[Erreportajea] Langabeziaren aurrean autoenplegurako bideak ugaritu dira

Txabi Alvarado Bañares 2014ko mar. 23a, 10:49

Negozio ideia propioak aurrera eramateko aholkularitza eta baliabideak eskaintzen dituzte Urduña, Laudio eta Amurrioko garapen agentziek
Datuak hor daude: azken sei urteetan %146,65 igo da langabezia Aiaraldean. Igoera Amurrio eta Laudion nabaritu da bereziki, %17 eta %19,5eko langabezia tasak baitituzte bi herriek, hurrenez hurren. Lan eskasiaren aurrean, auto-enplegua soluzio bat izan daiteke, enpresa batengatik kontratatua izatera itxaron gabe, norberak bere negozio-ideia propioa aurrera eramanda.

Negozio ideia propioak aurrera eramateko aholkularitza eta baliabideak eskaintzen dituzte Urduña, Laudio eta Amurrioko garapen agentziek
Datuak hor daude: azken sei urteetan %146,65 igo da langabezia Aiaraldean. Igoera Amurrio eta Laudion nabaritu da bereziki, %17 eta %19,5eko langabezia tasak baitituzte bi herriek, hurrenez hurren. Lan eskasiaren aurrean, auto-enplegua soluzio bat izan daiteke, enpresa batengatik kontratatua izatera itxaron gabe, norberak bere negozio-ideia propioa aurrera eramanda.


Aiaraldean badaude auto-enplegua sustatzeko asmoz sortutako erakundeak. Laudioko Udalak Tokiko Garapen Agentzia sortu zuen duela hiru urte, eta Amurrion ere antzeko sozietate bat dago, Amurrio Bidean izenekoa. Biek hala biek enpresa propioa sortzeko asmoz bertaratzen diren herritarrei orientazio eta laguntza eskaintzea dute xede, eta hainbat tresna baliatzen dituzte horretarako. 2005ean Amurrion Bidean-ek “Reforamurrio enpresaldea” enpresa-hazitegia sortu zuen. El Salvador erreformatorioa zegoen eraikinean dago kokatua hazitegia. Sortu zenetik hona 22 enpresa aritu izan dira hazitegiaren bulegoak baliatzen, Amurrio Bidean-eko langile den Marianen hitzetan. “Berez, egoera ekonomikoa gorabehera, hazitegiak geroz eta aktibitate gehiago dauka”. Marianek azaldu du lau direla gaur egun hazitegiko espazio eta azpiegiturak erabiltzen dabiltzan enpresak, baina ekintzaile gehiago interesatuak daudela eta euren eskaerak aztertzen dabiltzala gaineratu du.


Laudion orain arte ez da egon hazitegirik, baina Tokiko Garapen Agentziak bat jarriko du martxan aurten. Agentziako kide den Asun Duñabeitiak jakinarazi du “hemendik gutxira” hasiko direla hazitegian parte hartzeko baldintzak (erabilera arautegia, bulegoen alokairuen prezioak…) zehazten. Jada martxan dagoena Enpresa Berrien Kluba da, enpresa berriei lehen bi urteetan aholkularitza eta formazioa eskaintzea helburu duena.
Amurrio Bidean-ek, bere aldetik, Ekintzaileen Laborategia sortu zuen 2010ean. Doako espazioa da, azpiegitura informatikoz zein kontsultarako materialez hornitua.


Ekintzaileek euren negozio ideia garatu ditzaten pentsatua dago, eta epe laburrean horrelako egitasmo gehiago aurkezteko asmoa dutela aurreratu du Marianek: Coworking aretoa ireki nahi dute apirilean. Espazio partekatu bat izango da, zeinetan hainbat ekintzaile egon ahal izango diren, “sormen eta lankidetza giroa” sortuz.

Oztopoak oztopo


Enpresa berriak sortzeko baliabideak dauden arren, trabak ere badaudela aitortu dute Duñabeitiak eta Marianek. Finantziazioa da traba horietako bat. “Badaude ekintzaileentzako finantziazio bereziak eskaintzen dituzten bankuak”, azaldu du Marianek, “baina sarritan bermeak eskatzen dituzte, pertsona askok eman ezin ditzaketen bermeak”.


Diru-laguntzak egon badaude, proiektuaren izaeraren zein eskatzailearen ezaugarrien araberakoak diren arren. “Ekintzaile” izeneko programak negozio-ideiak martxan jartzeko diru laguntzak eskaintzen ditu, 30.000 eurotakoak izatera iritsi daitezkeenak. Ideia berritzailea eta industria edo zerbitzu sektorearen baitakoa izatea da diru-laguntzara horretara aurkezteko baldintza. Arabako Foru Aldundiak, bere aldetik, 20.000 eurorainoko diru-laguntzak eskaintzen dizkie ideia berritzaileak garatzeko asmotan dabiltzan enpresa sortu berriei, martxan jartzeko egin beharreko inbertsioei aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzak ere antzeko laguntzak eskaintzen ditu, eta 2014ko aurrekontuetan ekintzaileentzako diru-laguntzak sartzea eskatu dio Laudioko Garapen Agentziak udalari.


Halako laguntzak enpresa sortu berrientzako “sostengu handia” direla uste du Marianek, baina gaineratu du ezin direla finantziazioaren oinarria izan, gehienak inbertsioak egin ostean ematen direlako. “Negozio-plana egiterakoan diru-laguntzak aintzat ez hartzea gomendatzen dugu”. Proiektuaren bideragarritasuna ziurtatzea, hori da egin beharreko lehenbiziko pausoa, Duñabeitiaren hitzetan. Laudio zein Amurrioko agentziek bideragarritasun azterketa egin eta negozio-ideia martxan jartzeko aholkularitza zein baliabideak eskaintzen dituzte. Hala, euren bulegoetara bertaratzeko deia luzatu diete Duñabeitia eta Marianek ekintzaileei. “Iniziatiba hartzea eta beldurra kentzea” gomendatu du Marianek, eta Paulo Coelhoren bi esaldi ekarri ditu gogora: “ekiten batzuetan irabazi eta beste batzuetan ikasi egiten da” eta “gauza bakar batek bilakatzen du amets bat ezinezko, porrot egitearen beldurrak”.
Urduñako Behargintzan ere, 2003tik lantzen dituzte garapen sozioekonomikorako programak. Batetik, enplegua sustatzeko. Eta, bestetik, formakuntza eskaintzeko. Era honetan bilatzen dute konpetentzia areagotzea, enpresa berriak sortu eta laguntzea, aholkularitza zerbitzua, agroekologiaren garapena...

Ekintzaile izateko ikastaroa


Laudioko Garapen Agentziak ekintzaile izateko ikastaroa antolatu du martxoaren 19an eta 20an. Tailerra negozio batean hastea pentsatzen ari diren pertsonei zuzendua dago. Saioak 9:00etatik 13:00etara izango dira. Urduña, Amurrio eta Laudioko bulegoetako baliabideen inguruan Informazio gehiago jaso nahi izanez gero telefono hauetara deitu liteke: Urduñako Behargintza 94538 4050, Laudioko Garapen Agentzia 944034980 edo Amurrio Bidean 945891721.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide