[Erreportajea] Inauteriak, tradizio zaharrak eta ohitura modernoak

Txabi Alvarado Bañares 2014ko ots. 28a, 08:37

Iristear daude aurtengo inauteriak. Edo aratusteak. Izan ere, inauteriak “ekialdetik datorren esamoldea” da, Felix Mugurutza ikerlari laudioarraren arabera. Bere ustez, Aiaraldeko jatorrizko terminoa aratusteak da, haragi-hustea; garizumarekin hertsiki lotuak baitaude inauteriak. 

Iristear daude aurtengo inauteriak. Edo aratusteak. Izan ere, inauteriak “ekialdetik datorren esamoldea” da, Felix Mugurutza ikerlari laudioarraren arabera. Bere ustez, Aiaraldeko jatorrizko terminoa aratusteak da, haragi-hustea; garizumarekin hertsiki  lotuak baitaude inauteriak. 

Izan ere, garizuma bitartean ezin zen ez haragirik jan, ez alkoholik edan, ez sexu harremanik izan. “Penitentzia aroa zen”, Mugurutzaren hitzetan, “Ramadan moduko bat, azken finean”. Garizuma baino lehen bazegoen era guztietako gehiegikeriak egiteko tarte bat, eta hortik dator gaur egungo mozorro festa. 

Mozorroen kontzeptua, baina, aldatu egin da denboraren poderioz. “Lehengo mozorroak ez ziren gaur egungoak bezain landuak. Irudi grotesko bat egiteko baliatzen ziren; orain galdu egin dute lehen zeukaten xarma ”, azaldu du ikerlariak. 

 

Eskualdeko pertsonaiak

Tradizio zaharrekin batera ohitura ez hain zaharrak daudela gaineratu du: Leziagako sorginarena eta Amurrioko Kakarro Judasena kasu. “Leziagako sorgina oso ezaguna zen herri tradizioan, baina ez zeukan inauteriekin zer ikusirik”, azaldu du Mugurutzak. Sorgina erretzearen ohiturak 30 urte inguru izango dituela uste du ikerlariak. Erreketaren helburua? “Gaitzak uxatzea, buduan edo magia beltzaren kulturan bezala”.Sorginarenak eta Kakarro Judasenak “tradizio modernoak” diren arren, Aiaraldeari hertsiki lotutako tradizio zaharrago bat dagoela azpimarratu du Mugurutzak: oilar batekin etxez etxe dirua eskatzen joatearena. Eguna bukatzerakoan sakrifikatu egiten zen animalia, “oso sexuzaletzat hartzen zelako eta horregatik zigortu egin behar zelako”. 

 

Frankismoan, debekatuta

Frankismoarekin batera ospakizun horren debekua etorri zela azaldu du laudioarrak. Ondorioz eskualdeko oso herri gutxitan mantendu egin da ohitura. Arrankudiaga da herri horietako bat. Bertako umeak urtero ateratzen dira oilar baten konpainian herritik abestera. 

Galtzen joan den beste ohituretako bat sardinaren hiletarena da. Ardoa edateko aitzakia moduan jaten ziren sardina zaharrak aratusteetan, eta animaliaren hiletarekin aratusteen bukaera irudikatzen zen, ardoa edateko eta festa egiteko garaiaren bukaera. Ohitura hori “herri gehienetan” mantentzen dela uste du Mugurutzak. Baina Laudion, adibidez, galdu egin da ohitura, nahiz eta Mugurutzak duela gutxira arte mantendu egin dela oroitu duen. 

 

Ohitura modernoak

Tradizioak tradizio eta jatorriak jatorri, urteroko zita da inauteriena. Herri bakoitzak bere egitarau propioa du, berezko berezitasunekin. Laudion, adibidez, aspaldiko ohitura bat berreskuratu dute: inauteriak herritik eta herriarentzako antolatzerena. 

Garai batean Galtzagorri kultur elkartea arduratzen zen festa antolatzeaz, baina antolatzeari utzi zionean udalak enpresa pribatu bat kontratatu zuen jaiari jarraikortasuna emateko. Orduz geroztik enpresa pribatuaren esku geratu zen Laudioko inauteriak antolatzearen lana, 2011ra arte. Urte hartan eman zen aldaketa. “Halako jaiak herritarrek antolatuak izan behar zirela pentsatu genuen, eta orduan udalari jaien kudeaketa gure gain hartzea proposatu genion”, azaldu du Mikel Ayllon Jaiak Koordinakundeko kideak. 

Esan eta egin. Lau urte daramatza koordinakundeak inauteriak antolatzen, eta ugariak izan dira egitarauan egin dituen aldaketak. Festan parte hartzen duten elkarteekin komunikazio bat eman da horretarako, Ayllonen hitzetan; “gauzak nola hobetu jakiteko”. 

Aiaraldeko gainontzeko herriek ere euren egitarau propioak dituzte, urtero antzeko eskema mantentzen dutenak. 

 

Inauteriak, herriz herri

Larunbatean Kakarro Birigarro mozorro lehiaketa egiten dute Amurrion, eta Kakarro Judasen erreketa asteartean. Txokolatada eta berbenak lagunduko ditu ekitaldiak. Urduñan ere desfilea egiten da larunbatean, eta asteartean ematen zaio bukaera jaiari. 

Arrankudiagan, Mugurutzak aipatu bezala, eskolako ikasleak oilar batekin ateratzen dira “Eguen zuriko koplak” kantatzera. Ondoren, gizarte etxean afaria eta parranda egiten dute. Okondon, Orozkon, Artziniegan, Luiaondon eta Aiaran ere badago zer ospatua larunbatetik asteartera bitartean. 

Arakaldo da salbuespena. Inauteriak astebete beranduago ospatuko baitira, martxoaren 8ko larunbatean. Kun-kun batukadarekin kalejira egingo dute herritarrek, Herriko Plazatik Herriko Tabernara. Askaria izango dute bertan zain. Oso berritzailea ez dirudien arren, festarik modernoena da Arakaldokoa, iaz antolatu baitzen lehenbizikoz.

Aiaraldea.com webguneak inauterietako jarraipen berezia egingo du. Herriz herri antolatzen diren ekitaldiak argazki eta bideoan jasoko ditu. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide