Zer da Aiaraldea Iratia

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Ibarrola Atxa 2014ko mar. 26a, 20:37

Aiaraldea irratia Aiaraldea Komunikazio Leihoak sortu duen euskara hutsezko internet irratia da. Aiaraldea Komunikazio Leihoak euskararen normalizazioa du helburu. Horregatik, komunikatzeko leiho berri bat zabalduz euskararen uhinak hedatu nahi ditu, hizkuntzari komunikabide eta baliabide gehiago eskainiz.

Aiaraldea irratia Aiaraldea Komunikazio Leihoak sortu duen euskara hutsezko internet irratia da. Aiaraldea Komunikazio Leihoak euskararen normalizazioa du helburu. Horregatik, komunikatzeko leiho berri bat zabalduz euskararen uhinak hedatu nahi ditu, hizkuntzari komunikabide eta baliabide gehiago eskainiz.

Aiaraldea Komunikazio Leihoa Elkartea 2010ko apirilaren 17an jaio zen, euskarazko komunikazio jarduerak sustatzeko helburuarekin. Bide horretan jarritako lehenengo harria www.aiaraldea.com webgunea izan zen. Aiaralde osoko 50 lagunek ekarpen boluntarioaren bitartez eguneroko tokiko informazioa ahal beste uskarrietan sareratzen hasi ginen: bideotan, argazkietan, audioetan…Orozkotik Okondora eta Urduñatik Arrnakudiagara, tarteko 9 udalerritan jasotzen diren eguneroko bizitzako istorioak biltzen ditugu teknolgoia berrien azken puntako balibideak erabiliz: euskaraz eta aiaraldearrontzako. 2011 urteak utzitako bisita datuak ezin pozgarriagoak dira: 179.000 bisita jaso zituen webguneak, hilero ia 8000 bisitari bakar. Duela hiru urte sortutako uhina, hedatzen ari da. Eta, Aiaraldea irratiarekin, gehiago zabalduko da.

 

Aiaraldea Irratia: Leiho berri bat euskarari from aiaraldea komunikazio leihoa on Vimeo.

Zergatik sortu da?

Asko dira Aiaraldeko euskalgintzak azken hamarkadetan hizkuntzaren normalizazioaren bidean eman dituen aurrerapausoak. Lan handia egin da urte guzti hauetan heziguneetan, herrigintzan zein instituzioetan. Gaur da eguna harrotasunez esan dezakeguna eskualdeko biztanleriaren ia erdia euskaraduna dela; 25.000 herritarren dute Aiaraldean euskararen intxaurra poltsikoan, zabaltzeko gertu. Alabaina, oraindik lan handia dago egiteko. Euskara komunikatzeko tresna gisa zabaltzeko, komunikabideak dira giltza baliotsuetako batzuk.

Aiaraldea irratia eskualdean euskara hutsezko irratirik ez dagoelako jaio da, 2012an. Egun, hiru irrati daude: Radio Llodio, Aiara irratia eta Uhinak irratia. Alabaina, euskararen presentzia eskasa da hedabide horietan; elebidunak dira baina programa gehienak gazteleraz egiten dituzte. Aiaraldea Irratiak inguruko norbanako eta kolektiboan euskara entzun eta hitz egitera bultzatzeaz gain, entitate ezberdinen bozgoragailu izateko asmoa du. Informazio iturriei ahotsa ematera dator, zure hitza zabaldu eta belarriak gerturatzera. Hala, mikrosaio edo programa ezberdinak eta musika tartekatuko dira. Saioetako asko Aiaraldean sortutakoak izango dira. Beste batzuk, aldiz, beste euskal irratietakoak. Zurea da hitza… HARTU ETA ZABALDU!

Nolakoa izango da?

Aiaraldea irratia proiektu ireki eta parte hartzailea izango da. Herritarren euskarazko komunikazioa xede izaki, ezinbestekoa du aiaraldearren parte hartzea. Edonork hartu lezake parte, beti ere elkartearen ildoa bermatzen badu: euskara eta normalizazioa, aukera berdintasuna (parekidetasuna), kultur aniztasuna eta komunitatearen eraikuntza. Hau da, nortasun propioa bultzatzea, herritarrek eta herritarrentzako eginez.

Non entzungo da?

Aiaraldea Irratiak ekoiztutako irratsaioak aparatuaren arabera leku eta formatu ezberdinetan entzun ahal izango dira:

  • Interneten: www.aiaraldea.com webgunean, irratiaren blogean eta Tune-in atarian.
  • Irratietan: Irratsaioak Uhinak Irrati Libreko programazioan txertatuko dira. Hartara, edozein kotxe, etxe edo lantokitan 96.5 FM frekuentzian izango da entzungai.
  • Mugikorretan: interneta duen edozein sakelekotan Uhinbak aplikazioaren bitartez
  • Sare sozialetan: Twitter edo facebook kontuen bidez.

Aiaraldea Irratiak Euskal irratsaioek osatzen duten Arrosa Sarearen parte izango da. Sare honen bidez, Euskal Herri mailan ekoizten diren irratsaioak erabiltzeko aukera edo trukaketa egiten da. Era honetan, Zuberoako programa bat emiti liteke Aiaraldea Irratian, edo bertako saio bat eskaini lezake beste edozein irratik. Sare honen bidez entzungo da Aiaraldea Irratian,adibidez, Elhuyarrek egiten duen Quark saioa. Edo, Hala Bedik egunero osatzen duen Zebrabidea magazina.

Zer eskainiko du?

Aiaraldea irratiak bi motatako programak emitituko ditu. Batetik, irratsaio arruntak, ordu erditik gorako iraupena izango dutenak. Eta, bestetik, mikrosaioak; 15 minutuko programa laburrak. Irratsaiorik emititzen ez den tarteetan musika jarriko da.

Dagoeneko gazteriaz, historiaz, musikaz, bertsolaritzaz, mendiaz eta nekazaritzaz hitz egingo duten irratsaioak lotuta daude. Horien artean daude zinema, literatura eta musika proposamenak biltzen dituen Kultur leihoa; Klioren basoa Historia irratsaioa, Ai zapotxin bertsolaritzaren ingurukoa edo gaurkotasunari buruzko Harian magazina.

Zer egin behar da irratsaio bat egiteko?

Aiaraldea Irratian saio bat egiteko hiru gauza baino ez dira behar: euskaraz egitea, gogoa eta konpromisoa. Programa bat ekoiztera animatzen denari ikasturte osoan zehar saioa mantentzeko baldintza betetzea eskatzen zaio; ekainerarte. Baita, irratiko batzarretarako irratsaioaren ordezkariren baten presentzia. Urtean hiru egingo dira: iraila/urrian, urtarrilean eta maiatzean.

Irratsaioa ekoizteko behar den formakuntza eta trebakuntza Aiaraldea Komunikazio Leihoak eskainiko du. Horretaz gain, irratiko kideek arazorik ez izateko audioen edizio programen manuala izango dute. Baita alea blogera zein sare sozialetara nola sareratu azalduko duen gida ere. Zureari ekiteko prest? Bidali emalia irratia@aiaraldea.com helbidera zure kontaktua zein zeri buruzko programa egitea nahiko zenukeen zehaztuz, eta zurekin harremanetan jarriko gara.

 

Edozein zalantza edo harremanetarako

E-posta helbidea: irratia@aiaraldea.com
Web-gunea: fm.aiaraldea.com
Twitter: @aiaraldeafm
Telefono zenbakia: 946128492

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide