Iberiar penintsula osoko baso-igel jauzkariaren (Rana dalmatina) populazio ugariena Aiaraldean dago. Banaketa iberiarra Araba, Bizkaia eta Nafarroara mugatzen da. Araban, Amurrion eta Urkabustaizen ugari daude. Bizkaian, aldiz, Urduñan agertzen dira ale bakan batzuk.
2006an Aranzadi Zientzia Elkartea Aiaraldeko baso-igel jauzkariaren populazioa aztertzen hasi zen, habitat galera nabarmena baitzen putzuen kutsadura dela-eta. Urduñako aleak desagertzen zihoazela ohartuta, 2011an Aranzadi eta Urduñako udala elkartu egin ziren, igelaren populazio bizkaitar bakarra ez desagertzeko zer egin adostu asmoz.
Bilera horren emaitza dira Larrinzarreko partzelan, Urduñako igerilekuetatik gertu, egindako jarduerak. Bertan, hiru putzu eraiki ziren eta, ondorioz, lehen segalarre bat besterik ez zena gaur egun paradisu urtar batean bilakatu da.
Hiru urte dira soilik lur saila egokitu zela, eta gaur egun jada ehunka baso-igel jauzkari hurbiltzen dira bertara ugaltzera. Ez, ordea, hori bakarrik. Larrinzar beste animalia askorentzako etxe bihurtu da: uhandreak, zuhaitz igelak, mariorratz espezieak... Baita hegazti desberdinentzat ere. Adierazi dutenez, aste hauetako gauetan bertara hurbilduz gero baso-igel jauzkaria ugal garaian ikusteko aukera bikaina izango da: “Goza ezazu momentua, jende gutxik izango baitu zuk duzun aukera!”.