Astero bezala, aste-bukaerarekin batera zinema heltzen da gure eskualdera eta gure herrietara. Herri guztietan zinema emanaldiak ez badira ere, aste honetan bi herrik baieztatu dituzte emanaldiak: Amurrio eta Laudio.
Her
Laudion, larunbatean, martxoak 29, Lanbide Heziketa Eskolan arratsaldeko 17:30tan eta 20:00tan, azken Oscar sarietan gidoi onenaren saria eskuratu zuen filma: Her. Spike Jonze zuzendutako eta idatzitako azken pelikula honek, Joaquin Phoenix zoragarri bat du protagonista. Teknologia berrien eta gizakien arteko harremanen inguruko hausnarketa honetan, Theodoro ezagutuko dugu. Idazle bakarti honek bere telefono mugikorraren adimen artifizialdun sistema-eragileaz maiteminduko da, biok gizakiak balira bezala. Ikusleei, teknologia berriek gizakiengan izan dezaketen eraginean pentsatzera bultzatuko dien pelikula interesgarri bat. (Ikusi gure zinema proposamena hemen: http://www.aiaraldea.com/proposamenak/zinema/her)
Milagro en Milán
Laudion ere, baina asteartean, apirilak 8, Keska Tabernan Cinemascopas emanaldien barruan zinema italieraz, Milagro en Milán (Miracolo a Milano). Vittorio De Sica-ren filma honek Totò-ren istorioa kontatzen digu; txabola-gune batetik Mobbi enpresariari aurre egiteraino. Italiar neorrealismoaren barruan kokatu dezakegun ekoizpen hunkigarri bat, pasaden mendearen erdialdean herrialde horretan bizi ziren egoeren isla bikaina.
Bram Barrabas
Zinema emanaldiak dituen bigarren herria Amurrio da. Igandean, apirilak 6, 19:30tan, beti bezala Amurrioko Antzokian, etxeko txikientzat pentsatutako emanaldia, euskaraz gainera: Bram Barrabas. Bram 6 urteko haur bat da eta ez da gelditu ere egiten. Alaia da, kementsua, benetako abenturazale eta asmatzailea. Eta gainera, izugarrizko irudimena du. "Handien eskolara" joan eta lehenengo mailan hasteko deseatzen dago, baina Fish Jauna zorrotzaren gelan tokatu zaio. Bram-en gurasoek zailtasunak izango dituzte semearen zoriontasuna eta irakasle berriaren egiteko modu berrietara moldatzearen arteko oreka lortzeko.
Mis días felices
Amurrion eta igandean ere, apirilak 6, 19:30tan, eta astelehenean, apirilak 7, 20:00tan, , Amurrioko Antzokian Frantziatik heltzen zaigun pelikula emozioz beteriko pelikula bat: Mis días felices. Marion Vernoux zuzendari eta idazle frantziarraren azken lana, Caroline-n bizitza kontatuko digu; hirurogei urte bete dituelarik, erlazio aspergarri batean dagoelaren sentimendua daukana. Egun batean, bizitzeko nahiak berpizten dizkion gizon gazte bat ezagutuko du, bere egun zoriontsuak biziz. Zahartzeak dakarren eztabaida pertsonalen inguruko ekoizpen erakargarri bat.
Astero bezala, zinemaren magiaz gozatzeko aukera bikainak gure eskualdean!
Fitxa teknikoak
Her
Zuzendaria: Spike Jonze
Gidoilaria: Spike Jonze
Aktoreak: Joaquin Phoenix, Scarlett Johansson, Amy Adams...
AEB, 2013. 126 minutu.
Milagro en Milán
Zuzendaria: Vittorio De Sica
Gidoilaria: Cesare Zavattini
Aktoreak: Francesco Golisano, Emma Gramatica, Paolo Stoppa...
Italia, 1951. 100 minutu.
Bram Barrabas
Zuzendaria: Anna van der Heide
Gidoilaria: Tamara Bos
Aktoreak: Coen van Overdam, katja Herbers, Tjebbo Gerritsma, Roosmarijin van der hoek…
Herbehereak, 2012. 83 minutu.
Mis días felices
Zuzendaria: Marion Vernoux
Gidoilaria: Marion Vernoux eta Fanny Chesnel
Aktoreak: Fanny Ardant, Laurent Lafitte, Patrick Chesnais…
Frantzia, 2013 . 94 minutu.