Astero bezala, aste-bukaerarekin batera zinema heltzen da gure eskualdera eta gure herrietara. Herri guztietan zinema emanaldiak ez badira ere, aste honetan bi herrik baieztatu dituzte emanaldiak: Amurrio eta Laudio.
Crónicas diplomáticas (Quai d’Orsay)
Laudion, larunbatean, maiatzak 3, Lanbide Heziketa Eskolan arratsaldeko 17:30tan eta 20:00tan, Frantziatik etorritako komedia barregarri bat: Crónicas diplomáticas (Quai d’Orsay). Satira politiko honek, Alexandre Taillard de Vorms-en egunerokoa kontatzen digu; Frantziako atzerri-ministro giza beste herrialdeen ordezkariekin dituen gorabeherak eta Bakearen Nobel sarirako izendapen bat lortzeko dituen nahiak. Umorez beteriko komedia ero hau, Bertrand Tavernier zuzendariaren azken lana da eta, dudarik gabe, frantziar komedia bikainen adibide zoragarri bat da. Zorrotza bezain gupidagabekoa, ikusleen irribarreak piztu egingo ditu.
Las aventuras de Peabody y Sherman
Amurrion, astero bezala, bi zinema eskaintza. Alde batetik, igandean, maiatzak 4, arratsaldeko 17:30tan, ohi bezala Amurrioko Antzokian , etxeko txikiei zuzendutako pelikula: Las aventuras de Peabody y Sherman. Peabody jauna, munduko txakurrik azkarrena da, eta eskaera amaigabe askoren ostean, bere azken helburua lortuko du: ume bat semetzat hartzea. Biok batera abentura amaigabe pila bat biziko dituzte, Peabody jaunaren asmakizun batekin: Atzerabuelta izeneko denboran bidaiatzeko makinarekin. Hauxe da, Dreamworks-en azken animaziozko filmaren istorio xelebre eta dibertigarria. Zineman une bikain eta entretenigarri bat pasatzeko aukera ona.
Philomena
Bestetik, Amurrion ere, igandean, maiatzak 4, arratsaldeko 19:30tan eta astelehenean, maiatzak 5, 20:00tan, Amurrioko Antzokian ere, helduentzat zuzendutako emanaldia: Philomena. Aurtengo Urrezko Globoetan eta Oscar sarietan hainbat izendapen jaso dituen ekoizpen honek, gertaera errealetan oinarritutako istorio hunkigarri bat da; Philomena Lee andrearena. Oso gazte, haurdun gelditu ostean, bere semeaz bananduko dute; berrogeita hamar urte geroago, bere bila hasiko delarik Martin Sixsmith kazetariaren laguntzaz. Oskar sarirako izendapena lortu zuen, Judi Dench handiaren lana bikaina izanik ere, ezin ukatu Steve Coogan-ek egindakoaren meritua; filmaren zuendaria Stephen Frears delarik. Istorio interesgarri bezain hunkigarria ekoizpen honek gurera ekarriko diguna.
Astero bezala, zinemaren magiaz gozatzeko aukera bikainak gure eskualdean!
Fitxa teknikoak
Crónicas diplomáticas (Quai d’Orsay)
Zuzendaria: Bertrand Tavernier
Gidoilaria: Christophe Blain eta Abel Lanzac
Aktoreak: Thierry Lhermitte, Raphaël Personnaz, Niels Arestrup...
Frantzia, 2013. 113 minutu.
Las aventuras de Peabody y Sherman
Zuzendaria: Rob Minkoff
Gidoilaria: Craig Wright eta Jay Ward
Aktoreak: Ty Burrell, Max Charles, Stephen Colbert …
AEB, 2014. 92 minutu.
Philomena
Zuzendaria: Stephen Frears
Gidoilaria: Steve Coogan, Jeff Pope eta Martin Sixsmith (Eleberria)
Aktoreak: Judi Dench, Steve Coogan, Sophie Kennedy Clark …
Erresuma Batua, 2013. 98 minutu.