Iragarri berri den Kider enpresaren likidazioari erantzuteko ekimen bateratua bideratzera doaz ESK eta LAB sindikatuak. Enpresako langileak Amurrioko plazan kontzentratzera deitu dituzte, ostiralean, 19.00etan, sindikatu bietako sekzio sindikalek.
Izan ere ESK eta LABek ez dute bat egin ELAk Kider enpresan zabaldu berri duen greba deialdiarekin eta gainerako sindikatuak, CCOO, UGT eta USO, deitu dituzte langileen erantzunaren ibilbide bateratua adoste aldera.
Hortaz, hartzekodunen testuinguruak langileen erantzun bateratua errazten ez badu ere, orain arte Kider enpresaren gatazkan sindikatuek bideratu duten mobilizaziorako dinamika bateratua jarri dute balioan ESK eta LAB sindikatuek hedabideetara helarazitako komunikatuan.
Egoera korapilatsu honetan ELAk luzatutako grebarako deia ez da, Kider enpresako ESK eta LAB sekzio sindikalen aburuz, forma eta funtsari erreparatuta erantzun lagungarriena. “Jabeek eta instituzioek erakutsitako erantzukizun eskasa ikusirik, Kider enpresaren etorkizun aukerak oso urriak dira, baina aukerarik baldin badago ezin gaitezke langileak izan ateak ixten dituztenak. ESK eta LAB sindikatuok Kider enpresaren etorkizunaren aldeko borrokarekin lotu gara eta konponbidean erakunde publikoak konprometitu behar ditugu lanpostu multzo osoa aurrera atera dezagun”, azpimarratu dute sindikatuek.