Intsumisioak 25 urte: Aiaraldeko esperientzia

Aitor Aspuru Saez 2014ko mai. 11a, 00:00

25 urte bete dira intsumisioaren borroka abiatu zenetik. Aiaraldean indar handiko mugimendua izan zena, egun oroitzapen urruna da. Borrokaren ibilbidea berreskuratzeko hainbat intsumiso eta protagonisten lekukotza jasotzen du hurrengo erreportajeak. 

Apaizak, anarkistak, Jarraiko militanteak, Gesto Por la Pazeko kideak, punkiak... jende anitza elkartu zen intsumisioaren borrokaren inguruan Aiaraldean. 200 pertsona baino gehiago izan ziren intsumisoak eskualdean, hiru espetxeratu zituzten eta hainbat intsumiso epaitegiko ziegetatik igaro ziren.

25 urte bete dira intsumisioaren borroka abiatu zenetik. Aiaraldean indar handiko mugimendua izan zena, egun oroitzapen urruna da. Borrokaren ibilbidea berreskuratzeko hainbat intsumiso eta protagonisten lekukotza jasotzen du hurrengo erreportajeak. 

Apaizak, anarkistak, Jarraiko militanteak, Gesto Por la Pazeko kideak, punkiak... jende anitza elkartu zen intsumisioaren borrokaren inguruan Aiaraldean. 200 pertsona baino gehiago izan ziren intsumisoak eskualdean, hiru espetxeratu zituzten eta hainbat intsumiso epaitegiko ziegetatik igaro ziren. Hala ere, badirudi oihartzun handiko mugimendu hori historiaren zurrunbiloan desagertu dela.

Zer izan zen intsumisioa?
Intsumisioa derrigorrezko soldaduskarekin bukatzea lortu zuen mugimendua izan zen. Horretarako, gehienbat, desobedientzia zibila erabili zuen: intsumisoek zerbitzu militarrean zein ordezko zerbitzu sozialean parte hartzeari uko egin zioten, kartzela zigorrei aurre eginez.
Ez zen soldaduskaren aurkako planteamendu soila izan. Inspirazio antimilitarista zuen eta ondorioz armadak eta militarismoak defendatzen dituen balioak ere kolokan jarri zituen.

Aurrekariak
Intsumisioaren borroka 70. hamarkadaren bukaeratik larbatutako mugimendua izan zen, kontzientzia-objekzioaren bitartez. Derrigorrezko zerbitzu militarra egiteari uko egin zioten gazte batzuek, ez askok, Estatu Espainiarrean. 1978ko Espainiar Konstituzioak aitortzen zuen objektore izateko eskubidea, baina ez zuen zehazten horren esanahia.

Objektoreen artean, 80. hamarkadaren hasieran, Txema Urkijo Laudioko abokatua zegoen eta bera baino lehen, bere anaia.

Estatuak Txema Urkijoren belaunaldiaren aurkako neurririk hartu ez bazuen ere, objektoreen kopurua handitu zenean, objektore sailkapena ez zitzaien onartu hainbat gazteri. Haien artean Valentín del Hoyo, “Tinín” laudioarra zegoen. Soldaduska ez egiteagatik epaitu zuen Ferroleko Auzitegi Militarrean Xineiro epaileak, Guardia Zibilak bere etxean atxilotu eta gero. Hiru hilabete eman zituen Alcalá Mecon, espetxe militarrean, 1990eko udan.

Antzeko egoera pairatu zuen Txomin Unzagak. Epaile berak eskatu zuen atxilotzea eta hilabete inguru eman zuen Langraitzeko kartzelan 1992ko hasieran.

 

200 pertsona baino gehiago izan ziren intsumisoak Aiaraldean, hiru espetxeratu zituzten eta hainbat epaitegiko ziegetatik igaro ziren.

 

Objekziotik intsumisiora
80. hamarkadaren bukaeran, 1988an alegia, estatuak objekzioaren eskubidea zehaztu zuen eta objektoreei ordezko zerbitzu soziala egiteko beharra ezarri zien. Armadan urte bat baino gehiago eman ordez, Gurutze Gorrian lagundu zezaketen. Gazte ugarik erabaki zuten bere denbora estatuari emateko prest ez zeudelako desobedientzia zibilera jotzea.

Asmoa gorpuzteko hainbat talde sortu ziren. Aiaraldean Laudioko Antimilitarista Taldea (LAT) jaio zen eta gero Amurrioko Antimilitarista Taldea (AAT) eta Urduñako Antimilitarista Taldea (UAT); eskualdeko herri gehienetan intsumisoak egon ziren.

Txema Urkijo, LAT-eko abokatuak gogoratzen du 130 kasu baino gehiago izan zituela. Jon Solatxik, AAT-ekoak, 80 epaiketa baino gehiagotan lan egin zuen. “Batzuetan egun berean epaiketa bat baino gehiago pilatzen zitzaidan, Amurrioko intsumisoak ez ezik, Aiara, Urduña eta Artziniegakoak ere laguntzen nituen”.
Taldeek ekintza ugari gauzatu zituzten: hitzaldiak, kontzentrazioak, jardunaldiak, manifestazio jendetsuak, kanpaldiak, ekintza zuzenak, eskualde mailako intsumisioaren eguna... Laudioko Udaletxe zaharrean, esaterako, dozena bat gazte kateatu ziren eta horregatik ere zigortu zituzten. Gainera, informazio asko zabaltzen zuten kartel, buletin eta aldizkarien bitartez.

Estatuarekin pultsua
Ordezko zerbitzu soziala arautu zuenean estatuak intsumisioaren aurkako zigorrak gogortu zituen eta ekintzaileek 2 urte 4 hilabete eta egun bateko kartzela eskaerei aurre egin behar zieten. Beraz, espetxeratzeko arrisku handia zuten.

Estatuaren eta mugimenduaren arteko borrokak 90. hamarkadaren hasieran izan zituen bere atal gogorrenak. “Epaiketara pertsona asko joaten ginen. Batzuetan autobusak antolatzen genituen”, gogoratu du Jon Solatxik.

Epaiketen aurrean estrategia ezberdinak zeuden. Gorka Arteaga intsumiso laudioarra ez zen bere epaiketara aurkeztu eta Ertzaintzak atxilotu zuen bere lanpostuan, Laudioko Kiroldegian, igeriketa klaseak ematen zituen bitartean. “Nire bila etorri zirenean jendeari azaldu nion zergatik atxilotzen ninduten”.
Dena den, epaileen jarrerek eragin handia izan zuten Aiaraldean. Nafarroan 100 intsumiso baino gehiago Iruñako espetxean sartu zituzten. Araban epaileak malguagoak ziren eta oso pertsona gutxi giltzaperatu zituzten.

Iker Ganboak Basauriko espetxean eman zuen astebete eta 14 hilabete 3. graduan, hau da, kartzelan lo egin behar zuen bakarrik: “120 intsumiso joaten ginen lo egitera, giro polita zegoen, nahiz eta 13 presok lo egin behar genuen ziega berean”. Txomin Unzagak ere aipatu du kartzelan lasai egoteko zortea izan zuela, gainerako preso euskaldunen laguntzari esker.

Babes zabala
Intsumisioak babes zabala lortu zuen gizartean. Aiaraldean 5 apaiz egon ziren intsumisoen artean eta ekintzaileen profila oso ezberdina zen. Gazteak ez ezik gurasoak ere antolatu ziren.

Laudion Iraun taldearen inguruan elkartu ziren. Iraunek sostengua eskaini zien intsumisoei “haien lana ordezkatu gabe”, zehaztu du Alicia Torrek. “Alderdi eta elkarteekin harremanetan jarri ginen. Hasiera batean ez ziguten jaramonik egin. Eta politikari batzuekin oso ezuste ezatsegina izan genuen, Mario Onaindiarekin, adibidez. Intsumisioa zabaldu zenean kasu gehiago egin ziguten. Batzuek barkamena eskatu ziguten, arazoa etxean baitzuten”.
Babes handi hori dela eta, Estatuak bere estrategia aldatu zuen. Intsumiso guztiak erreprimitzea ezinezkoa zela ikusita, indultuak ematen hasi zen eta armada profesionalera bideratu zituen bere ahaleginak.

Zerbitzu militarraren amaierak intsumisioaren mugimenduaren dekadentzia ere ekarri zuen. “Hasieran gauza kolektiboa zen, azken urteetan argi zegoen arazorik ez zela egongo eta bakoitzak bere irtenbidea bilatu zuen” adierazi du Miguel Matutek.

Taldeak apurka- apurka desagertu ziren eta 90. hamarkadaren bukaeran eskualdean ez zen bat ere geratzen.

Egungo egoerarekiko balorazioa
Intsumisoaren inguruko iritzi anitzak daude ekintzaileen artean. Jende orok uste du borroka emankorra eta positiboa izan zela. Baina bere emaitzen artean desadostasuna nabaria da. Batzuek, Jon Solatxik, adibidez, uste dute soldaduskarekin bukatzea gizarte justu baten bila aurrerapausoa izan zela.
Miguel Matute, besteak beste, kritikoagoa da. Bere iritziz armada profesionalak eta militarismoak bizirik jarraitzen dute. Txomin Unzaga ere iritzi berekoa da: “Egunero militarrak -Guardia Zibilak, alegia- ikusten ditugu herrian”.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide