Martxoaren 8aren harira egitarau bereziak prestatu dituzte bai eskualdeko udalek eta baita kolektibo ezberdinek ere. Guztira, 40 ekitaldi baino gehiago egongo dira.
Amurrion, esaterako, 12:00etan , bertso emanaldia eta betibizien banaketa egingo dute Juan Urrutia plazan. Arratsaldean, aldiz, berdintasunaren aldeko VII. Herri Milia egingo dute 17:00etatik 19:00etara frontoian. Iluntzean, ordea, “Lorquianas” izeneko antzezlana egongo da antzokian. Zinemak ere izango du protagonismoa; indiako “chai” tea dastatzeko aukerarekin laburmetrai foruma antolatu baitute Vicente Ferrer fundazioaren laguntzaz.
Orozkon, aldiz, kontzentrazioaz gain bi ekitaldi prestatu ditu Matxintxu emakume taldeak. Batetik, “Las chicas serias no gustan” antzezlana eskainiko dute 19:30ean Donibane Aretoan. Eta, bestetik, 19:15etatik 20:45era maskara ez sexisten tailerra egingo dute liburutegian.
Laudion martxoaren 5etik 20 arte egitarau oparoa prestatu dute. Martxoaren 5ean, zineforuma deitu du Solastiar taldeak; “Una cacion para marion” lana ardatz. Martxoaren 8an, bazkaria, dantzaldia eta zinema izango dira protagonista. Zehazki, “Marina Abramovic: the artist is present” filma proiektatuko dute Udal Lanbide Heziketa Eskolan. Martxoaren 11an, lau urtetik gorakoentzat ipuin kontaketa saio berezia egingo da liburutegian; eta 18:30ean “Macho-Maris” maskulinitateari buruzko antzezlana ikusteko aukera egongo da Udal Lanbide Heziketa Eskolan.
Urduñan, berriz, Loraldi elkarteak oleo erakusketa jarriko du ikusgai kultur etxean martxoaren 3tik 9ra. Martxoaren 4ean, 17:30ean Enaitz pirata ipuinen munduan ipuin kontalaria egongo da. Martxoaren 6an, 18:30ean “emakumezkoak eta gizonezkoak berdintasunerako bidean” jarriko dituen world-kafea egingo dute. Herri bazkaririk ere ez eda faltako; loraldi elkarteak ostiralean egingo baitu, eta Adi emakume taldeak larunbatean.
Kulturartekotasuna
Kulturartekotasunak ere islada berezia izango du aurtengo egitarauan; Etawasol elkarteak adin guztietako saharar emakumeak bilduko baititu te berezi baten inguruan gudan, kanpamenduetan eta etorriberri gisa bizi dituzten istorio eta esperientziak kontatuz. Horretarako, “te-tertulia” egingo dute martxoaren 12an erabilera anitzeko gelan, 17:00etatik aurrera.
Aurtengo Emakumearen Nazioarteko Egunak aldarrikapen bateratu bat izango du mugimendu feministarentzat: abortu eskubidearen aldarria. Eskualdean ere hitzaldi eta mahainguru ugari antolatu dira abortuaren araudia dela-eta. Emaion talde feministak bi hitzaldi emango ditu: martxoaren 7an Laudioko Gure Aukera elkartean eta 10ean Okondoko kultur etxean. Gaian gehiago sakondu nahi duenak Laudioko mahai-inguru eta eztabaidan parte hartzeko aukera izango du. Izan ere, martxoaren 13an Laudioko kultur etxean arituko dira hizlari Arantza Campos Rubio (EHUko Zuzenbide fakultateko irakasle eta Plazandreok kolektiboko kidea), Marta Dolado Galindez (Abokatu feminista eta Auzolan omduli psikosozialeko aholkulari juridkoa) eta Iñaki Markez Alonso (Zubiok psikoterapia Institutuko psikiatra).
Herrietako kontzentrazioak
Herri gehienetan, ordea, bada errepikatzen den ekitaldi bat: emakumeen aldeko kontzentrazioa. Amurrion, 12:00etan izango da, Juan Urrutia plazan.
Laudion 13:00etan elkartuko dira Lamuza enparantzan. Orozkon, ordea, arratsaldean elkartuko dira, 19:15etan, hain zuzen ere.
Urduñan egun bat lehenago egingo dute mobilizazioa; martxoaren 7an 20:00etan elkartuko baitira udaletxearen aurrean kontzentrazioa egiteko.
Arrankudiaga-Zollon parrillada eta kontzentrazioa egingo dute martxoaren 7an.
Okondon asteburuan zehar egingo dituzte ekitaldi guztiak. Elkarretaratzea, martxoaren 8an 13:30ean izango da, Meson tabernaren aurrean. Ondoren, Okondoko emakumeen bideoaren aurkezpena egingo dute. Antolakuntza lanetan Ametsuts, Ganekogorta Mendi taldea eta Okondo Begira taldeak aritu dira. Aldarrikapenez gain, aisialdirako tartea ere izango dute. Izan ere, datorren larunbatean bazkaria eta bakarrizketa saioa egingo dute Meson tabernan. Igandean, aldiz, Salmantonetik Portillo de Aro eta Urietara mendi irteera egingo dute. Irteera ordua 8:30ean izango da, eta 14:30etarako bueltan egotea espero dute.
Artziniegan, berriz, martxoaren 7an hasiko dituzte ekitaldiak. Lehenengo zita emakumeen bazkaria izango da; 15:00etan egingo dute Llatada tabernan. Ondoren, dantzaldia egingo dute. Martxoaren 8ari dagokionean adinez nagusikoen egoitzan “Las cuñadas” antzezlana eskainiko du Luna Nueva taldeak 18:00etan. Martxoaren 11an, ordea, “Antzinako Artziniegako emakumeak” dokumentala ikusteko aukera izango da 17:00etan.