Errigora ekimenak Nafarroan ekoiztutako oliba olio salmenta abiatu du udaberrirako “Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura” lelopean. Bost litroko botilak jarriko dituzte salgai oraingoan, 22 eurotan jatorri ekologikoa duena eta 16,5 eurotan konbentzioanala. Eskainitako olioa birjina estra kalitatekoa da eta prozedura mekanikoz hotzean erauzitakoa.
Aiara eskualdean posta elektronikoz jaso dira eskaerak. Horretarako laudio@errigora.org kontua zabaldu dute.
Errigoraren aurreko kanpainak oihartzun handia lortu zuen hainbat euskaltzale eta eragileren bultzadari esker, hartara Euskal Herriko 160 herritara zabaldu zen. Nafarroako erriberako euskararen alorreko hiru eragileentzat 112.000 euroko ekarpena bildu zuten orduan.
Udaberrirako ekimenak helburu xumeagoa izango du eta 25-30 herritara mugatuko da, “udazkenean hasitakoari jarraituz, auzolanean Nafarroa hegoaldea eta Euskal Herriaren arteko zubiak eraikitzen jarraitu nahi dugu, elikadura burujabetza eta euskara ardatz hartuz” adierazi dute antolatzaileek.
[video:https://www.youtube.com/watch?v=2eDGrfJCbDY align:center]