"Pelikulak beharrezkoa den eztabaida sustatu duelakoan gaude"

Erabiltzailearen aurpegia Lander Arteaga Egiluz 2014ko mar. 11a, 08:25

AITOR MERINO (Donostia, 1972) zuzendari eta antzezlearekin solasaldi bat izateko aukera izan dugu. Azken aste hauetan, Asier ETA biok dokumentala Laudion eta Amurrion ikusgai egon da; euskal zinemaren mundua hankaz gora jarri duen ekoizpen ausart horren inguruko hausnarketa zintzo bat eskaini du.

Zer da Asier ETA biok zuretzat? Zer suposatu du zuen adiskidetasunean?

Azken aste hauetan, Asier ETA biok dokumentala Laudion eta Amurrion ikusgai egotearen ondorioz, Aitor Merino (Donostia, 1972) zuzendari eta aktoreakin solasaldi bat izateko aukera izan dugu; euskal zinemaren mundua hankaz gora jarri duen ekoizpen ausart honen inguruko hausnarketa zintzo bat.

Zer da Asier ETA biok zuretzat? Zer suposatu du zuen adiskidetasunean?

Asier ETA biok talde lan bat da. Nire arreba Amaiarena, bion arteko konplizitatea zoragarria delarik. Eta gure ekoizlea izan den, Ainhoa Andraka eta Doxa Producciones lan-taldearena. Hiru urtez luzatzen ari den bidai sinestezin bat da. Baita ere, Asier eta bere familiarentzat, guztiz bihotz-zabalak izan direnak, gu guztiok euren intimitatean sartzen usteagatik. Asier eta biok, gure adiskidetasunaren une latzenak bizi izan ditugu, pelikula Asierren inguruan mugitzen delako, askotan amodio askorekin, baina baita ere zentzu kritiko batean. Horrek, gu bion artean guztiz zintzoak izatera behartu gaitu. Hala ere, azkenik, bata bestea hobeto ezagutzera eraman gaitu, gehiago eta hobeto maitatzera. Baina orain, Asier gartzelan dago, eta hemendik aste pare batera bisitan joateko aukera emango didate. Zenbat gauza kontatu behar dizkiot… Pelikula estreinatu aurretik, askotan galdetu genion gure buruari ea egiten ari ginena pena merezi zuenik, biok kamara aurrean biluzten garen moduan egitea, oso arriskutsua delako. Asiertxorentzat ez da batere erraza izan. Hain esku-zabala den lagun bat izango ez balitz, pikutara bidaliko ninduke. Nik, betidanik, pentsatzen nuen, filmak harrera txarra izanik ere, hemendik urte batzuetara egindako lana ontzat emango genukeela. Zorionez, hasieratik harrera ona izan du, pelikula ezusteko arrakasta bat izan da. Baina tamalez, Asierrek, gartzelan egonda, ezin izan du bizi guzti hau. Espero dut, bera ere pozik egotea, pena merezi duela sentitzea. Faltan botatzen dugu, asko gainera.

Nola sortzen da halako proiektu bat egiteko ideia? Oztopo asko saihestu behar izan dituzue aurrera eramateko?

Jatorrizko ideia, Amaiarena izan zen; 2010an Asier espetxetik atera aurreko hilabetetan izandakoa. Kartzelatik ateratzerakoan, Amaia Ekuadorren zegoen (bertan bizi da), eta ondorioz, kamara batekin ni bakarrik jarri nintzen martxan. Hilabete batzuk pasa ondoren, Amaia etorri eta grabatzen jarraitu genuen. Gero, ni Ekuadorrera joan, eta gidoian eta muntaian jarri ginen lanean. Urte eta erdi luzez, gu biok bakarrik aritu ginen lanean, inongo diru laguntzarik gabe. Momentu horretan, konturatu ginen ekoizle bat behar genuela, proiektu nolabait finantzatu behar genuela. CNCine, Ekuadorreko Zinemaren Kontseilu Nazionalaren, saria irabazi genuen, eta ezezko askoren ondoren, zorionez, Doxa Producciones-eko Ainhoa Andrakarekin topo egin genuen. Bere laguntzarekin, pausoz pauso, proiektua hasiz joan zen.

Ildo beretik abiatuz, ze nolako oztopoak izan zenituzten proiektua aurrera ateratzeko? Azkenean, crowfounding bitartez ere laguntza asko jaso zenuten… ze suposatu zuen, proiektua amaituta egon aurretik, halako elkartasuna sentitzea?

Oztopo handiena dirua izan da. Pelikulan lan egin dugun guztiok denbora eta diru asko eman dugu. Hala ere, momentu batera heldu ginen, non ezinbesteko azken bultzada bat behar genuen proiektua amaitzeko. Horregatik Ainhoa crowfunding-a erabiltzeko burutazio izan zuen. Martxan jarritako ekintza arrakasta handi bat izan zen, jende askok lagundu zuen proiektua aurrera eramateko. Jasotako bultzada, proiektua amaitzeko behar genituen indarrak eta gogoak eman zizkigun.

Nola bizi izan duzu ikusleen harrera ona? Eta kritikoena? Nolako barrera izan du zinema munduko kideen artean?Eta, garrantzitsuena, zure lagunena? Haientzat zuzendutako proiektu bat izanda, noski.

Bizi izandakoa ez genuen inolaz espero. Donostiako Zinemaldian estreinatzea, sarrerak atera ziren egun berean agortzea, Irizar saria irabaztea,… ez genuen halakorik espero, gure amets goxoenetan ezta. Zinemaldian izandako oihartzunaz baliatuz, banatzaile bat lortu genuen, eta ondorioz, zinema areto komertzialetan estreinatzeko aukera; aurrekontu txikia duen edozein ekoizpen batentzako zaila dena, batez ere, dokumentalentzat. Gure itxaropen guztiak gainditu ditugu, oso pozik gaude. Baina, benetan, ezustean harrapatu gaituena, prentsan izandako harrera ona izan da. Kritikak oso onak izan dira. Egia izanda, guk uste genuen Euskal Herritik kanpo gogor astinduko gintuzketela, baina ez da horrela izan. Egia esanda, komunikabide garrantzitsuetan, elkarrizketatu gaituzten bakoitzean, gatazkaren inguruan hitz egiteko eman diguten askatusuna ez da batere ohikoa. Pelikulak beharrezkoa den eztabaida bat sustatu duelakoan gaude, eta horregatik bakarrik, lan guztia merezi izan duela pentsatzen dugu. Tamalez, Euskal Herritik eta Kataluniatik kanpo, zinema areto gehienak ez dira ausartu filma ematera. Adibidez, Madrilen, areto bakar batean dago ikusgai, eta ziur gaude jendea beste areto askotara joango zela ikustera, beste hiri askotan bezala. Bitxiena da, Bartzelonan eta Madrilen, areto txikietan egonda, estreinalditik zortzi astera filma oraindik ikusgai dagoela. 25.000 ikusle baino gehiago izan ditugu. Madrilgo lagunen artean, dokumentalari egin dioten harrera bikaina izan da. Eztabaida sustatu du, eta hori zen gure helburu nagusiena.

Modu ulertezin batean, Asier, berriro, espetxeratua izan zen estreinaldiaren aurreko egunetan. Nola bizi izan zenuen? Eta nola, uste duzu, bizi izan dutela ikusleek, zuri esan dizutenaren arabera?

Estreinaldiaren aurreko astean izan zen. Guardia Zibilaren operazioan atxilotu zituztenean, aske utziko zituztelaren itxaropena genuen, fidantza bat ordainduz bazen ere. Baina epailea kontrakoa erabaki zuen. Madrilen antolatuta genuen aurrestreinaldiaren aurreko egunean, Asier eta atxilotutako beste zazpi lagunak baldintzarik gabe espetxeratu zituzten. Kartzelaratzeak oihartzun gehiago eman zion estreinaldiari komunikabideetan, aldiz, zinema areto askok beldurtu egin ziren. Amets gaizto bat bizitzen ari gara. Amorru handia sentizen dugu, ez da bidezkoa. Presoen egoera jasanezina da. Txarrena espainiako iritzi publikoaren axolagabekeria da, frustragarria da oso ezkerreko (edo ustez eskerrekoak diren) komunikabideek duten jarrera, gatazkaren konponketaren aldeko apustu argi bat ez egitea. Argi dago, berriro ere, ezin dugula euren laguntza itxaron. Amaia eta biok, komunikabideetan dugun oihartzunaz baliotuz, presoen egoeraren inguruan hitz egiten saiatzen gara, baina bi ur tanta bakarti gara axolagabekeriaz beteriko itsaso zabal baten erdian. Hala ere, aipatu beharrekoa da, salbuespenak ere badirela; gutxi batzuk, baina badirela. Gutxiengoa badira ere, Madrilen izan badira gauzak beste modu batean egin beharko liratekeela pentsatzen dutenak. Elkartasun mezu asko jaso ditugu aste hauetan.

Atzera begira, bizi duzun guztia ikusita… halako proiektu bat berriz martxan jartzeko gogoak izango zenituzke?

Asier ETA biok egiterakoan izan den moduan, ez nintzateke bakarrik egongo. Amaia eta Doxa Producciones-eko lan-talde bikainarekin edozein ideiari aurreko egiteko prest egongo nintzateke.

Azkenik, proiektu berriren bat esku artean? Etorkizunera begira, berriro zuzendari lanetan aritzeko ideiarik?

Momentuz, gure helburu bakarra filma ahalik eta leku gehienetan ikusgai egotea da. Lehenengo pausua, Ipar Euskal Herrian ikusgai egotea da. Gero, Andaluzian, Gaztelan, Galizian, etab. Ez da erraza izango, baina ez dugu etziko. Nazioartean ere zabaltzea nahi dugu: momentu honetan, Buenos Aireséra, Nantes-era, Munich-era edota Ekuador-era joango gara… bainahau hasiera da soilik. Orain, pelikula zabaltzeaz gain, ez dugu beste proiekturik buruan. Amaia eta biok idei ezberdin batzuen inguruan hitz egin dugu, baina ez dugu ezer zehaztu oraindik. Zerbait sortu delakoan gaude.

Eskerrik asko, benetan, zure denboragatik. Baina batez ere, eskerrik asko proiektu hain personal, hezitzaile eta baliodun bat gu guztiokin (ikusle guztiokin) partekatzeagatik.

Eskerrik asko zuei!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide