Gure Esku Dago dinamikarako talde berria sortu da Aiaraldean, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua eskualdeko jendartearen zabaltzeko helburuarekin.
Horretarako hainbat ekimen prestatzen ari dira. Horien artean, martxoaren 16an egingo den ekitaldia. Helburua da ekainaren 8an egingo den katerako eskualdeko 1.200 pertsona biltzea. Orain arte, herrietan ezberdinetan aurkezpen bilerak egin dituzte, eta lan-taldeak antolatu. Orozkon, esaterako, iragan astean izan zen. Laudion, aldiz, astelehenero elkartzen dira, 19:00etan, kultur etxean.
Arrankudiagak, Zollok eta Arakaldok kanpaina bateratua egingo dute. Lan taldea sortzeko gaur egingo dute bilera Arrankudiagako gizarte etxean 19:00etan.
Naziotasuna ardatz
Aurten Eskozian eta Katalunian herri galdeketak egingo dituztenez, Gure Esku Dago plataformak Euskal Herriarentzat 2014 urtea garrantzitsua ere izatea nahi du. Horrela, 2013ko ekainaren 8an Durangon aurkeztu zen ekimenak herri aktibazioa eta atxikimenduen bidez erabakitzeko eskubidea bultzatzea du helburu.
Dinamika herritarra, anitza eta parte-hartzailea izateaz aparte, tokian tokiko ekimenei aterkia eskainiko die, beti ere erabakitzeko eskubidea xedea duelarik. Horrela, “jendartean dagoen beharrari abagunea eman, eta honen zilegitasuna bultzatu nahi du dinamikak, erabakitzeko eskubidea gauzatuz.” dio mugimenduak.
“Atxikimendu pertsonalak metatu eta antolatuz, gehiengo sozial, sindikal, politiko eta instituzionalak landuko dituzte, erabakitzeko eskubidearen norabidean” gaineratu dute.
Ataunera 1.200 lagun
Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, Gure Esku Dago ekimenak milaka herritar Iruñea eta Durango arteko 123 kilometroetan , eskutik eskura elkarturik . Herritarrek izango dute protagonismo osoa; herri gisa etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko. Gauzak horrela, Aiaraldeko jendeak 3 kilometro bete beharko ditu Ataunen, eta guztira 1.200 pertsona behar dituzte. Gainera, mugimenduak herriz herri egiten ari den lana erakutsi eta lan horri bultzada emateko martxoak 29ko ekitaldi nazionalerako deialdia egin du. Aurkezpena Bilboko La Casillan izango da 17:30ean.
Giza katean parte hartzeko metroa erosteko aukera zabalik dago Internet bidez edota herrietan salgai dauden txartelen bidez.