Bola-joko txapelketak indarrez helduko dira gure eskualdera. Lehenengo hitzordua, apirilaren 11an izango da, San Rokeren bola-tokiak hartuko duen Sari Handian, Dolumin Barikuaren baitan. 11:00tatik aurrera hainbat kategoria eta adineko jokalarik jaurtiko dute bola.
Atsedenerako denborarik ez eta Gardeako bola-tokiak hartuko du lekukoa hurrengo bi egunetan; 12-13ko asteburuan, alegia. Probintzia osoko arituenak elkartuko ditu txapelketak. Ostean, San Roke, Kexaa, Luiaondo eta Tertangak hartuko dute kirolari etenik ez emateko ardura udaberri oraindik gazte honetan zehar.
Klubeko kidea den Juan Antonio Gaya Hernandezek bola-jokoa gure eskualdean daukan presentzia gogorarazteko aukera ez du galdu nahi izan. “Bola-jokoa Aiaraldeko kirola da, pilota baino lehenago jokatzen hasi zena”, adierazi du Gayak, nahiz eta herri askotan zaletasuna urteen poderioz txikitzen joan dela aitortu duen.
“Oso-oso antzinako jolasa” da eta beste inon topatu ezina den modalitatea dauka eskualdean, Gayaren hitzetan. Akaso Zornotzakoarekin parekatu daitekeen modalitatea da, haren “deformazio” bezala hartu daitekeena. Modalitate honen arau nagusia, bolo handia botatzeak jaurtitzaileari puntu bat ematen diola da, txikia botatzeak lau ematen dizkion bitartean. Bolak hondoko txapa jo behar du betiere, jokaldia baliozkoa izan dadin nahitaezkoa baita.
Galduz joan den kirola
“Lehen Laudion 10-12 bola-toki egon zitezkeen, baina orain 4 baino ez”, aitortu du Gayak. Santa Luzian, Aretan edota Gardean guztiz ohikoa zen bola-toki ugari ikustea, orain bakarra mantentzen den arren. Garbi dauka Gayak, halere, zein den bere gustukoena, denboraren jarioak berak itxi ezin izan duen bakarrenetakoa: “San Joaneko baselizan dagoena da onena”, haren aburuz.
Ukaezina da halere Aiaraldea mailan indarra daukala oraindik bola-jokoaren oihartzunak, eta horren isla dira eskualdeak dituen 6 klubak (Tertanga, Urduña, Aiara, Luiaondo, Okondo eta Laudiokoak) eta bola-tokia erabilgarriak mantentzen dituzten 10 herriak (Mendeika, Kexaa, Beotegi, Arakaldo, Tertanga, Urduña, Aiara, Luiaondo, Okondo eta Laudio).