Atzo jakin izan dute Naturayalako kideek bisoi amerikarra (Neovison vison) hedatzen ari dela Aiaraldean, argazkizale batek Aretan lortutako irudiei esker.
Enrique Arberas biologoak jakinaren gainean jarri ditu Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta hauek neurriak hartuko dituzte berehala. Horretarako tranpak jarriko dituzte Nerbioi ibaiaren ertzeetan. Aldundien helburua bisoi amerikarraren kolonizazioa saihestea da.
Bisoi amerikarra, espezie inbaditzailea
Bisoi amerikarra ez da tokiko espeziea. Ekoizpen granjetatik ihes egindako animaliak dira, larrua egiteko erabiltzen baitira. Besteak beste, Galizan “ekosabotaje” baten ondorioz hainbat aske geratu ziren eta lurralde ugari kolonizatu dituzte.
Enrique Arberasek azpimarratu du bisoi amerikarra tokiko espeziearen etsaia dela. “Hemengo espeziea, bisoi europarra (Mustela lutreola) desagertzeko zorian dago eta bisoi amerikarrak lehiaketa handia suposatzen du.”
Bisoi amerikarra europarra baino handiagoa da eta gainera plasmacitosis gaitza zabaltzen dute bisoi europarren artean.
Bisoi europearra, tokiko bisoia
Enrique Arberasen ustez bisoi europarraren egoera oso larria da eta desagertzeko arriskuan dago. Aiaraldean bere aztarnak topatu dituzte eta bisoi amerikarraren hedapenak tokiko espeziearen iraupena kolokan jartzen du.
Bisoi europarraren ezaugarri nagusiena mutur zuria da.