Untzuetako gaztelua nafarra zela aldarrikatzeko ekimenak antolatu dituzte

Txabi Alvarado Bañares 2014ko mar. 29a, 11:24

Untzueta mendian zegoen gaztelua “nafar gaztelua” zela aldarrikatzeko sortu dute Untzueta Nafar Gaztelua ekimena. Gaztelua Nafarroako erreinuaren defentsa-sistemaren parte zela eta ondorioz Aiaraldea Nafarroa dela defendatzen dute, eta hori azaltzeko mugarri bat jartzeko asmoa dute apirilaren 6an.

Untzueta mendian zegoen gaztelua “nafar gaztelua” zela aldarrikatzeko sortu dute Untzueta Nafar Gaztelua ekimena. Gaztelua Nafarroako erreinuaren defentsa-sistemaren parte zela eta ondorioz Aiaraldea Nafarroa dela defendatzen dute, eta hori azaltzeko mugarri bat jartzeko asmoa dute apirilaren 6an.

Arrankudiaga, Arakaldo eta Orozko artean dago Untzueta mendia. Bere gailurrean daude izen bereko gazteluaren arrastoak. Aiaraldean kokatua egon arren, Untzuetakoa “nafar gaztelua” izan zela aldarrikatzen du herritar talde batek. Aldarrikapen horretan sakontzeko ekimen bat jarri dute martxan, Untzueta Nafar Gaztelua izenekoa. Aiaraldea Nafarroako erreinuaren parte izan zela argudiatzen dute, eta gaztelua erreinuaren defentsarako baliatu izan zela. “Funtsezkoak (1) ziren hiru haran defendatzen zituen: Orozkokoa, Zeberiokoa eta Bilbokoa”, azaldu du ekimenaren kide den Txomin Egiluzek.

Horregatik, “historiaren zati hori berreskuratzea eta nafarrak garela aldarrikatzea” da ekimenaren helburua, bertako partaide den Jose Angel Aramendiren hitzetan. Hitzaldiak antolatzen hasi dira horretarako. Orozkon apirilaren 4an eskainiko dute bat, 19:00etan Museoan. Nafarroa Bizirik plataformako Sergio Iribarrenek eskainiko du hitzaldia eta “Untzueta gaztelua eta Nafarroako konkista prozesuak” izango ditu mintzagai.

Zita nagusia, baina, apirilaren 6an izango dute Untzuetako Nafar Gaztelua ekimeneko kideek. Goizeko hamarretan irtengo dira Orozko, Ugao eta Zeberioko plazetatik, Untzuetara bidean. Behin hara iritsita mugarri bat jarriko dute, zeinetan bertan dauden harri arrastoak nafar gaztelu batenak izan zirela azalduko den. Herri bazkaria egingo dute gero Arrankudiaga-Zollon.

Martxoaren 30ean, aldiz, Arakaldon izango da zita. Kukutze mendira igoko dira, Nafarroako bandera eta ikurriña jartzera. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute herrian. Hortaz gain, erakusketa bat prestatu dute, informazio panelak zein gazteluaren maketa batez osatua dagoena. Ondoren, Orozkoko museoan egongo da erakusketa, martxoaren 31tik apirilaren 6ra.

900 urteko antzinatasuna
2006 eta 2007ko udetan egin zituzten indusketak (1) gazteluaren arrastoak lurpetik ateratzeko. Aunia kultur elkarteak sustatu zituen, eta Juanjo Hidalgo laudiarra egon zen bertan lanean.

Berak azaldu duenez, lehenagotik ere bazekiten bertan gaztelu bat zegoela, jasan izan zituen erasoen inguruko dokumentazioa dagoelako. Dokumentatua ez zegoena gazteluaren antzinatasuna zela adierazi du Hidalgok, eta horregatik indusketetan topatu zituzten materialei karbono 14aren froga egin zietela. Hala jakin zuten gaztelua XI. mendekoa zela. Horregatik, “gaztelu nafarra” izan zela ondorioztatu daitekeela baieztatu du historialari laudiarrak, “garai hartan Aiaraldea eta inguruko lurrak Nafarroako Erreinuaren menpe zeudelako”. Hidalgoren ustez, Eneko Lopez Bizkaiko Lehenengo Jaunaren kontrolpean eraiki zen gaztelua, Nafarroako koroaren agindupean. Bi mende geroago, baina, gaztelarrek inguruko eremua berenganatu eta gaztelua hartu zuten. Orduz geroztik hainbat eraso jasan izan zituen, Gaztelako Koroaren eta Bizkaiko jaunen arteko “tira-birak” medio. Baina gaztelua ez zen eraso horiengatik suntsitu. Hidalgoren arabera, iritsi zen momentu bat zeinetan Bizkaiko Jauna eta Gaztelako Koroa “gauza bera” ziren. Enrique III Gaztelako Erregea eta D. Tello Bizkaiko Jauna anaiak ziren, “eta gainera ondo moldatzen ziren elkarrekin”. Horregatik, D. Tellok gaztelua birrintzeko agindua eman zuen XIV. mendean, erakina bertan egoteak zentsurik ez zeukalako.

Jentilen bolak
Indusketak egiten hasi zirenean harri ilara eta horma bakan batzuk baino ez zeuden begi bistan. Lurra kentzen joan ahala hasi ziren gazteluaren estruktura azaleratzen. “Ez zen gauza askorik geratzen, kanpoko harresia eta erdiko dorretxea izan ezik”, oroitu du Hidalgok. Bere ustetan, dorretxe altua zen Untzuetakoa, “15 metro ingurukoa agian”. Dorretxearen eta harresiaren arteko espazioak hala-moduzko patio batek betetzen zuen, “oso ondo eraikitakoa, Untzuetako mendia oso aldapatsua dela kontuan hartuta”.

Bestelako aztarnak ere aurkitu zituzten: gezi puntak, zeramikaz egindako piezak edota dorrea erasotzeko erabili ziren harri bolak, 30-40 kilo inguruko pisua dutenak. Bola horiekin kondaira bat sortu dela dio Egiluzek. “Kondairak dio jentilak zirela bolak botatzen zituztenak”. Halako harriak Orozko eta Arrankudiagan ere topatu daitezkeela gaineratu du.

Baina topatu diren aztarna gehienak hezurrak dira, animalien hezurrak. Arrasto horien analisia eginda gazteluan bizi zirenek zer jaten zuten jakin ahal izan zuten ikerlariek. Hidalgoren hitzetan, dorrean beti zegoen norbait zaintza lanak egiten. Hala ere, bertan bizitzea “zoramen” bat izan behar zela uste du historialariek “bertan haize asko egiten baitu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide