Euskara, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan gainditzeke dagoen ikasgaia

Erredakzioa 2014ko mai. 10a, 00:00

Batxilergoan eta Lanbide Heziketan gutxitu egiten dira euskaraz ikasteko aukerak: DBHn %60ak baino gehiagok ikasten du euskaraz. Lanbide heziketan, aldiz, ehuneko hori %25era jaisten da.

Batxilergoan eta Lanbide Heziketan gutxitu egiten dira euskaraz ikasteko aukerak: DBHn %60ak baino gehiagok ikasten du euskaraz. Lanbide heziketan, aldiz, ehuneko hori %25era jaisten da.

Hala ere, eskualdean badago bai Batxilergoa bere osotasunean eta baita Lanbide Heziketako zenbait modulu euskaraz ikasteko aukera. Zaraobe Institutuak du eskaintzarik zabalena: moduluak euskaraz (D eredua) eta gazteleraz (A eredua) eskaintzen dituzte bertan; eta bi talde berezitu osatzeko behar beste jende ez badago, bien arteko talde misto bat osatzen dute. Iñaki Rodrigo Institutuko zuzendariaren esanetan, ikasleen esku dago euskarazko eskaintza handitzea. Zuzendariak azaldu duenez, askotan jende gutxik ematen du izena D ereduan eta ez dago taldea sortzerik.
Laudioko Institutua, bere aldetik, duela 32 urte hasi zen Batxilergoa euskaraz eskaintzen. Araban erdi-mailako hezkuntza publikoak aitzindariak izan ziren. Lanbide heziketan, aldiz, egoera oso bestelakoa bizi du institutuak A ereduan eman delako beti. Duela urte batzuetatik hona euskaraz egiteko aukera ematen da, baina orain arte ez da talderik sortu.

Batxilergoa euskalduntzen
1971an sortu zen Laudio Ikastola, eta orduz geroztik euskarazko hezkuntza izan du oinarri, ikastolako kideek azaldu dutenez. Baina Batxilergoa ez zuten 1990-1991 ikasturtera arte eskaini.

Aintzinako Andra Mari ikastetxean, berriz, 1995an eskaini zuten Batxilergoa euskaraz lehenbizikoz. Baina ikastetxetik azaldu dute B ereduan Proiektu Eleanitza lantzen dutela. Eredu horretan %50a da euskaraz eta gaztelerari ingelesa gehitzen zaio. Hortaz gain, euskara indartzeko ikastaroak eta udako euskarazko barnetegiak eskaintzen dituzte. Laudioko Lanbide Heziketa Udal Ikastetxean, aldiz, 12 urte daramatzate Batxilergoa euskaraz eskaintzen, eta aurten ikasleen %59ak hala egiten du. Lanbide Heziketan ez dago euskara hutsezko eskaintzarik, baina irakasleen gehiengoa euskaraduna dela azpimarratu dute ikastetxetik. Praktikak eskaintzen dituzten enpresei tutore euskaldunak eskaini ahal izateko konpromisoa eskatu diete baita.

Geroz eta helduago izan, geroz eta erdaldunagoa da hezkuntza

EUSTATen estatistiken bi grafiko ikusi daitezke ezkerrean. Lehenak unibertsitatez kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzako datuak biltzen ditu (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Hasierako Lanbide Prestakuntzarako Programak, Batxilergoa, Hezkuntza Berezia, Lanbide Heziketa eta Helduen Hezkuntza).

Bertan ikusi daiteke azken 20 urteetan nabarmen egin duela gora euskaraz ikasten duten ikasleen kopurua, Gazteleraz ikasten dutenen kopurua nabarmen jaitsi den bitartean.

Euskaraz eta gaztelaniaz ikasten duten ikasleen kopuruak, aldiz, ez du aldaketa nabarmenik izan: gutxiengoa izaten jarraitu du, %10-%20 bitartean.
Bigarren grafikoan aurtengo matrikulazioen datuak ikusi daitezke, ikasketa motaren eta hizkuntza-ereduen arabera. Batxilergoa eta Lanbide Heziketa dira gazteleraz matrikulatutako ikasle kopuru handienak dituztenak (A ereduan, alegia). %40 eta %75 dira, hurrenez hurren. Grafiko hori ikusita euskararen presentzia adinarekiko proportzionala dela esan daiteke: ikasleak, urteak aurrera egin ahala, gazteleraz ikastera igarotzen dira. Hala, geroz eta helduago izan, geroz eta hezkuntza erdaldunagoa jasotzen dute ikasleek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide