Garraio zerbitzuak areagotuko dituzte eta alegazioak aurkezteko epea irekita dago

Erredakzioa 2014ko mar. 13a, 17:00

Arabako garraio publikoa hobetzeko asmoz, Arabako Foru Aldundiak Herrien Arteko Garraioko Sare Berriko aurreproiektua argitaratu zuen otsailaren 26an Arabako Aldizkari Ofizialean. Helegiteak jartzeko epea martxoaren 27an bukatzen da.

Araban garraio publikoaren inguruan egindako diagnostikoan ondorio batzuk atera dituzte. Horien artean herrien arteko mugikortasunaren ingurukoak daude.

Arabako garraio publikoa hobetzeko asmoz, Arabako Foru Aldundiak Herrien Arteko Garraioko Sare Berriko aurreproiektua argitaratu zuen otsailaren 26an Arabako Aldizkari Ofizialean. Helegiteak jartzeko epea martxoaren 27an bukatzen da.

Araban garraio publikoaren inguruan egindako diagnostikoan ondorio batzuk atera dituzte. Horien artean herrien arteko mugikortasunaren ingurukoak daude.

Horrela, Araban garraio publikoak erregulartasunez funtzionatzeko arazoak dituela, ordutegiak ezegokiak direla, ibilbideak luzeak eta eskabide gutxi duten herrietatik pasatzen direla, eta erabiltzen den flota handiegia dela ondorioztatzen du txostenak.

Gainera, garapen teknologikoa oso murritza da, batez ere tarifari dagokionez. Txostenean jaso dutenez, Gasteiz barruko ibilbideak luzeak direla-eta, erabiltzaileak ere kexu dira.

Gauzak horrela, eta garraio publikoa erabiltzeko eskuragarritasuna hobetzeko asmoarekin, osagarriak izango diren bi sare osatuko dituzte: herrien artekoa eta eskualdekoa.

Gainera, biztanleria kopuru gehien dituzten herrietan eta puntako orduetan garraioaren maiztasuna hobetuko dute eta garraio moten hobekuntza egingo dute.

Bestalde, proposatutako neurrien artean daude ere flotaren tamainaren eta okupazioaren hobekuntza. Hain zuzen ere, ibilbidearen sinplifikazioa eginez, bidaien denboraren murrizketa; tarifa sistema integratu bat egitea; ingurugiro eta segurtasunean hobekuntzak; eta Gasteiz barruan egiten diren geldialdiak eta ibilbideen arrazionalizazioa daude.

Aiaraldeko berrikuntzak

Bai Araban eta baita eskualde barruan ere, Amurrio eta Laudio dira bidaiari gehien biltzen dituzten herriak. Desplazamenduak lana edota ikasketengatik izaten dira gehien bat eta eskualdetik Gasteizera egiten dira.

Aiaraldean egingo diren hobekuntzen artean lan egunetan autobus maiztasuna areagotzea egongo litzateke. Hala, Gasteizera joateko autobusak 11 edota 14 zerbitzu izatetik 15 izatera pasatuko lirateke Amurrion; Laudion 13tik 16 izatera, eta Luiandon 7 edota 9 egotetik 7 edukitzera igaroko lirateke.

Proposamenaren arabera asteburuetan ere Amurriok eta Laudiok 3 zerbitzu izatetik 7 izatera pasatuko dira eta Artziniegak bitik laura. Gainera, Luiaondok 4 zerbitzu izango lituzke eta Okondok beste lau.

Urduña inguruko herriak eskualdeko sarera pasatuko lirateke.

Aurreproiektuaren arabera, Aiaraldean 3 linea egongo lirateke: Gasteiz-Amurrio-Laudio; Artziniega-Amurrio-Laudio-Okondo, eta asteburuetan Gasteiz-Izarra-Amurrio-Laudio.

Herritarrei garraio plana azaltzeko bilera egin zuten atzo Artziniegan.

Gaur, aldiz, Aiarako udaletxean aurkeztuko dute 18:30ean.

Okondoko data zehaztu gabe badago ere egiteko asmoa dutela adierazi du Aintzane Arbaizagoitiak.

Alegazioak aurkezteko epea Amurrion

Amurrioko Udalak hurrengo oharra zabaldu du, jendeak alegazioak egin ditzan: "Arabako Foru Aldundiko Herrilan eta Garraio Sailak iragarkia argitaratu zuen otsailaren 26an, ALHAOn. Horren bidez, jendaurrean ikusgai jarri da Arabako Foru Aldundiaren titulartasuneko errepidetik mugitzeko bidaiariek darabilten garraio publiko erregularreko zerbitzu berriak ezartzeko aurre-proiektua (AR-02 Aiara zerbitzu-unitatea). Alegazioak aurkezteko epea ireki da, eta 2014ko martxoaren 26an amaituko da.

Indarraldia 2015ean hasiko litzateke, eta interesa duten guztiei eskatu nahi zaie Amurrioko Udalarekin harremanetan jar daitezela, ordutegiok hobetzeko proposamenak aurkezteko, Udalak bidezko alegazioak aurkeztu ahal izateko. (martxoaren 21ra arte).

Udalarekin harremanetan jartzeko

Posta elektronikoa: nllorente@amurrio.org

Telefono-zenbakia: 945891161 – 629423306

Halaber, Vitoria-Gasteizko geltoki bakarra Euskaltzaindia plazako (Lakua) autobus-geltoki berria izango da. Ondoren, udal-garraio publikoa erabili behar izango da beste leku batzuetara joateko.

Aurre-proiektu osoa edo gaiari buruzko informazio gehiago lortzeko, bisitatu udal-albisteen atala www.amurrio.org webgunean."

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide