Abenduan merkaturatu zuten eskualdeko “ogerleko” txanpona. Arabako Merkatarien Federazioak azaldu duenez, enpresen artean %40 hazi da ostalaritza eta merkataritza sustatzeko filosofiarekin bat egiten dutenen zerrenda.
Edurne Parrok prentsaurrean azaldu duenez, ogerlekoekin erosten dutenen kluba sortu dute. Ekimenaren baitan egitasmoarekin bat egin duten saltokiek kontsumitzaileei txartela oparitu diete.
Parroren arabera, egunetik egunera jende gehiago ari da bat egiten proiektuarekin. “Kluba sortzearen ideia merkataritzaren eta zerbitzuen alde egiten dutenak saritzea da, protagonista bilakatzea”, zehaztu du. Ogerlekoaren dagokionez, txartelen bidez erabileraren %60 ari dira egiten.
Harrera ona
“Bizirik dagoen proiektua da, egunez egun saltoki berriak ari zaizkio ekimenari gehitzen, kontsumitzaileei eskaintza komertzial handiagoa eskainiz eta ogerlekoaren bidez hainbat abantaila plazaratuz”; zehaztu du. Horregatik, hainbat bizilagunek ogerlekoa eskuratzeko zer egin behar den galdetzen jarraitzen dutela dio. Ondorioz, txanponak harrera ona izan duela nabarmendu dute.
Datozen asteetan ekimen berriak abiatuko dituzte herritarrek proiektuan doan parte hartu eta eskualdearen hazkuntza lortu asmoz.
Ogerlekoaren bidez eskualdeko merkataritzako agenteak bertako produktuak eta saltokiak bultzatzea lortu nahi dute. Horregatik, bertako ekonomia sustatzeko gonbita luzatu diete udalei, enpresei, komertzioei eta herritarrei.
Momentuz, txanpona Artziniegan, Amurrion eta Laudion dago eskura.