onarpena jasoko, baina bai zati handi batena”. Iraia Pereirok ere bat egiten du halako harremanak gaur egun “onartuago” daudenaren ustearekin. “Sexu bereko harreman gehiago ikusi ditut azken pare bat urteetan”, azaldu du.
Hala ere, sexu bereko kideekin harremanak mantentzen dituzten aiaraldear askok bizitza soziala hirian egiteko joera dute. Eduardo Gaviña laudiarra 21 urterekin joan zen Bilbora bizitzera, 90. hamarkadaren hasieran. Homosexuala zela adierazteko “beldur handia” zuela azaldu du Gaviñak, eta alde horretatik Bilbok “askatasuna” eman ziola. Kulturaren munduan sartzeko aukera ere eman zion hiriak, eta gaur egun Yogurinha Borova izenarekin dabil, abeslari eta antzezle moduan. Pereirok ere uste du “aniztasuna hobeto ikusia” dagoela Bilbon Aiaraldean baino, baina gaineratu du berak ez duela Laudion bizitza soziala egiteko inolako arazorik.
“Inork ezagutzen ez zaituen toki batean bazaude, askatasun gehiagorekin jokatzen duzu”, azaldu du Fernandez de Pinedok Bilboren inguruan mintzatzean, “baina egon dira baita bizitza osoan herrietan gelditu direnak eta ezkutuan bizi izan dutenak edo apurka-apurka bizitza normalizatu bat eramaten hasi direnak”. Hala ere, Aiaraldean Euskal Herrian eman den normalizazio prozesu bera eman delakoan dago Fernandez de Pinedo, “eskualde hau ez da salbuespen bat izan”.
Erasoak, trabak...
Bilbon sexu bereko harremanak hobeto ikusiak daudela dirudien arren, eraso larriak gertatu dira bertan. 2011ko Aste Nagusian Aiaraldeko gazte bat eta bere bikotekidea jipoitu egin zituzten. Eskualdeko beste gazte batek adierazi du duela aste batzuk bere lagun bat erasotu zutela, Basaurin.
Aiaraldean, baina, ez dago eraso homofobo fisikoen erreferentziarik. Ez dago gay eta lesbianen aurkako “biolentzia antolaturik”, erasoak “askoz sotilagoak” dira. Hala uste du Julen Eizagirre amurrioarrak. Gaviña, Fernandez de Pinedo eta Pereirok bat egiten dute baieztapen horrekin. Euren hitzetan, ahozkoak (irainak, keinuak...) dira erasorik ohikoenak. “Jende gaztea izaten da askotan erasoka aritzen dena”, azaldu du Pereirok, “hori da niretzat tristeena”. Familia barruan ere askotan “arazo bat bezala” bizi dela uste du Fernandez de Pinedok. Pereirok, bere aldetik, azaldu du izan duen azken bikotekidearen gurasoek neskalaguna psikologoarengana eraman zutela, eta ezkutuan ikusi behar zutela elkar; “bere gurasoek oraindik ez dute onartzen”.
Gay eta lesbianen normalizazioen artean ere badaude ezberdintasunak. “Emakume asko daude, eta asko ezkutuan, eta haien munduan ere zabaldu behar da”, azaldu du Gaviñak. Eizagirrek uste du mass mediek gizonezkoen arteko sexu harremanak emakumezkoen artekoenak baino gehiago ikustarazten dituztela, azken hauen atzean “ikuskera feminista bat” ere badagoelako. Nesken arteko harremanak “desio gehiagorekin” ikusten direla uste du Pereirok; “badirudi mutil askori gustatzen zaiela neskak batera ikustea, eta mutilen arteko harremanak nazkagarritzat dituztela”.
Pausu berrien beharra
Erasoak eraso, Aiaraldean sexu bereko harremanak normalizatuz doaz, orohar. “Mapan gaude”, baieztatu du Gaviñak, baina dena “postalekoa” dela gaineratu du. Gay eta lesbianen figura oraindik “oso estereotipatua dagoela” uste du berak. Fernandez de Pinedok ere uste du badagoela “gay izateko modu estandarizatu bat”. “Bilakaera egon da”, aitortzen du Pereirok, “baina normalizazioa falta da, ez da aparteko zerbait izan behar. Bakoitza bere kontuetara, eta listo”.