Landare inbaditzaileak Aiaran

Erredakzioa 2014ko api. 14a, 13:13

Naturayala blogak beste sarrera interesgarria argitaratu du, kasu honetan landare inbaditzaileen inguruan:

Flora eta faunako espezieen joan etorriak planetaren luze zabalean zehar bizitza bezain zaharra den fenomenoa dugu. Hala ere, prozesu natural hau izugarri azkartu da giza eraginaren ondorioz, mundu mailako komertzioa mendez mende areagotzearekin batera.

Naturayala blogak beste sarrera interesgarria argitaratu du, kasu honetan landare inbaditzaileen inguruan:

Flora eta faunako espezieen joan etorriak planetaren luze zabalean zehar bizitza bezain zaharra den fenomenoa dugu. Hala ere, prozesu natural hau izugarri azkartu da giza eraginaren ondorioz, mundu mailako komertzioa mendez mende areagotzearekin batera.

Beste kontinenteetatik etorritako flora espezie arrotzen zabaltze masiboa fenomeno arrunta bilakatu da, XXI mende honetako globalizazioaren ezaugarri bat gehiago izanik. Hauetako espezie batzuk konkistatutako lurralde berriei egokitzeko gaitasun handia erakusten dute, bertan erraztasunez finkatuz eta ugarituz eta ondorioz pausatu diren ingurunea eraldatuz. Espezie horiei inbaditzaile eraldatzaileak deitzen zaizkie. Eta Aiarako landa nahiz mendietan gero eta ugariagoak dira holako landare inbaditzaileak.

Espezie hauetako batzuk bertako florarengan eta jatorrizko landaredian eragina handia daukate, paisaia eraldatuz, bertako espezieak ordezkatuz, eta orohar ekosistemak ahulduz eta sinplifikatuz.

Guztiok ezagutzen dugu Panpako lezkaren kasua (Cortaderia selloana,) Hego Amerikatik Europara landare apaingarri moduan ekarritako graminea, argazkian agertzen den Mendeikako etxean ikusi daitekeen bezala, zabaldu egin dena inguru askotan ia kontrolik gabe.

Panpako lezka erraz zabaltzen da lursail biluzi eta iraulietan, lur mugimenduak eta indusketak egin ostean adibidez. Garraio azpiegiturak, errepideak edota trenbideak, espeziearen zabalkunderako bektoreak dira. Adibide argia Menagarain daukagu, duela urte batzuk egindako A-624 errepideko zaharberritze lanetan sortutako lurren biltegiaren baitan, landarea erraz zabaltzen den eremua bilakatu dena.

Beste adibide bat Okondo eta Laudio lotzen duen A-3632 errepidean dugu, Garate gaineko errepideko ezponda arrokatsuetan Panpako lezka agertzen den landare ia bakarra bihurtu baita.

Halaber Bitorikako antzinako harrobia, Areta eta Laudio artean , ia osorik inbaditu zuen Panpako lezkak, Arabako Aldundiak eta Aiarako Koadrilak sustaturik erradikazio lanak burutu diren arte.

Ezaguna den eta oso kezkagarria izatera iritsi daiteken beste kasua Fallopia japonicakoa dugu, ibaien ertzak kolonizatzen dituen asiar jatorriko landarea, bertako espezieak alderatuz eta zelai nahiz parkeak inbaditzeaz gain eraikuntzetan ere sartzen dena. Nerbioiko ibaiertzetan Gardea parean populazio bat agertu da oraindik handiegia ez dena.

Gizakiak eragindako beste zabaltze bat A-624 errepide ondoan egindako lur pilaketetan ditugu, Lapetaratxe auzoan, Lantenon. Premiazkoa da populazio hauen kontra lehen bai lehen ekitea, artean urriak direlarik, arazoa kontrolatu ezina bihurtu aurretik.

Mimosa (Acacia dealbata) australiar jatorriko zuhaitza dugu, apaingarri bezala oso erabilia lorezaintzan. Enbor ipurditik kimuen bidez berragertzeko gaitasun apartak egokiak zaizkion lur eremuak inbaditzea ahalbidetzen dio, bertako tokiko landareak itoz. Markuartuko gaineko akaziak horren adibide argia dira, eskualdeko artelatz ale bakarra itotzen ari direlarik. Laudio Ikastolako ondoko lur sailetan ikus daiteke ere bere zabaltzeko gaitasuna.

Hain ezagunak ez diren beste bi adibide. Aurrena Ipomoea indica kanpaitxoa, hego eta erdialdeko Amerikako jatorriko landare igokaria, hain populazio itxiak sortzen dituenak ze euskarri dituen landareak akabatzen dituen. Nire etxeko baratzean agertu zen, polita iruditu zitzaion baten batek ekarria. Leken gainean igotzen hasten da ordea, eta etengabe erauzten aritu behar lekak ito ez ditzan. Horretaz gain, bere lore ikusgarriak leken loreekin lehiatzen dira polinizatzaileak erakartzerakoan. Nik neuk erlastarra izango banintz, leken loreetara joan beharrean Ipomoearen loreetara joko nuke, ezta?

Inbaditzaile izaera duen beste espezie bat baratzetako tea dugu (Bidens aurea), Estatu Batuetan, Mexiko eta Guatemalan jatorria duen landarea. Bere ugaltze modu asexualak, errizomen zatikatzearen bidez ugaritzeko gaitasun aparta ematen dio. Zelai eta baratzetako inguruetan ezarri ohi da, Etxegoiengo hau bezala. Ikusten denez, bere populazioak era jarraian eta etenik gabe betetzen dituzte dauden belardiak, abereentzako belar ekoizpena mugatuz. Bere lore ikusgarriek ere polinizatzaileak erakartzen dituzte, erlastar honen kasu, era horretara loretan dauden bertako espezieen aurkako lehia zuzena eginez, lekak bezalako landare autoktonoen ernaltze arrakasta mugatuz.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide