Hainbat ekintza egingo ditu Gazte eta Ikasle Mugimenduak datozen asteetan

Txabi Alvarado Bañares 2014ko mar. 11a, 10:11

Hainbat ekimen dituzte prestatuak Aiaraldeko Gazte eta Ikasle eragileek datozen asteetarako. Ikasle Abertzaleak eta Ernai erakundeek eskualde mailako planteamenduak aurkeztu dituzte. Gazte Asanbladek, berriz, herri mailako ekimenak egingo dituzte.

 Ikasle Abertzaleak, grebara

Hainbat ekimen dituzte prestatuak Aiaraldeko Gazte eta Ikasle eragileek datozen asteetarako. Ikasle Abertzaleak eta Ernai erakundeek eskualde mailako planteamenduak aurkeztu dituzte. Gazte Asanbladek, berriz, herri mailako ekimenak egingo dituzte.

 Ikasle Abertzaleak, grebara

Ikasle Abertzaleak antolakundeak “mobilizazio egoera iraunkorra” deitu du, Espainiako Gobernuak hezkuntzan darabilen politikaren aurrean (LOMCE legea) Euskal Eskola Nazionala aldarrikatzeko. Horretarako hainbat mobilizazio egingo dituzte eskualdeko ikasle abertzaleek. Datorren ostegunean, martxoak 13, kontzentrazioa egingo dute Laudioko Herriko Plazan, 12:00etan; eta jarraian ekintza bat egingo dute.

Hurrengo egunean, martxoaren 14an, Amurrioko ikasleei pasako diete lekukoa. 11:30etan kontzentrazioa egingo dute Herriko Plazan; eta burrunbada egingo dute gero, kaleetan zehar. Baina ikasle abertzaleak ez dira bi mobilizazio horietara mugatuko: hurrengo astean zehar asanblada informatiboak egingo dituzte ikastetxeetan, 27rako deitua dagoen ikasle greba orokorrari begira. 20an "borroka eguna" egingo dute gainera. 

Ernai, burujabetzaren bila

Ernai gazte antolakundeak, bere aldetik, prekarietatearen gaia lantzeari ekin dio. “Izan ere, Aiaraldea Hego Euskal Herriko eskualde kaltetuenetako bat da langabeziari dagokionean, eta are gehiago gazteak garen heinean, ezinezkoa baitzaigu gure bizi-eredua askatasunez eraikitzea”, adierazi dute Ernai Aiaraldeko kideek.

Hala, hainbat gaien inguruko formazio saioak antolatu dituzte. Iragan martxoaren 7an abortuaren aurkako legearen inguruko hitzaldia antolatu zuten Laudioko Gure Aukera elkartean. Emaion talde feministako kideak aritu ziren bertan hizlari. Datorren martxoaren 21rako, aldiz, eztabaida bat antolatu dute, 18:00etan Orozkoko Gaztetxean izango dena, “Ikasle mugimenduaren matxinada!” izenburupean. Apirilaren 11an desobedientzia jorratuko dute, 18:30etan Urduñako Kultur Etxean egingo duten hitzaldian. Apirilaren 25rako, berriz, agroekologiari buruzko mahai-ingurua dute prestatua, 18:00etan Amurrioko Kultur Etxean izango dena. Azken formazio saioa maiatzaren 2an izango da, 18:00etan Arespalditzako Udaletxean. LAB sindikatuko kideek Nuestro mayo rojo liburua aurkeztuko dute bertan.

Ernai Aiaraldeko kideek azaldu dute egin dute planteamendua “burugabe-burujabe” dinamika nazionalarekin “lotura estua” duela, eta eskualdean prekarietateak duen eraginaren inguruko bideo-erreportai bat egiteko asmoa ere dutela aurreratu dute.

Amurrion, lokalaren proiektua aurkeztear

Amurrioko Udalak San Joseko kuartel zaharrean espazio bat eskaini zion Gazte Asanbladari, eta honek proiektu bat garatu du espazio horretan oinarritua. Martxoaren 14an bizikleta martxa egingo dute kuartel zaharreraino, 17:00etan, Herriko Plazatik abiatuta. Bertara iristean talde-argazkia egingo dute eta, ondoren, askaria hartu eta triki-poteoan arituko dira.

Lokalaren proiektuaren aurkezpen publikorako, baina, 21erarte itxaron beharko da. Egun horretan egingo baitute, kuartel zaharrean bertan, 18:00etan.

Urduña, gazte egunaren zain

Apirilaren 5ean ospatuko du Urduñako Gazte Asanbladak 16. gazte eguna. Data hori iritsi baino lehen, baina, beste hainbat ekintza egingo dituzte. Datorren ostiralean, astero bezala, pintxo-potea egingo dute gaztetxean, eta Uluka talde akustikoak joko du, 21:30etan. Ostegunean, aldiz, hitzaldia egongo da gaztetxean, Venezuelako gatazkaren inguruan, Askapena Aiaraldeko kideen eskutik. Martxoaren 25ean, aldiz, gaztetxearen II. urteurrena ospatuko dute.

Hortaz gain, sagardotegira irteera antolatu dute Gazte Asanbladako kideek, datorren larunbaterako. Buserako eta bazkarirako bonoak 40 euroren truke eskuratu daitezke Mugalde kultur elkartean.

 Orozkoko Gaztetxea, berriz martxan

Udalarekin izandako gatazkaren ostean, martxan dago berriz Orozkoko Gaztetxea. Datorren ostiralean pintxo-potea egingo du bertan Gazte Asanbladak, 19:30etatik aurrera, Irlanda gai moduan hartuta. 21ean, berriz, “Hilean bariku bat!” proiektu musikalaren entsegu irekia egingo dute asanbladako kideek, ordu berean.

Laudioko Gazte eguna prestatzen

Laudioko Gaztetxean ere hainbat ekintza egingo dituzte datozen asteotan. Datorren ostegunean, martxoak 13, Gure Esku Dago ekimena jorratzen ari den herritar taldea bertaratuko da gaztetxera, 19:00etan, dinamikaren nondik norakoak azaltzeko.

Martxoaren 21ean, aldiz, kontzertuak egongo dira gaztetxean. RPG-7 (Vallekas), Garraxika (Gazteiz), Izate Faltsua (Amurrio) eta Luz de putas (Hodarribi) taldeek joko dute.

Hortaz gain, Laudioko Gazte Eguna prestatzeko bilera irekia deitu du Gazte Asanbladak datorren martxoaren 23rako. Gaztetxean bertan izango da zita, 17:00etan.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide