4 urte dira Aiaraldea Komunikazio Leihoa sortu eta www.aiaraldea.com web-gunea sareratu zela. 2010eko Apirilaren 17an Juan de Urrutia plazan jendaurrean egindako ekitaldian zabaldu zitzaion euskarari komunikazio leiho berria. Ekitaldi hartan elkartearen asmoen berri eman zen; euskaradunek Aiaraldean euskaraz bizi ahal izateko ahal beste komunikabide sortzea. Orduko leloa izan zen “informazioa euskaraz, sarean, irratian, bideoetan eta argazkitan: .info, .fm, .com, .tv eta .jpg. Eta lelo hark gorputza hartu du urteotan.
Ordutik hona ibilbide luzea egin du elkarteak, eta pertsona eta elkarte askoren ekarpen boluntarioak josita 3 komunikabide sortu eta errotu ditu gure eskualdean lau urte hauetan; web-gunea, irratia eta egunkaria hain zuzen ere. Ibilbide honetan, egitasmoak erreferentzialtasuna irabazi, herrigintzan ekarpen aktibo bat egin eta euskara esparru berrietara zabaldu du elkarteak, gure hizkuntza eta bere erabilera indartuz.
Boluntarioek osatutako elkarte bat izatetik, boluntario eta langilez osatutako elkartea izatera pasa zen duela 2 urte Aiaraldea Komunikazio Leihoa. Komunikabide bezala kalitatea handitu, gaurkotasunari erantzun eta profesionalizazio handiagorako bidea ireki zen horrela, eta gaur da eguna euskarazkoa dela eskualdean dagoen komunikabiderik garrantzitsuena eta handiena. Egun 5 langilek eta 224 boluntario eta kolabaratzailek egiten dute Aiaraldea Komunikazio Leihoa, energiak elkartu eta ekarpen txikiak josita eskuratutako emaitza paregabea.
“elkar·ekin Aiaraldeagoa”
Elkarteak aldaketa eta garapen handia izan du urteotan, eta garapen horren oinarria indar ale eta ekarpen txikiak elkarrekintzan jartzea izan da.
Elkar-ekinez sortu zen Aiaraldea Komunikazio Leihoa, elkar-ekinez sortu ziren bezala gau eskolak, ikastolak, euskaltegiak... elkar-ekinez zabaldu zen hezkuntza publikoan euskarazko eskaintza, elkar-ekinez lege aitortzak erdietsi eta beste hainbat eta hainbat pausu desagertzear zen hizkuntzaren berreskurapen-bidean.
Elkarrekin aritzea izan da gakoa, eta aurrerantzean ere hala izango da, baita Aiaraldea Komunikazio Leihoan ere.
Energiak elkartu, Aiaraldea Herri Elkargoa sortu
“Energia aldakuntzak eragiteko ahalmenarekin lotuta dagoen magnitudea” dela dio Wipidediak. Aiaraldea Komunikazio Leihoak komunikazioaren, euskararen eta komunitatearen esparruan aldaketak eragitea du xede, eta horretarako ahal beste energia elkarrekintzan jartzea izango du lanabes nagusi aurrerantzean ere.
Aiaraldea Komunikazio Leihoak oraindik eta Aiaraldeagoa izan nahi du, eta bide horretan energia berriak elkartzeko kanpaina abiatuko du 2014 urte honetan, Aiaraldea Herri Elkargoa saretzeko kanpaina hain zuzen ere.
Elkargo horretan norbanakoen energia, elkarteen energia, euskaraz aritzen diren saltoki, enpresa ertain zein handiena bildu nahi ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoak.
Elkargoa elkartasun espazio bat izango da, elkargoko kide diren entitateen garapena helburu duena komunitate proiektu komun bat garatzeko, euskara, komunikazioa, tokiko merkataritza eta herrigintza ardatz hartuta.
Elkarri lagundu, elkarrekin eragin eta elkarrekin hazi.
Energia, argiak eta izpiak
Laugarren urteurren honetatik aurrera, Aiaraldea Komunikazio Leihoak Elkargoa sortzeko energiak biltzeari ekingo dio aipatutako esparru horietan: norbanakoen energia, elkarteena, saltokiena eta enpresena. Elkargo horretan eman eta jaso egingo da neurri berdinean, eragile bakoitzak eman dezakeenetik eta behar duenetik abiatuta, proiektu kolektibo batean norberaren garapena bilatuta.
Norbanakoen energiak biltzeari ekingo dio elkarteak datozen hilabeteotan, elkargo horretan parte hartu nahi dutenen atxikimendua eta ekarpena jasotzeko asmoz. Lan-orduak eta diru-ekarpena izango dira elkargoko kide izateko bideak, biak ala biak garrantzitsuak.
Eta elkarteak etorriko dira gero, saltokiak ondoren, enpresa ertain eta handiak azkenik. Argia emango duten entitateak elkargora bilduko ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoak, izpiak emateko prest daudenak, energia berriak bildu eta birsortzeko euskararen eta komunitatearen mesedetan.
Energiak elkartzeko deia 4. urteurrenean beraz, beste hainbestetan (eta gehiagotan) “aldakuntzak eragiteko ahalmena” pilatzen jarraitzeko.