“Koadrila artekoa” ospatzen ari dira Araban bertsolari eta bertsozaleak, Aiaraldeko bi talderen parte hartzearekin: Ai zapotxin eta Amurrio taldea. Saio batzuk geratzen dira oraindik azkeneko jaialdiarekin amaiera eman arte. Apirilaren 5ean bukatuko da Agurainen egingo duten festa batekin. Datorren ostiralean Amurrion jokatuko da ekimenaren azken saioa. Bertan, Ai zapotxin taldekoak eta Gasteizko “Bertxotxoak” arituko dira kantari. Reforreko txokoan afari-giroan egingo duten saioa.
Aiarako Bertso Eskolako kideen esanetan filosofia eta parte-hartzaileen aldetik ekimen berezia da aurtengoa: ohiko bat-bateko saioekin batera, koadrila artekoan idatzizko bertso sortak ere botatzen dira. Horiek izaten dira bertso saioari hasiera ematen diotenak. Epailerik gabeko saioa da. Unai Mendibilek adierazitakoaren arabera, koadrila artekoak, filosofiari begira, txapelketatik ez dauka eta bai parte-hartzetik eta irekitik. Jende berria animatu da, tartean hasi berriak. Unai Mendibil Amurrioko taldearen parte da, eta lehenengo pertsonan bizi izan du koadrila artekoa. Giroa askoz lasaiagoa dela uste du; “nabaritu da seriotasuna eta tentsioa desagertu direla”. Aiaraldeko bertsolariek duela bi urteko kuadrillarteko txapelketan bigarren postua lortu zuten.
Parte-hartzea maila desberdinetan jorratu da. Aurtengoa lehenengo aldia izan da bertsozale elkarteak egin ordez parte hartu duten taldeek antolatu dutena. Hori izan da berrikuntza handiena. Horrekin saioak autonomoak izatea lortu da. Esate baterako, larunbat batean herri desberdinetan bost saio egon zirela aipatu du Unai Mendibilek. Horrekin Araban bertsolaritza hedatu dela uste du.
Taldeen esku egon da argazkilariak, audio zein bideo grabatzaileak… bilatzeko ardura. Gainera saioaren formatua ere beraiek aukeratu dute: bertso afaria, bertso bazkaria, bertso poteoa… “Aukera aniztasuna nagusitzen da koadrila artekoan”. Parte hartzaile aldetik eta ikusle aldetik jasotako erantzunean nabaritu da proposamenaren erakargarritasuna.
Hurrengo saioa Amurrion
Aipatu bezala, eskualdeko bi taldek parte hartu dute. Amurrioko taldeak Saratxon egin zuen bere saioa, sarri gertatzen den bezala. Izan ere, Unai Mendibilen iritziz, Amurrion ez dute leku egokirik halako ekimenik antolatzeko. Legutiokoak izan zituzten lagun kasurako antolatutako bertso bazkarian.
Eskualdeko bigarren saioa, eta azkena, Amurrion egingo du Ai zapotxin taldeak, martxoaren 21ean.Aurrez, Agurain taldekoekin aritu ziren kantari Ozaeta herrian egindako bertso afari batean. Kontatu dutenez, oso giro onean jardun ziren abesten: “50 lagun inguru batu ginen, trikitixa, janari eta barre artean”. Herri desberdinetako saioez gain amaiera bezala festa bat antolatu dute, Agurainen. Asmoa jai handi bat ospatzea izango da. Horretarako parte-hartzaile guztiak modu batean edo bestean egun horretan ere zerbaitetan aritzea bilatuko dute.
Dena dela, koadrila artekoa ez da bertsolaritzarekin eskualdeak duen harreman bakarra. Izan ere, txikitatik hasten dira bertsolaritza lantzen eskualdeko ikastetxe ezberdinetan.
Horien artean daude Amurrioko eskolak, Laudiokoak, Artziniegakoa, Aiarakoa eta Urduñakoa. “Orain urte batzuk ikastetxe askotan lantzen bazen ere, 3 urtetik hona eskualdeko ikasketa zentro guztietan aritzen dira bertsotan”.
Bertsolaritzaren hedapena
Bosgarren mailan hasten dira, 10-11 urterekin, eta bi urtez luzatzen da prozesua, seigarren maila barne. Ikastetxe batzuetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailatan ere lantzen dute. Guztira 500 eta 600 ikasle artean izaten dira urtero.
Ikastetxetako hastapenez gain, Laudion eta Amurrion bertso eskolak daude. Laudiokoak 7-12 urte bitarteko ume txikien eskola jasotzen du. Amurrion, ordea, 17-18 urteko gazteak biltzen dira. Lehenengoan 7-8 dira guztira eta bigarrenean 4-5 gazte.
Ikastetxetako eskola orduez gain, oporraldietan ere ekitaldiak antolatzen dira. Orain dela lau urte hasi ziren eskualdean bertso barnetegia antolatzen. Aste Santuko oporrak izaten dira hartarako aukeratutako egunak. Unai Mendibilen arabera oso ondo ateratzen ari da. Iaz aterpetxeko 73 leku bete zituzten, aterpetxeak lekurik ez zuelako. “Asko joan nahi bai baina ezinean geratu ziren”, dio. Aurten Espejora joango dira eta eskainiko duten leku kopurua ere 70en bueltan ibiliko da. Zehazki, apirilaren 22tik 24ra izango da egonaldia. Irteera Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarrenera bitarteko umeei zuzenduta dago. Prezioa 40 eurokoa izango da eta hiru egunetan zehar jolasak, bertsoak... egingo dituzte.
Ekimen hauek guztiek, eta bertsolaritzak, orokorrean, euskararen sustapenerako garrantzi handia dutela uste du Unai Mendibilek. “Bertsolaritza oso tresna eraginkorra da horretarako. Batez ere ohartu gabe ikasi eta egiten dutelako euskaraz. Jolasa denez askoz errazago ikasten da.”