Errenta aitorpenaren labirintoan orientatzeko aholkuak

Erredakzioa 2014ko api. 19a, 07:27

Urtero bezala, ogasunaren aurrean kontuak aurkezteko epea ireki zaie urtean zehar dirua irabazi duten herritarrei. Aiaraldearrek Arabako edo Bizkaiko Foru Aldundian egin beharko dute errentaren aitorpena. Arabakoan zabalik dago epea. Bizkaikoan, aldiz, maiatzaren 5ean abiatuko da.

Urtero bezala, ogasunaren aurrean kontuak aurkezteko epea ireki zaie urtean zehar dirua irabazi duten herritarrei. Aiaraldearrek Arabako edo Bizkaiko Foru Aldundian egin beharko dute errentaren aitorpena. Arabakoan zabalik dago epea. Bizkaikoan, aldiz, maiatzaren 5ean abiatuko da.

Iritsi da errentaren aitorpena egiteko garaia. Araban bizi diren herritarrek zabalik dute jada aitorpena egiteko epea, eta bizkaitarrek maiatzaren
5etik aurrera ekin ahal izango diote. Bi epeak ekainean itxiko dira, hilaren 25 eta 30ean hurrenez hurren. Zerga hau pertsona fisiko guztiei dagokie. Hau da, berdin du zein den pertsona bakoitzaren egoera ekonomikoa eta berdin du zenbat irabazten duen (nahiz eta errentaren aitorpena egin behar izateko gutxiengo irabazi batzuk izan behar diren).

BEZa eta antzeko zeharkako zergekin alderatuta, errentarenak duen berezitasun nagusia honakoa da: herritar bakoitzaren ardura dela zerga bere buruari aplikatzea. Norbere buruari aplikatu behar izate horrek ilara luzeak sortzen ditu Aldundien bulegoetan, jendeak dudak izaten baititu aitorpena egiterako orduan, hainbat kontu eta faktore kontuan hartu behar direlako. Faktore horien artean kokatzen dira murrizketak eta kenkariak.

Biek ala biek baldintza batzuk zerrendatzen dituzte. Baldintza horietakoren bat betez gero diru kopuru bat deskontatzen da. Jendartean topatu daitezkeen baldintza eta egoera posibleak aurre ikustea da helburua. Gaixo dagoen senide bat zaindu behar duen herritarrak inor zaindu behar ez duen batek baino gutxiago ordaindu dezan, adibidez.

Errentaren aitorpena egiten duen herritarrak ez du, baina, ogasunari zertan diru gehiago eman. Kasu batzuetan ogasuna bera da herritarrari diru kopuru bat itzultzen diona. Herritarrak aukera dauka bere hileroko soldataren zati bat “atxikituta” uzteko. Aitorpena egiteko ordua iristen denean ogasunak “atxikitutako” diru hori zerga ordaintzeko nahikoa den aztertuko du. Nahikoa ez izatekotan herritarrak falta den dirua jarri beharko luke. Atxikitutako dirua zerga ordaintzeko behar dena baino gutxiago bada, aldiz, soberan dagoen zatia itzuliko lioke ogasunak.

Aitorpena ez eginez gero
Aitorpena egiteaz ahaztu eta epez kanpo eginez gero interes batzuk ordaindu beharko lituzke herritarrak, baldin eta atxikitutako diruarekin zerga osoa ordaintzerik ez balego.

%5eko interesa izango litzateke, eta denbora aurrera joan ahala handituz joango litzateke. Ogasunak ohartarazpena bidaltzen die egoera horretan daudenei.

Ohiko galderak

Nork egin behar du errentaren aitorpena?

Araban: Urtean 20.000 euro gordin baino gehiago irabazi duen orok. Alabaina, 12.000 eta 20.000 artean lortu duenak ere egin beharko du aitorpena, diru hori ordaintzaile batetik baino gehiagotik jaso badu edo kontratua luzatu edo berritu badiote.

Bizkaia: Kontratu bakarra izanda urtean 12.000 baino gehiago eta kontratu bat baino gehiago izanda 20.000 baino gehiago irabazten duen orok.

Aitorpena bankuan ere egin daiteke?

Honako entitate laguntzaile hauetan egin daiteke aitorpena:

Araban: Santader Bankua, BBVA, Caixabank, Bankoa, Banco Popular Español, Caja Rural de Navarra eta Tragobank S.A. Kasu batzuetan bankuko bezeroa izatea da baldintza.

Bizkaian ez da zertan bankuko bezero izan behar, eta honakoetan egin daiteke: BBK, Caja Laboral, Ipar Kutxa, Sabadell Gipuzcoano, BBVA, Santander eta Caixabank.

Zeintzuk dira aitorpena aurkezteko epeak?

Araban epea ekainaren 25ean bukatzen da. Bizkaian, aldiz, maiatzaren 5ean irekiko da eta ekainaren 30ean itxi. Baina horretaz gain badaude kontuan hartu beharreko beste epe batzuk.

Zuzenketak egiteko epea ekainaren 17an bukatzen da Bizkaian eta 9an Araban. Internet bidez egiteko epea, aldiz, ekainaren 18an bukatuko da Araban (aitorpenaren emaitza positiboa bada, bestela 25ean) eta Bizkaian 30ean.

Bizkaian bizi eta Araban lan eginez gero zer?

Norbera bizi den lekuan egin behar da aitorpena, kasu guztietan. Baina etxebizitzaz aldatu eta beste probintzia batera bizitzera joanez gero, urtean zehar egun gehiagotan erroldatua egon zaren tokian egin beharko da aitorpena.

Baina ez da nahikoa udal berrian erroldatzearekin; aldaketa baliozkoa izan dadin errolda ziurtagiria diputazioaren bulegoetara eraman behar da.

Nola ordaindu gutxiago

Murrizketak eta kenkariak antzeko kontzeptuak dira. Euren arteko diferentzia honakoa da: murrizketak oinarrizko likidazio orokorraren ehunekoa gehitu baino lehen aplikatzen direla eta kenkariak, aldiz, ehunekoaren ostean. Baina biek ala biek gauza bera dakarte funtsean: errenta aitorpena egiterako orduan ogasunari diru gutxiago ordaindu behar izatea. Honako kasu hauetan aplikatzen da bakoitza:

Murrizketak

Bikote ohiari edo semeei pentsio konpentsagarria emanez gero murrizketak jaso litezke. Baita pentsio planei ekarpenak eginez gero ere. Bestalde, familia bateko kideek (bikotea, adibidez) aitorpena egiten badute gutxiago ordaintzen dute.

Kenkariak

Kenkari orokorra (autolikidazioa): Guztiei aplikatzen zaie eta 1.375 eurokoa da.

Ondorengo ahaideena: Ahaide kopuruaren arabera diru bat deskontatzen da. Geroz eta ahaide gehiago diru gehiago. 16 eta 6 urte baino gutxiago dituzten ahaideentzako bigarren deskontu bat dago.

Aurreko ahaideen kenkaria: Kenkarirako eskubidea eman behar dute.

Adinaren kenkaria: 65 urte baino gehiago dituztenei aplikatzen zaie euren zerga oinarria 3.5000 euro baino gutxiagokoa bada.

Ezintasun edo mendekotasunarena: Ezintasun maila %33koa edo handiagoa bada edo 65 urte edo gehiago dituen norbaitekin biziz gero.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide