Azken hamar urteetan hamabi pertsona hil dira amianto mineralak sortutako gaixotasunen ondorioz: Aceros de Llodio, Acenor edo Sidenor fabrikako bost langile ohi; Tubos Reunidoseko hiru; Guardian Llodioko bi eta Tubacex eta Laudioko Udaleko bana. Horiek, baina, kasu ezagun edo aitortuak dira; Lan Ministerioak etengabe ezkutatzen ditu-eta datuak. AEBE Amiantoaren Euskadiko Biktimen Elkarteak adierazi duenez, “izebergaren punta bakarrik ikusten ari gara”.
Minbizia sortzen duen mineral honekin zerikusia duten kaltetuak asko dira. Horien artean daude eskualdeko Aceros de Llodio, Tubacex, Vidrala eta Villosa enpresak. Horiei, ordea, Arabako Ontzi Metalurgikoen enpresa gehitu beharko litzaioke, kasuak atera dira eta. Enpresa guzti horiek hildako langile ohien senideen eskariz epaiketak izan dituzte.
Jose Luis Navarrok eskualdeko 7-9 epaiketetan lekuko gisa deklaratu du. Hala ere, oso kasu gutxi salatzen direla dio, jendeak beldurra duelako. “Nik dakidala momentu honetan Laudion zazpi salaketa daude. Amurrion ere badira kasuak. Tutuekin lan egiten zuen bat ezagutu nuen, amiantoak hil zuena”.
Navarrok, epaiketetan amiantoa nola erabiltzen zen azaldu ohi du: “Epaiketak beharrezkoak dira biktimak konpentsatzeko”. Erabakiak, ordea, ez dituztela epaileek hartzen pentsatzen du, legegileek baizik.
Eskualdean siderurgia asko dagoenez jende asko dagoela kaltetuta argi du. Orain arteko sententziek arrazoia eman diete: “Prozedura ondo eramaten denean sententziak aldekoak izaten dira, baina asko tardatzen dute. Kaltetu asko epaiketa bukatu aurretik hiltzen dira. Azkena, duela hiru aste hil zen”.
Sintomak
Sintomen artean ohikoenak arnasteko arazoak, ito larria... dira. “Amiantoarekin harremana izan duten lekuetako langileek osasun azterketak eskatu beharko lituzkete”. Gaur egun, langileen errebisioak enpresek dituzten aseguruen bidez egiten dira.
Amiantotik eratorritako minbizia dela konprobatzeko azterketa bereziak egiten dira. Horretarako X izpiak, masen espektografiak... erabiltzen dira.
Salaketa jartzeko sindikatuen edo abokatuen bidea baliatzendute gehienek. Zehazki, enpresei amiantoarekiko kontrol eta prebentzio eza leporatzen diete. Ondorioz, legea ez betetzea.
Salaketa jartzen denetik, ordea, denbora asko pasatzen dela adierazi du Navarrok: “Lehen 4-5 urte behar zituzten. Orain, prozesua azkartu egin da, baina oso litekeena da denbora horretan kaltetua hiltzea”. Kasu horietan batzuek epaiketa uzten dute, eta beste batzuek jarraitu. Aldatu egiten dena indemnizazioaren forma edo exijentzia da, langilearen pentsioa alargunarena edo familiarena izatera pasatzen delarik”.
Mundu osoan 100.000 heriotz
Mundu osoan 100.000 heriotzek dute zerikusia amiantoarekin, lanarekin lotutako minbizia kasuen %54.
Munduko Osasunaren Erakundeak (OMS) datozen 30 urteetan 500.000 heriotza aurreikusi ditu Europan, 10.000 Euskal Herrian eta 55.000 Espainian. 2013an Hego Euskal Herrian 14 langile ohi hil ziren bizitza laboralean zehar amiantoaren fibrak arnasteagatik.
Kopurua handia bezain txikia izan liteke, mediku adituek detektatzeko zailtasunak dituztelako. Azaldu dutenez, “amiantoa osotasunean minbiziaren sortzaileetako bat da”.
AEBEk salatu du 2008tik 2013 arte -azken bost urteetan- 120 hildako utzi dituela amiantoak Hego Euskal Herrian. Gaineratu dutenez, amiantoarekin kontaktua izan edo izaten duten langileek mediku azterketa bereziak jaso beharko lituzkete.
Osalanen kalkuluen arabera, 5.600 pertsona inguru daude egoera horretan, eta horietatik %20k zuzeneko kontaktua izan du. Horretaz gain, azpimarratzekoa da amiantoarekin aritu diren langileen %25 oraindik aktiboa dela. Errealitateari begiratuta gaur egun hartzen diren neurriak ez direla aski bistan da; ezin dira amiantoaren ondorioak aurreikusi ez dagoelako osasun behaketen kontrol eraginkorrik.
Adituen arabera, amiantoa gorputzean 10-40 urte artean egon daiteke. Alabaina, langileak jubilatu edo adinean gora doazenean azaldu ohi da. Hori azterketak egiteko zailtasun erantsi bat da. Jukka Takala Laneko Segurtasun eta Osasun agentziako zuzendari oiharen esanetan, amiantoaren ondoriozko hildakoak ez dira 40 urtetan desagertuko. Antzerako hausnarketa egin zuen Silicosisaren Institutuko neumologoen buruak. Froga moduan, aurreko mendean inportatutako amianto kopuruak eragina izango duela ekarri zuen gogora. Izan ere, 80.hamarkadan amiantoaren bi miloi tona baino gehiago sartu ziren Espainiara. Jose Luis Navarroren esanetan, 80.hamarkadatik aurrera amiantoa “era kontziente eta sistematiko batean “ ezabatzen hasi ziren. Izan ere, osasunean sortzen zituen kalteekiko kontzientzia hedatu zen.
XX. mende hasieran atera ziren azalera amiantoak osasunean sortzen dituen eragin negatiboak. Harrigarria suerta litekeen arren, 40.hamarkadatik prebentzio neurriak eta babestea exijitzen da lan eremuetan. Enpresari batzuek, baina, ez dute kasurik egin. Carlos Piñeiro mediku galiziarrak Agavida elkartean ere egiten du lan. Piñeiroren aburuz, amiantoaren neurrigabeko erabilera enpresarien anbizioagatik eman da.
Itzala, eskualderaino
Jose Luis Navarroren iritziz , garapenarekiko ideiari osasuna eta arriskuak gehitu beharko litzaizkioke: “Adibide bat jarriko dut: Altzairu urtuaren fugak saihesteko amiantoaren ordez azido kromikoak erabiltzen ziren, dikromatoaren deribatuak. Dikromatoak amiantoak baino minbizi gehiago sortzen du”. Aceros de Llodio enpresan 1,5-2 urte artean erabili zutela gogoan du, arazoaz jabetu ziren arte: “Produktuek kolore gorria zutela ohartu ginen. Behin bariante batzuk ekarri zizkiguten, berdeak eta hori biziak. Esperientziagatik azido kromikotik eratorriak zirela ohartu ginen, osasunerako oso txarrak zirela. Aztertu eta analisiak ikustean erabilera baztertu genuen”.
Agapito Valleren arabera, amiantoarekin bi arazo daude: erabili den lekuen identifikazio eza eta gaixotasun profesionalaren aitortza.
Eskualdean kasu asko daudela dio. “Arazoa da epaiketetara gaixotasun laborala aitortzeko helburu soilarekin bazoaz -indemnizazioaren ordez- kasuak ez direla irekitzen. Gizarte Segurantzan orduan ezin izaten da ezer egin”. Plaka pleuralak oso ohikoak direla dio. Horregatik, sindikatuek gaixotasun profesionalaren aitortza eta beharrezko neurriak hartzea eskatzen dute.
Tubos Reunidosen, Tubacexen, Guardian Llodion... hainbat kasu aztertu dira. Horietako bi ari da eramaten Valle : “Jubilatuak dira, ezintasuna aitortu diete, plaka pleuralekin frogatu dute... baina ez zaie gaixotasun laborala aitortzen. Laudioko Udalean eraikinen mantenuarekin lotutako kasuak ere azaldu dira”.
Epaiei begira, Guardian Llodion eta Tubos Reunidosen ebazpenak langileen alde egin du: “Enpresa eta mutua arduradun egin ditu sententziak”.Amurrioko Tubos Reunidos enpresak uztailetik bere prestazioen %30eko errekargu bat egiten dio minbiziaz gaixo dagoen langile ohi bati; Gasteizko epaitegiaren aginduz. Langileak biriketako minbizia zuen, eta Osalanen aburuz, minbiziaren zergatia amiantoa da. Izan ere, kaltetuak 1977az geroztik 20 urte inguru eman zituen amiantoaren eragina modu zuzen batean jasotzen. Aurrera begira, egoera aldatzeko lanean jarraituko dutela adierazi dute bai sindikatuek eta baita langileek ere.